Estrategias y herramientas - EHU edonondik

Urrutiko ebaluaziorako eskuragarri dauden estrategia eta baliabideak

Urrutiko ebaluazioa egiteko hainbat tresna edo proba erabil daitezke, helburua izanik egiaztatzea, baloratzea, balioestea eta frogatzea ikasleak ikaskuntza prozesuan emaitza batzuk lortu dituela. Edozelan ere, aukeratzen dugun tresna edo proba egokitu egin beharko da ebaluatu nahi dugun ikaskuntza motara. Hona hemen laguntza orokorra, aukerak zabalak diren arren:

Ikasleak gaiaren oinarrizko ezagutzak dituela eta ulertzen dituela egiaztatzeko:

  • Test motako proba: hainbat erantzun aukeran, egia-gezurra… (galdera sorta)
  • Galdera laburrak (ataza bat, ahozko proba BBC bidez, galdera sorta).

Ezagutza aplikatzeko eta argumentatzeko gaitasuna ebaluatzeko:

  • Problemak, kasuak edo ariketak (artxiboak bidaltzea hainbat formatutan).
  • Proba idatzia gai bat garatzeko (ataza).
  • Ahozko proba; aurretiaz egindako proba idatziaren osagarri izan daiteke.
  • Simulazioak.

Judizioa eman ahal izateko datu garrantzitsuak bildu eta interpretatzeko gaitasuna baloratzeko (barne hartuta analisi eta judizio profesional edota zientifikoa):

  • Banakako lanak edo taldean egitekoak: problemen ebazpena, proiektuen diseinua (atazak, ahozko proba BBCn edo portfolioan).
  • Monografiak egitea, saiakerak, gaiaren egungo egoera, txosten adituak datu kuantitatiboak erabilita, esku hartze proiektuak, eragin analisiak (ekonomia, gizarte, ingurugiro... arlokoak).
  • Kasu klinikoen, juridikoen… ebazpena.

Euskarri desberdinak erabilita informazioa eta ideiak osatu eta igortzeko gaitasuna ebaluatzeko:

  • Lanak aurkeztu eta defendatzea (lana artxiboen bidez bidaltzea formatu desberdinetan, ahozko proba BBCn edo portfolioan).
  • Bideoak, aurkezpen grafikoak, animazioak… egitea.

Test motako galdera sortak eta probak

  • Proba sinkronoak izaten dira, oinarrizko ezagutza ebaluatzera bideratuak, eta ikasleak bere gaitasuna soilik erabili behar du, beste baliabiderik gabe, eta denbora mugatua izaten da.

  • Garrantzitsua da kontuan hartzea probarako denbora zehaztea modu asinkronoan egiteko, horrela ikasleak aukera izan dezan proba egiteko hainbat aldiz konektatuta; horrela eginez gero, saihestu egiten dira konexio arazoak eta erraztu atzerritiko ikasleak konektatzeko aukera, batzuk, agian, beste ordu eremu batekoak izan daitezke eta. Ez ahaztu, bestalde, ikasle batzuek aparteko zailtasuna izan dezaketela proba formatu horretan egiteko.

  • Test motako probatan, ikasleak aukera izan behar du erraz bueltatzeko erantzun gabe utzi duen galderara, horrela modu presentzialean egingo litzatekeen probaren ahalik eta antzekoena izan dadin.

  • Egin da inoiz probaren bat zeinetan ikasleek berek prestatzen duten galdera sorta eta, gero, irakaslearekin aztertu eta eztabaidatu egindako lana galderak eta emaitzak zuzendu eta zehazteko. Ondoren, galdera horiek erabili izan dira proba sinkronoa egiteko. Prestakuntzarako balio handiko jarduera da.

  • Erantzun irekiko edo garatu beharreko galdera sortak oso sarri erabiltzen dira denbora sinkrono errealean egindako probetan, ikasleak denbora mugatuan egin beharrekoetan. Bada horretarako tresna bat eGelan.

  • Matematika probetan edo antzekoetan ikasleak orrian eta arkatzarekin egin dezake proba eta, gero, argazkia egin eta zehaztutako denboran eGelaren bidez bidali.

  • Edozein izanda ere proba mota, bermatu egin behar da ikasle guztiek dituztela proba egiteko behar diren baliabide teknologikoak, eta kontuan hartu beti egon daitekeela aurreikusi eta kontrolatu ezin daitekeen egoeraren bat proba arriskuan jar dezakeena.

  • Aholkuak proba osatzeko:
    • Test motako galdera sorta prestatu probarako beharko den galdera kopurua baino gehiago zehaztuta eta kategoriaka sailkatu.
    • Galderak eta aukerako erantzunak ausaz sortu.
    • Proba egiteko denbora mugatu.
    • Erantzunak arrazoitzea eskatu (galdera irekietan-saiakeretan).
    • Denbora luzeko proba bada, kontuan hartu zatika egiteko aukera, mota desberdineko probak jarrita.
    • Aukerako plan bat zehaztu proba egin bitartean konexio arazorik edo antzekorik egonez gero beste aukera batzuk izateko eskura.
  • Garrantzitsua da proba mota hau neurriz erabiltzea urrutitik egin behar denean, ez da-eta erraza egoera kontrolatzea eta bermatzea ikasle guztiek dituztela baldintza egokiak proba egiteko, batez ere taldea handia denean.

Ahozko probak

  • Ahozko probak modu sinkronoan egin daitezke, eta aukera zabala ematen dute urrutiko ebaluaziorako: bideokonferentzia bidez egin daitezke edo bideoa grabatu eta ondoren edukiari buruzko eztabaida egin. Proba hauek egiteko oso erabilgarria da eGelako BBC tresna edo antzeko beste batzuk, aukera ematen dute-eta irakasleen eta ikasleen artean zuzeneko interakzioa izateko, banaka edo taldean, eta artxiboak konpartitzeko aukera ere badute.

  • Ahozko probek aukera zabala ematen dute eta taldean egindako lanaren osagarri izan daitezke: taldean egindako lan horri buruzko galderei erantzun eta kalifikazioaren parte izan daiteke. Talde handietan erabiltzeko estrategia bat izan daiteke. Gainera, erraz egin daiteke mugikorrak erabilita.

  • Aholkuak proba osatzeko:

    • eGelako BBCn talde osorako bilerak edo taldeka banatuak zehaztu, egingo den probaren arabera.
    • Ikasleari aurkezle rola eman berak nahi duenean parte hartu dezan.
    • BBCk dituen baliabideei buruzko azalpen batzuk eman (txata, bozketa, artxiboak eta aplikazioak konpartitu), eta argi utzi probak dirauen bitartean horiek erabiltzerik dagoen edo ez.
  • Gomendagarri da, ahal bada, ahozko proba hauek grabatzea eta gordeta izatea behintzat aktak sinatu arte, grabazioak erabilgarri izan baitaitezke bai kalifikazioak berrikusteko, bai ikasleekin feedbacka egiteko. Ezin dugu ahaztu ikasleen eskubidea dela eta ondorioz aukera eman behar zaiela, espreski zehaztuz irudia ez dela grabatuko, ahotsa besterik ez

Aurkeztu beharrekoak

  • Aurkeztu beharrekoen bidez aukera dago ikaslearen ikaskuntza ebaluatzeko. Ikasleak eduki digitalean egindako lanak aurkezten ditu eta ondoren aztertu, balioetsi eta kalifikatu egiten dira, eta ikaslearekin elkarrizketa ere sor daiteke. Mota honetako jarduera egiteko oso erabilgarria da eGelako atazen baliabidea. Lan hauek, oro har, asinkronoak dira.

  • eGelako ataza aukeraren bidez hainbat proba eta lan egin eta hartu daitezke: galdera laburrak, gai bat garatzeko proba idatziak, problemak eta ariketak, proiektuak, txostenak edo lanak aurkeztea (banaka edo taldean).

  • Lan hauetarako beste aukera bat “azterketa liburuarekin” edo gai bat garatzeko azterketa da: ikasleak gai bat aztertzen du oinarri hartuta ikasitako gaia, baina kritika pertsonala izan behar da ardatza. Ikasleak kontsulta materiala erabil dezake, baina lana egiteko denbora mugatua da. Lan hori osatzeko bideoan azalpen bat graba dezake edo irakasleak elkarrizketa egin diezaioke ikasleari arrazoiak azal ditzan.

  • Ikasleak hainbat aukera ditu lan hauek aurkezteko: testu dokumentuak, kalkulu orriak, irudiak, audioak, bideoak eta abar. Ikasleek egindako bideoak (lanak aurkezteko, problemak ebazteko eta jarduerak azaltzeko) kontuan hartzeko moduko probak dira.

  • Aholkuak proba osatzeko:

    • Lana eskatzerakoan zehaztu zeintzuk diren lana egiteko eta aurkezteko baldintzak eta zein formatutan aurkeztu behar den.
    • Lana sinkronoa bada, eskatu ikasleei testua eremu batean idazteko testu editorea erabilita.
    • Ikasleei esan bidali botoia sakatu behar dutela; azpimarratu ezinbestekoa dela hori egitea.
    • Taldean egin beharreko lana denean, taldeka aurkezteko aukera jarri.
    • Zehaztu kasu bakoitzerako ikasleekin feedbacka izateko bidea eta denborak.

Lanak, proiektuak eta portfolioak

Kasu hauetan proba egiteko denbora luzea da eta ikasleek berek antolatu behar dute denbora eta autonomoak izan behar dira. Proba isolatuak izan daitezke edo bata bestearen osagarri azken lan bat osatzeko, problemetan oinarritutako ikaskuntzan, proiektuetan oinarritutakoan, kasu klinikoetan oinarritutakoan edo ikerketan oinarritutakoan egiten den bezala.

Lanak, proiektuak eta portfolioak diseinatzeko aholkuak:

  • Ikasle bakoitzarentzako gogoetarako elementuak adierazi, testuingurua ondo zehaztuta, gordailuetan dauden lanetatik kopiatzeko tentaziorik izanez gero ez dezaten erraz izan.
  • Lan horretaz gain, ahozko aurkezpena edo elkarrizketa egin daiteke ikasleak gaiaren inguruan dakiena egiaztatzeko eta gaitasun maila zehazteko.
  • Ikasleei argi azaldu eta irizpide argiak eman lan akademikoa egiteko: datu baseak nola erabili, Interneteko informazioa nola erabili, iturriak nola aipatu eta abar.
  • Plagioaren kontrako programak nola erabili azaldu, horrela ikasleek berek egiaztatu ahal izango dute egindako lanak beste batzuekin zenbaterainoko antzekotasuna daukan.

Lan horiek eGelaren bidez gestiona daitezke ataza moduan edo eGela Portfolioaren bidez.