Orientaciones generales - EHU edonondik

Urrutiko ebaluazioari buruzko aholku orokorrak

Egutegia

  • Oinarrizko egutegi ofizialak indarrean jarraitzen du, eta, era berean, indarrean jarraitzen dute ikastegietako egutegiek edo masterretako titulazioetarako egutegiek. Helburua da irakats jarduna eta ikasturtearen amaiera beharrezkoa den heinean baino ez luzatzea, ikasturtea gehiegi luzatzeak ikasleei eragingo lieken kaltea saiheste aldera.

  • Aparteko kasu batzuetan, baina, luzatu ahal izango dira egutegi ofizialean zehaztutako epeak. Irakasgai esperimentalen edo klinikoen kasuan edo ezaugarriak kontuan hartuta ebaluazioa presentziala izan behar denean, eta kasu horietan baino ez, ebaluaziorako ohiko deialdia ekainaren 25era arte luzatu ahal izango da, ebaluazioa egokitzeko prozedurari jarraituz. Proba horiek egiteko, osasun agintarien aginduz pertsonen artean gorde beharreko distantziak eta gainontzeko baldintzak bete beharko dira (aforoa, gutxieneko distantzia, maskarak…). Probarako 15 egun falta direla ez badira baldintzak betetzen proba modu presentzialean egiteko, urrutitik egiteko modua jarriko da martxan; beraz, aurreikusita egon behar da urrutitik egiteko aukera.

Urrutiko ebaluazioa: zer izan behar da kontuan?

Urrutiko ebaluazioa euskarri teknologikoen bidez egindako ariketa, proba eta jarduerez dago osatua, horien bidez ikasleek ikasi dutena dokumentatu eta balioesteko.

Jatorriz modu presentzialean emateko diseinatua izan den eta modu presentzialean emandako irakasgai bat urrutitik ebaluatzeko egin behar den egokitzapenak hausnarketa eta egoeraren azterketa izan behar ditu oinarri, batez ere kontuan izanda larrialdi egoeran egin beharra dagoela.

Hasierako gogoetako egiteko hiru galdera nagusi izan behar ditugu kontuan:

  • Maiztasuna: zenbat aldiz egingo dugu ebaluazioa?
  • Gunea: zein gunetan egingo ditugu probak?
  • Denbora: Nola moldatuko dugu probak egiteko denbora?

Urrutiko ebaluazio sistemak hiru galdera horien eta erantzun posibleen konbinazioa izan beharko luke kontuan: ez dira bateraezinak diren bi ebaluazio mota, ezpada askotariko konbinazioak, ikaskuntzaren emaitzak neurtzeko aukera emango digutenak.

Edozelan ere, proba gunea eta denbora zorrotz kontrolatuta egin behar bada, arazo teknikoak izan ditzakegu eta proba oso baldintzatua egon daiteke. Horretaz jabetuta egon behar gara; izan ere, horrelako proba bat egiteko ekipo guztiek ondo funtzionatu behar dute, ez da gorabeherarik egon behar sarean, konexio guztiak bikainak izan behar dira eta hortaz gain, irakasleak nekez jakin dezake zer ari den gertatzen pantailaren beste aldean eta nekez kontrola dezake hori.

 

Maiztasuna Proba bakarra Hainbat proba
Gunea Ikasleak proba/ariketa oso ondo zaindutako gunean egingo du  (telepresentzia) Ikasleak modu autonomoan egingo du proba, berak kontrolatuta eta epe jakin batean aurkeztu behar du.
Denbora

Ikasleak irakasleak adierazitako orduan egin behar du proba, ikaskideekin aldi berean. (ebaluazio sinkronoa)

Ikasleak irakasleak adierazitako ariketa, lana edo proba egin behar du denbora jakin batean; berak bere kabuz egin behar du ataza. (ebaluazio asinkronoa)

 

Oro har, gunea (ikasle dagoen tokia) zorrotz kontrolatzen bada, denbora ere zorrotz kontrolatu behar da (ebaluazio sinkronoa).

Proba sinkrono eta asinkronoen artean, ahal den guztietan, asinkronoa gomendatzen da. Proba egiteko denbora malgua izateak aukera ematen du saihesteko Interneterako konexioaren balizko mozketa arazoak eta galera puntualak, eta Interneterako konexio iraunkorrik ez duten ikasleen parte-hartzea bermatzen du, bai eta Covid-19aren ondorioz jatorrizko herrialdera itzuli diren eta ordutegi desfasea izan dezaketen atzerriko ikasleena ere.

Azken proba sinkronoa egin behar izanez gero, ebaluazio sistema beste proba, ariketa edo lan batzuekin konbinatzea gomendatzen da, ikaskuntzaren emaitzen ebaluazioa osatzeko eta prozesuari berme handiagoa emateko.

Arazo etiko eta lege arazoak urrutiko ebaluazioan

  • Etika eta zintzotasun akademikoko balioak bultzatuko dira. Horretarako, ikasleari gogoraraziko zaio Zintzotasunez eta Portaera Etikoz Jokatzeko Konpromisoa, horren bidez adierazi baitzuen eta konpromisoa hartu baitzuen UPV/EHUn ikasten dagoen bitartean ez duela baliabide iruzurtirik erabiliko. Agiria eGelan egongo da eskuragarri.

  • Gomendagarria da irakasleak ikasleei etika akademikoaren printzipioak nabarmentzea, jakitun egon daitezen zein ondorio izan ditzakeen lana plagiatzeak, ikaskideei kopiatzeak, ikaskideei informazioa emateak ebaluazio proba egiten ari diren bitartean, azterketa beste ikasle baten nortasuna erabilita egiteak edo debekatutako materiala erabiltzeak proba egiteko.

  • Dokumentu hau aplikatuz egiten diren datu pertsonalen tratamenduek datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa errespetatuko dute. Ondorioz, ikasleen ezagutzak egiaztatzeko behar-beharrezkoak eta egokiak diren izaera pertsonaleko datuak tratatuko dira, zilegitasun-, leialtasun- eta gardentasun-printzipioen arabera, bai eta osotasun- eta konfidentzialtasun-printzipioen arabera ere.

  • Ikaslea identifikatzeko eGelan sartzeko erabiltzen den identifikazio bidea erabiliko da (erabiltzailea eta pasahitza), eta horrek ikasleak egiten dituen jarduera guztiak erregistratzeko eta jarraipena egiteko aukera ematen du.

  • Edozein ikasleri eskatu ahal izango zaio bere burua identifikatzeko, eta, beraz, edozein unetan eska dakioke kamera aktibatzea, Unibertsitateko Ikasleen Estatutuan jasotzen den bezala.

  • Ahozko proba baten kasuan, ahotsa grabatzea ikasleen eskubidea da, Ikasleen Ebaluaziorako Arautegian jasotzen denaren arabera. Horregatik, proba egin aurretik, ikasleari eskubide hori duela jakinaraztea eta balizko erreklamazioetarako erabiltzea komeni dela azpimarratzea gomendatzen da (hala ez balitz, ebidentziatzat hartuko da irakasleak erregistratuko duena, proba egiten den bitartean, aldez aurretik ikaslea identifikatuta eta ahotsa grabatzen den ala ez adierazita).

  • UPV/EHUk baztertu egin du proctoring edo aurpegi errekonozimenduko sistemak erabiltzea azterketa online egingo duen ikaslea identifikatzeko.  Oso zaila da software hori erabiltzea, lege arloko zalantzak sortzen ditu, irakasleek prestakuntza berezia beharko lukete eta ikasle askok ez dauka horretarako beharko litzatekeen baliabide teknologikorik.

Hezkuntza inklusiboa

UPV/EHUk ahultasun egoeran egon daitezkeen ikasleei arreta emateko eta ikasle horien inklusioaren aldeko bokazioa dauka eta, horrela, bada, irakasleei eta laguntza zerbitzuei eskatzen diegu egoera berezi honetan ebaluazio sistema diseinatzerakoan eta kudeatzean bereziki sentikorrak izan daitezen. Ildo horretan, erne egoteko, aholkularitza eta laguntza eskatzeko eta malgutasun irizpideekin jarduteko eskatzen diegu:

  • Aniztasun funtzionala duten ikasleentzako eta/edo bat-batean sortutako gaixotasun egoeragatik premia berezia duten ikasleentzako ebaluazio probak diseinatzean. Egokitzapenak egiteko, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak laguntza ematen du (discap@ehu.es).
  • Era berean, kontuan hartu beharko dira teknologia eta komunikazio baliabideak eskuratzeko mugak dituzten ikasleak. Unibertsitatea arrazoi ekonomikoengatik baliabide teknologikorik ez duten ikasleen egoerari konponbidea ematen saiatzen ari da (vicer.alumnado@ehu.eus), baina ikasleei irtenbide alternatiboak proposatu beharko zaizkie, hala nola posta elektronikoa, telefonoa eta abar erabiltzea.