COLECCION-CEREBROS

Garunen bilduma

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldea buruko gaixotasuna duten gaixoen eta kontrolen postmortem garuneko laginen bilduma baten arduraduna da. Bilduma honek Ikerketa Biomedikoen Legean (2007) jasotako legezko baldintzak betetzen ditu eta Carlos III Osasun Institutuko erregistro ofizialean erregistratuta dago 35 zenbakiarekin.

Adierazitako laginak lortzea eta erabiltzea 14/2007 Legearen, 1716/2011 RD-aren (abenduaren 2ko BOE) eta EHUren eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren menpe daude. Laginak disoziazio itzulgarria egiteko baldintzetan transferitzen dira, beraz, datu pertsonalak ez dira bilketaren arduradunei jakinaraziko.

Garuneko laginen bilduma hau CIBERSAM-en kanpoko plataforma da. Bildumaren jabe den ikerkuntza taldea CIBERSAM erakundearen kidea delarik.

Bildumak gaur egun garuneko hainbat eskualdetako laginak ditu (kortex prefrontala, nukleo ildaskatua, hipokampoa eta zerebeloa) 1.400 pertsona baino gehiagori dagozkienak.

Diagnostiko psikiatrikoen arabera, bildumak, gutxi gorabehera, depresioa zuten 250 subjekturen laginak biltzen ditu, 200 eskizofrenia zeukatena, 80 nahaste bipolarra zutenak, 75 nortasun nahasteak zituztenak, 200 alkoholaren abusua zutenak, politoxikomania zuten 75 pertsona, 100 beste patologia psikiatrikoak zituztenak eta 400 kontrol.

Sartutako subjektu guztiek antemortem diagnostiko psikiatrikoa dute DSM edo ICD irizpideetan oinarrituta eta dagozkien psikiatrek egina.

Bilduman dauden lagin guztietarako autopsia egiterakoan odolean zeuden farmako eta drogen mailak eskuragarri daude, eta horietako askorentzat, garuneko droga psikotropikoen maila toxikologikoak UPV/EHUko Analisi Zerbitzu Zentralak (SGIKER) aztertutakoak. Aldi berean, lagin gehienentzat garuneko pH-a (batezbesteko 6.44±0.04) eta RIN (batezbesteko8.16±0.12) balioak ere baduade.

Laginak ikerketarako erabili beharko dira bildumaren jabe den ikerketa taldearekin lankidetza zientifikoaren testuinguruan. Laginen iturburu erakundeekin sinatutako hitzarmenek ez dute baimentzen hirugarren bati lagatzea laginak Biobankuek erabiltzen dituzten ohiko ereduen moduan.

Laginak eskuratu nahi dituzten ikerketa-taldeek Neuropsikofarmakologia taldearekin jarri behar dute harremanetan, behean azaldutako kontaktuaren bidez.

Honako hauek dira laginak transferitzeko baldintza orokorrak:

  • Proiektuaren garapena postmortem garuneko laginen erabilerari dagokion atalean talde eskatzailearekin eta EHUko Neuropsikofarmakologia taldearekin lankidetzan egin beharko da. Lege ikuspegitik, ez da Biobanku baten transferentzia, baizik eta Biobankuen esparrutik kanpo gordetako bildumetarako ezarritako legezko baldintza espezifikoak ditu.

  • Laginak garraiatzeari dagozkion gastuak ikerketa talde eskatzaileak hartuko ditu bere gain. Aipatutako garraioa UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeak une bakoitzean ezarritako baldintzen arabera egingo da. Bidalketan, bermatu behar da garraio baldintzek laginen kalitatean ez dutela eraginik eta mota honetako materialak garraiatzeko legeak ezarritako baldintzetan egiten dela.

  • Laginak adostutako proiektua burutzeko soilik erabiliko dira. Laginak ezingo dira merkataritza-helburuetarako erabili, ez eta inolako hitzarmen, kontratu edo lankidetzarik egin enpresekin edo beste erakunde batzuekin laginak lagatzeko akordioan azaltzen denaz kanpo.

  • Laginek ez dute balio komertzialik, eta ezin dira biltegiratu, hirugarren bati lagatu edo adostutako irizpidez kanpo beste erabilera batzuetarako gorde.

  • Ikerketarako Etika Batzordearen aurrean ebaluazio eskaeraren erantzukizuna laginak eskatzen dituen ikerketa taldeari dagokio eta ez horiek eskuratzeaz eta zaintzeaz arduratzen den ikerketa taldeari, bere jarduerek ikerketa proiektu zehatzez aparteko araudia baitute. Laginak erabiltzeko eskatu diren proiektua onartzen bada, Ikerketa Etika Batzordearen aldeko iritziaren kopia eskatuko dizuegu laginak bidali aurretik.

  • Laginak erabiltzearen ondorioz sortutako ikerketa-lanak argitaratzen dituzten argitalpenetan eta bestelako edozein modalitatetan, laginen jatorria, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) partaidetza; baita bilduma eskuratu, mantendu eta kudeatzea ahalbidetzen duen finantzaketa aitortu eta aipatu beharko da.

  • Badira UPV/EHUren eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) artean adostutako baldintzak lagatutako laginekin egindako ikerkuntzaren emaitzen balizko erabilpen perizialaren, jabetza intelektualeko eskubideak eta eratorritako babes industrialaren inguruan. Talde eskatzailearen eta UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldearen arteko lankidetza baldintza hauen arabera garatuko da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, bidali eskaera eta harremanetarako kontaktua