Bilbao-Urdaibai time series

Bilbao-Urdaibai time series

TESTUINGURUA

Itsas kostaldeko sistemek zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, historian zehar giza populazioentzat oso erakargarriak izan direlarik, eta ondorioz, etengabeko presioa jasaten dutenak dira. Ekosistema horiek aldakortasun natural konplexua dute, denborari dagokionez (urtaro-zikloak eta urtez urteko eta hamarkada arteko oszilazioak) zein espazioari dagokionez (gradiente termohalinoak, marea- eta grabitazio-zirkulazioa). Era berean, tokian tokiko aldaketa antropikoek (itsasertzeko aldaketak, baliabide abiotiko eta biotikoen ustiapena, kutsadura) eta aldaketa globalek (klima-aldaketa) ere eragiten diete, beraien egitura eta funtzioa aldarazten baitituzte. Ekosistema horietan gertatzen diren aldaketak eta horien kausak ulertzeko, ezinbestekoa da behaketa sistematikorako programak ezartzea, behar bezala interpretatzeko egokiak diren eskala espazial zein denbora egokiak erabiliz. Hala, denbora-serieak tresna ahaltsua dira itsas ekosistema pelagikoetako epe luzeko aldaketak deskribatu eta interpretatzeko, baita iragarpenak egiteko ere. Beraz, kostaldeko ekosistemen kudeaketaz arduratzen diren erakunde publikoek denbora-serieetan oinarritutako ikerketak gero eta gehiago eskatzen dituzte, baliabideen, garraioaren eta aisialdiko jardueren erabilera egokia bermatzeko itsas ekosistemen kontserbazioarekin batera. Horren adierazle dira sortu berriak diren GOOS (Ozeanoak Behatzeko Sistema Globala, ingelesezko siglengatik) eta IGMETS (Itsasoko Denbora-Serie Ekologikoetarako Nazioarteko Taldea, ingelesezko siglengatik), beste ahaleginen artean, mundu osoko itsas ekosistemen monitorizazioa hobetzeko.

PROGRAMA

Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Itsasoko eta Estuarioetako Planktonaren Ekologia egungo taldeko kideek ikerketa-ildo programatiko bati ekin zioten. Horren helburua da ekosistema planktoniko neritiko eta trantsizionalen denbora-serieak lortu eta aztertzea, euskal kostaldean elkarren hurbilean dauden bi sistemetakoak, baina giza-presio eta kontserbazio-egoera desberdinak dutenak: Bilboko portu-eremua eta estuarioa eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako estuarioa, hain zuzen. Proiektuaren xedea da kostaldeko bi guneetako uraren aldagaietan eta plankton-komunitateetan gertaturiko epe laburreko eta luzeko aldaketa natural zein antropikoak monitorizatzea, eta modu honetan klima-aldaketarekin eta itsas ingurunearen kontserbazioarekin lotutako munduko zientzia-ekimenekin bat egitea ere. Datu-bilketari 1996an ekin zitzaion, baina 1998tik aurrera, hasi zen egiten modu sistematikoan, hilabetean behin urteko 12 hilabeteetan. Espazio-aldakortasunari ekiteko ikuspegi lagrangearra aukeratu zen, eta gazitasun-eremu espezifikoetan laginak hartu ziren, puntu finkoetan hartu ordez.

Irudia
Ikerketa-eremuaren kokapena. Bilboko eta Urdaibaiko estuarioen mapak, laginketaren xedea diren gazitasun-eremuen (35, 34, 33, 30 eta 26) hedadura adierazita

ANTOLAKETA

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Itsasoko eta Estuarioetako Planktonaren Ekologia taldea laginketen, laginen analisien eta datu-basearen mantentze- eta eguneratze-lanen arduraduna da. Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Farmazia Fakultateko Landare-Biologia eta Ekologia Sailekoa da taldea, eta Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroan (PiE-EHU) ere badago. Halaber, Portugaleteko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoaren (UPV/EHU) eraikinean laginketetarako ezinbestekoa den bai ontzia bai materiala daude. Talde iraunkorra UPV/EHUko 3 irakaslek (Fernando Villate, Arantza Iriarte and Ibon Uriarte) osatzen dute, eta horiei gehitzen zaizkie lankide kontratatuak eta doktoregoko, masterreko eta graduko ikasleak, doktorego-tesiak eta master edo gradu amaierako lanak egiteko prestatuak direnak programaren barruan.

FINANTZAKETA

“Bilbao-Urdaibai Time Series” programak ez du erakunde publiko edo pribatuen finantzaketa finkorik. Funtsak konkurrentzia-deialdien bidez lortzen dira, hala nola, Espainiako Gobernuenak (MINECOR, MEC), Eusko Jaurlaritzarenak (PIBA, GIC, ETORTEK), UPV/EHUrenak (GIU, UNESCO, EHU) edota Akitania-Euskadi-Nafarroa lankidetza-programenak, baita erakunde pribatuekin egindako zerbitzu-kontratuen bidez ere, unibertsitate-enpresa hitzarmenen bitartez (OTRI, EUSKOIKER).

LAGINKETAK ETA METODOLOGIA

Laginketa-programa plankton-ekosistemen ohiko ingurumen-datuak eta datu biologikoak hilean behin lortzeko sortua dago. Ur-zutabeko gazitasunaren, tenperaturaren, oxigeno disolbatuaren eta pH-aren profil bertikalak egiten dira in situ, Secchi diskoaren sakonera neurtzen da, ur-laginak botila ozeanografikoen bidez hartzen dira eta sakonera ertainean, haloklinaren azpian, 200 µm-ko sarearen bidez plankton-laginak hartzen dira, zooplanktonaren analisi kuantitatibo eta kualitatiborako. Laginketak hainbat gazitasun-eremutan egiten dira, 35tik 30ra eta 35tik eta 26ra, Bilboko eta Urdaibaiko estuarioetan, hurrenez hurren, itsaso- eta trantsizio-habitatak egoki barne hartzeko, bi sistemetako zooplankton-komunitate neritiko eta estuarioetakoei dagozkienak.

DATUAK

ERABILERA-BALDINTZAK

Bildutako datu guztien jabea programaren arduradun ikerketa-taldea da, baina interesa duen edozein ikertzailerentzat eskuragarri daude, arduradun taldeak ezarritako erabilera-baldintzetan. Doktore-tesiak eta master zein gradu amaierako lanak egiteko ere erabil daitezke, programaren ardura duen taldeko kideren baten zuzendaritzapean. 

DATU-BASEAK

Aldagai abiotiko eta biotikoen datu-base espezifikoak badaude, bereizita zein batera. Horien egitura datuen ezaugarrien araberakoa da eta bereziki, datu-basea sortu zen asmoaren araberakoa . Horiek guztiak eskuragarri daude dauden moduan erabiltzeko baina horietatikikerketa zehatz baten beharretara egokitzen diren datu-base berriak sor daitezke. Egun arte, eskuragarri dauden datuak 2020ra arteko ingurumen-aldagaiei eta 2015era arteko zooplankton-komunitateen ugaritasun eta osaketei dagozkie.

“Bilbao-Urdaibai time series” datu-baseei, eta erabiltzeko baldintzei buruzko edozein kontsulta helbide honetara bidal daiteke: fernando.villate@ehu.eus.

Irudia
A) Bilboko estuarioko gazitasun-gradientean disolbatutako oxigeno-asetasunaren (%) hilez hileko aldaketa 1998tik 2020ra. B) Bilboko estuarioko gazitasun-gradientean zooplankton-dentsitatearen (banako m-3, log x+1) hilez hileko aldaketa 1998tik 2015era. C) Urdaibaiko estuarioan tenperaturaren (ºC) hilez hileko aldaketa 1998tik 2020ra. D) Urdaibaiko estuarioan Acartia bifilosa eta A. tonsa kopepodoen abundantzia erlatiboaren (%) hilez hileko aldaketa 1998tik 2015ra.