PRESENTACION

Aurkezpena

EUDIA ikerketa-taldea euskararen bariazioa ikertzeko sortutako taldea da. Bere helburuetan euskararen aldaketa edo bariazioa ikertu, bariazio hori sortzen duten faktoreak, sozialak zein bestelakoak, zein diren zehaztu eta bariazioa ikertzeko tresnen sortze-lanak aurkitzen dira. Beraz, bariazio geolinguistiko edo diatopikoa, zein soziolinguistikoa edo diastratikoa edo bariazio diafasikoa ikertzen saiatuko da.

Hizkuntzaren hainbat alorretako bariazioa du gogoan: lexikoa, fonologikoa, morfologikoa zein sintaktikoa; perpaus mailakoa zein diskurtso mailakoa; bariazio linguistiko zein paralinguistikoa. Horretarako bakarrean zein beste ikertzaile edota ikerketa-talde batzuekin lankidetzan ikerketak bideratzeko asmoa du.  

Uste dugu euskararen alde desberdinak ikertzen dihardugunok ikertzaile guztientzat eskura egongo den corpus handi eta aberats baten beharra dugula. Sinetsirik gaude corpus dialektal handi baten gabeziak euskara dialektalari buruzko ikerketak geldotu eta urritu egiten dituela. Hori dela eta, lehen helburu handitzat hartu da EUSKARA DIALEKTALAREN AHOZKO CORPUSA (EDAK) sortzea. 

Helburu hori gogoan EUDIA taldekook hasi gara lanean egungo euskara dialektalaren ahozko corpusa sortzeko lehen urratsak emanez: horixe da EDAK proiektua, hain zuzen ere (MEC-ek onartutako HUM 2007/65094).

Baina ikerketa-proiektu honek aurrekari garrantzitsu bat dauka: "Euskararen atlas sozio-geolinguistikoa (EAS)". UPV-EHUk onartutako proiektu (UPV 05/72) honen bidez 2005-2007 bitartean 201 galderatako galdesorta bat erabiliz Hego Euskal Herriko 75 herritako datuak bildu dira, herri bakoitzean bi belaunaldi desberdinetako lekukoen datuak jasoz.  

Une honetan azentua eta intonazioa ikertzen diharduten hemengo eta kanpoko punta-puntako ikertzaileekin (Gorka Elordieta, Iñaki Gaminde, Jose Ignacio Hualde eta Elisa Fernández Rei) harremanetan gauzatzen ari da EDAK ikerketa-proiektuaren datu-bilketa eta datuen analisia. Lan hau "Euskararen azentu eta intonazioaren atlasa" lanean islatuko da.

Euskararen bariazioa izanik helburu, bariazio hori ikertzeko tresna konputerizatuak erabiltzeko erabaki sendoa eta irmoa hartua du talde honek ildo honetan sortu ditu jada CorpusLem eta Diatech tresnak. Beraz, dialektologia informatizatua edo automatizatua alorrean arituko da.

EUDIA ikerketa-taldeak ateak zabalik ditu euskararen bariazioa tresna informatizatuekin aztertzeko gogoa duen edonorentzat.

Bere ibilbidean zehar, geldiune batzuk egingo ditu, noiz edo noiz, epe finkorik ipini gabe, jardunaldiak, mintegiak, biltzarrak eta abar eratuz: teorian sakondu, datuak aztertu eta inguruan diren agenteekin harremanak sendotzeko. 

Horrela gauzatu da "EUDIA-1 jardunaldia", zeinak Hizkeren prosodia ikertzen izan duen izenburua. Jardunaldi hau ikerketa-taldeak esku artean duen EDAK ikerketa-proiektuaren haritik dator. Hain zuzen ere, proiektuaren helburuetan azentua eta intonazioari buruzko datuak biltzea eta ikertzea baitago.

EUDIA-2 jardunaldia" Hizkuntza bariazioa aztertzeko teknologia izenburupean ospatu zen nazioarteko workshopa izan da (Gasteiz 2009). "AHOIKER ikerketa-taldearekin batera Prosodiaz eta Hezkuntzaz I. Jardunaldiak (Bilbo 2011) izan zen hirugarrena. Ondareaz eta Hezkuntzaz I. Jardunaldiak (Leioa, 2012).