Ebaluazioa - EHU edonondik

EHU edonondik - ebaluazioa

Zergatik eta zertarako EHU edonondik/ebaluazioa?

COVID-19aren ondorioz ezarritako osasun alerta luzatu egin denez, eta seguruenik pertsonen artean gorde beharreko distantziei buruzko neurriak mantendu egingo direnez, UPV/EHUk erabaki du etetea irakats jarduera presentzialak 2019/20 ikasturtea bukatu arte.

Horrela zehaztu zen UPV/EHUko errektoreak 2020ko apirilaren 8an emandako erabakian, eta COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespen egoerak iraun bitartean UPV/EHUko graduko eta masterreko tituluen irakaskuntzari eta ebaluazioari buruzko jarraibideetan (2020ko apirilaren 8an onartuak Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrean, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak proposatuta).

Jarraibide horien 4. puntua garatzeko, eta Gobernu Kontseiluak onartutako akordioaren 3. atalarekin bat etorriz, honako hau aurkezten da: EHU edonondik/ebaluazioak, ikasleen ebaluazioa urruneko egoerara eta onlineko baliabideetara egokitzeko aholkuak eta prozedurak. Hau, EHU edonondik estrategian ezarritako oinarrien osagarri da, eta asmoa da ikasleen ebaluaziorako zehaztasun handiagoak ezartzea eta eraginkortasuna hobetzea, kontuan izanda ohiko irakasgaiak ez ezik, praktikak eta gradu eta master amaierako lanak ere ebaluatu behar direla.

Beraz, helburua da irakasleei laguntza ematea ahalik eta ondoren egokitzeko urrutiko ebaluaziora, bai eta sortuz doazen eta etorkizun hurbilean sor daitezkeen zalantzak argitzea ere. Horretarako, kontuan hartu ditugu Gobernuak eta unibertsitateek egindako proposamenak eta iradokizunak, ahaztu gabe, bestalde:  a) ebaluazioa urrutitik eta online egiteko dauden  tresna teknologikoak asko hobetu behar direla eta ez direla, inondik inora, konponbide ideala; b) urrutiko sistemaren bidez ezin dela egin modu presentzialeko ebaluazio bera, ez dagoela batetik bestera zuzenean pasatzerik; c) irakasgai bakoitzak bere ezaugarriak dituela, eta, beraz, kasu bakoitzerako sintesi kritikoa egin beharko dela ebaluazioa ahalik eta ondoen egokitzeko.

Beraz, EHU edonondik/ebaluazioa gidaren helburua da irakasleei ideiak, aholkuak, laguntza eta argibideak ematea, baina irakasle taldeen, sailen eta ikastegien esku dago metodologia zehaztea irakaskuntzaren ebaluazioa ahalik eta ondoen egokitzeko baldintza errealetara.

Azkenik, azpimarratu behar da Unibertsitateak etengabeko ebaluazioaren alde egiten duela, Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiak jasotzen duen bezala, eta, horregatik, egoera hauetan, sistema hori jarraitzera bideratu beharko lirateke ahaleginak, azken ebaluazioa egiteko eskubidea alde batera utzi gabe.