Errektorearen ebazpen guztiak

Erabakia, 2020ko martxoaren 16koa, UPV/EHUko errektorearena, funtsezko zerbitzuak zehazteko covid-19 birusaren agerraldia delaeta UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera guztiak etenda dauden aldirako

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, errektorearen 2020ko martxoaren 14ko erabakiaren bidez, unibertsitateko aurrez aurreko jarduera guztiak etetea xedatu zuen.

Erabaki horretako laugarren atalean aipatzen zen martxoaren 16an funtsezko zerbitzuak eta unitateak ezarriko zirela, horien funtzionamendurako pertsonalaren presentzia beharrezko dutenak, eta, beraz, unibertsitateko instalazioetan sartzeko zeinek izango duen baimena zehaztuko zela, kontuan izanik martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuko 7.c) artikulua, baimena ematen duena langunera joateko eta langunetik etxera bueltatzeko lan jarduera bete ahal izateko.

Erakundearen funtzionamendu egokirako datozen egunetan ezar daitezkeen bestelako neurriei kalterik egin gabe, UPV/EHUko Estatutuen bidez eman dizkidaten ahalmenen babesean, nik, errektoreak, honakoa

ERABAKI DUT

Lehenengoa. - Aurrez aurreko jarduera guztiak etenda dauden aldian (martxoaren 14ko Erabakiaren bidez ezarria) funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak telelanaren bidez edo urrutiko lan modalitatearen bidez beteko dituzte unibertsitateko langile guztiek, betiere hori posible den heinean, hartara zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko.  

Telelana egin ahal izateko, baimena ematen da espedienteak lekuz aldatzeko funtzionarioak arduraz zainduta espedienteok, baina ahal den heinean bitarteko digitalen bidez egitea gomendatzen da.

Espedienteak paperean edo formatu digitalean mugituz gero, diligentzia sinatu beharko da hori adierazteko eta ataleko arduradunaren oniritzia beharko da.

Bigarrena.- Aurreko puntuan zehaztutakoa gorabehera, eta kontuan izanda, batetik, osasun agintariek joan-etorriak murrizteko eman dituzten aholku orokorrak, eta, bestetik, alarma egoeraren adierazpenari jarraituz posible dela lanerako joan-etorriak egitea laneko edo enpresako jarduera eta jarduera profesionala betetzeko, UPV/EHUko langileak eraikinetara sartu ahal izango dira, unibertsitateko txartela erabilita, soilik ezinbestekoak diren lanak egiteko irakaskuntzaren, ikerketaren, gestioaren edo administrazioaren arloan, baina beti saihestu beharko da jendea pilatzea.

Hirugarrena.- Funtsezko zerbitzutzat jotzen dira etenaldiak dirauen bitartean unibertsitateko jardunari eusteko eta sostengua emateko behar diren ezinbesteko jarduerak. Horiek modu telematikoan ezin badira egin, modu presentzialean egin beharko dira. Honako hauek dira:

  • errektorearen eta errektorego taldearen lana;
  • ikastegietako zuzendaritza eta dekanotzen lana;
  • gerentziaren eta gerenteordetzen lana;
  • unibertsitateko mantentze zerbitzua;
  • instalazioen eta horniduren mantentze zerbitzuak;
  • Prebentzio Zerbitzuko osasun arloa;
  • Zerbitzu hauek: AZPkoen Zerbitzua, IRIen Zerbitzua, Nominen Zerbitzua, Gizarte Segurantza, Ikerketa Zerbitzua, Kontabilitatea, Aurrekontuak, Kontratazioa, Nazioarteko Harremanak, Lege Aholkularitza eta Barne Kontrola. Zerbitzu horietan une jakin batzuetan beharrezkoa izan daiteke langileak modu presentzialean egotea lanpostuan zeregin jakin batzuk betetzeko, adibidez nomina kudeatu, tramitatu, antolatu eta ordaintzeko, unibertsitateko langileen kotizazioak, altak eta bajak kudeatzeko Gizarte Segurantzarekin, MUFACErekin eta abarrekin, hornigaien eta funtsezkoak diren bestelakoen kontratazio administratiboa egiteko etab.;
  • Animaliategia;
  • laborategietako eta ikerketako beste instalazio kritiko batzuk mantentzeko zerbitzuak; Prozesu esperimentalen batzuetan beharrezkoa baldin bada etengabeko kontrola egitea, eta horretarako ikertzaileen presentzia ezinbestekoa baldin bada, txandak egingo dira zeregin horiek betetzeko Ikertaldeetako, ikerguneetako, institutuetako edo sailetako buruek, Ikerketaren arloko errektoreordearekin koordinazioan, zehaztuko dute zein langile joan behar diren lanera. Pertsona horiek zeregin horiek betetzeko ezinbestekoa den denboran baino ez dira egongo aipatutako lekuetan;
  • erabiltzen diren lokal eta instalazioen garbiketa;
  • lorategien garbiketa, degradatu ez daitezen;
  • lokalen eta instalazioen segurtasuna;
  • erabiltzaileentzako eta oro har publikoentzako arreta telefoniko edo telematikoa;
  • Gobernu Kontseiluaren funtzionamendurako behar den euskarri tekniko eta administratiboa;
  • Errektoreak erabakitzen dituen beste guztiak;

Zerbitzu eta unitate horietako arduradunek zehaztuko dute zein langilek egin beharko dituzten kasuan kasuko funtsezko zerbitzuak, eta gaurko, hau da, 2020ko martxoaren 16ko, 15:00ak baino lehen jakinarazi beharko dizkiote unibertsitateko Pertsonaleko Gerenteordetzari pertsona horien izenak eta kategoriak.

Zerbitzu horiek bete behar dituzten unitateetako langileak ezinbestekoa den denboran baino ez dira arituko modu presentzialean. Langileak salbuetsi ahal izango dira jardun presentzialetik egoera hauetako batean badaude: osasun agintariek COVID-19ren aurrean zehaztutako arrisku taldeetakoak badira; legezko zaintza dela eta, langileak 12 urtetik beherako pertsona bat badu bere ardurapean, ezin duena utzi beste arduradun baten zaintzapean; langileak badu zuzenean bere ardurapean, berarekin bizi delako, bigarren mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukan senideren bat, edo ezintasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duen adineko bat, ordaindutako jarduerarik egiten ez duena; langileak badu bere ardurapean, berarekin bizi delako, mendetasun egoeran dagoen pertsona bat, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen arabera aitortutako gradua duena. Prebentzio Zerbitzuaren bitartez bermatuko da langile horien segurtasuna eta osasuna babesteko gomendio eta neurri eraginkor guztiak beteko direla.

Alarma egoeran zehar beharrezko gertatzen da zenbait lanpostu aktibatzea eta telelana nahikoa ez bada, gerentziak ezarri ahal izango du haietan jardun presentziala bete beharra, betiere gerenteordetzek, administratzaileek, ikastegietako buruek, ikastegiek edo zerbitzuetako buruek behar bezala argudiatutako zerbitzu arrazoiak direla eta.

Laugarrena. - Bertan behera geratzen da lanorduen kontrola martxoaren 16tik, astelehena, alarma egoerak dirauen artean.

Bosgarrena. - Erregistro orokorra eta unibertsitateko beste erregistro bulegoak itxita egongo dira eta tramiteak Unibertsitateko Egoitza Elektronikoko Erregistro Elektronikoan egin beharko dira.

Seigarrena. - UPV/EHUko langile guztiak telefonoz lokalizatzeko moduan egon beharko dira, eta horretarako behar den informazioa emango diete beren nagusi zuzenei, beharrezkoa denean haiekin harremanetan jartzeko.

Zazpigarrena. - Erabaki hau eta berton jasotako neurriak 2020ko martxoaren 16ko 15:00etan jarriko dira indarrean eta hala jarraituko dute egoerak eskatzen duen artean.

Unibertsitateko kideei eskatzen zaie adi egoteko erakundeak posta elektronikoz, unibertsitatearen webgunearen bidez edo egoitza elektronikoaren bitartez emango duen informazioari.

Zortzigarrena. - Erabaki hau unibertsitateko webgunean argitaratuko da eta langile guztiei jakinaraziko zaie posta zerrenden bitartez.

Bederatzigarrena. - Indarrik gabe geratzen dira erabaki honekin bat ez datozen neurri edo jarraibide guztiak.

 

 

Leioa, 2020ko martxoak 16

NEKANE BALLUERKA LASA
UPV/EHUko errektorea