Hasiera

Irudia

ekopol ikerketa talde berria da, 2018an sortua, Eusko Jaurlaritzak eta EHUk aitortua (IT1365-19, a taldea). Gure taldean Parte Hartuz (2007az geroztik sendotutako taldea) ikertaldeko gizarte eta ingurumen azpitaldetik eratorritako 8 ikertzailek eta UPV/EHUko hainbat diziplina eta zentrotako ikertzailek hartzen dugu parte (Ekonomia, Ingeniaritza, Fisika, Geografia, Ingurumen Zientziak, Erizaintza Antropologia). Urteetan zehar hainbat ikerketa eta irakaskuntza proiektutan parte hartu izan dugu elkarlanean (masterrak eta doktoretzak, kongresuak, mintegiak…)

Gaur egun, 22 pertsonak osatzen dugu ikerketa talde finkatua: UPV/EHUko 15 doktore/5 doktoregaik, Basque Center for Climate Change (BC3) erakundeko bi laguntzailerekin eta Ikerbasqueko kideekin batera. Taldearen indargune nagusietako bat taldearen izaera plurala eta diziplinartekoa da.

Gure lanak gizarte eta ingurumen arazoei lotutako doktoretza proiektuak eta ikerketa eta irakaskuntza jarduera kolektiboak konbinatzen ditu. Gure helburu nagusia gizartean garrantzia eta eragina duten gaiei buruzko ekarpenak egitea da, hala nola iraunkortasun ekologikoa eta gizarte eta ingurumen krisia, klima aldaketak, herritarren parte hartzea, ingurumen justizia, ekonomia zirkularra, genero ikuspegia, etab.

Baina gure interesa gai horiek aztertzeaz haratago doa; izan ere, azterlan horiek gizartean aplikatzeko eta zabaltzeko bokazio argia dugu. Horregatik, ez dugu esparru akademikoan bakarrik jardun nahi, baizik eta, unibertsitatearen eta gizartearen artean egon behar duen harremanaz jabetuta, ekopolek dibulgazio jarduera bat garatu nahi du. Horregatik, herritarren partaidetzarako eta hainbat eragile sozial eta politikorekin (instituzionalak eta gizarte zibila) lankidetzan aritzeko prozesuak eta esperientziak bultzatzen ditu, Euskal Herrian sakontze demokratikorako eta gizarte eta ingurumen jasangarritasunerako baliagarria izan dadin.

Horretarako, ikerketa eta irakaskuntza kolektiboko jarduerak egiten ditugu, zeinen xedea gizartearentzat erabilgarria izatea den, honako jarduera hauen bidez:
    • Ikerketa zorrotza, independentea eta zeharkakoa egitea.
    • Ebidentzia zientifikoan oinarritutako erabakiak hartzea erraztea.
    • Gizartearen beharrak eta eskaerak asetzen dituzten kalitatezko zerbitzuak ematea.
    • Herritarren kontzientziazioan parte hartzea.