inf_perfilinvestigador

Profila

Ingurumen- eta energia-aplikazioetarako sistema katalitiko egituratuak

Monolito, apar, feltro edo mikrokanaletako erreaktore itxurako sistema katalitiko egituratuek aukera berriak eta ernagarriak eskaintzen dizkiote erreakzio kimikoaren ingeniaritzari. Batetik, katalizatzaile egituratuek gas-korronte handiak karga-galera txikiekin eta eraginkortasun handiz tratatzea ahalbidetzen dute, eta, bestetik, mikrokanaletako erreaktoreek prozesuak areagotzeko gaitasun bikainak eskaintzen dituzte, mugikortasun handiko sistema ultrakonpaktuetan materia- eta bero-fluxu handiak ahalbidetzen baitituzte. Gas-efluente kontaminatzaileen tratamendua eta beste ingurumen-aplikazio batzuk katalizatzaile egituratuen erabileraren adibide tipikoak dira; mikrokanalen teknologia, berriz, energia-aplikazioetan garatzen ari da nagusiki, hala nola  hidrogenoaren ekoizpenean edo erregai likidoak (GTL) ekoizteko, gas naturalaren Fischer-Tropsh erreformatze eta sintesi bidezko tratamenduan. Substratu metalikoak funtsezkoak dira teknologia horiek garatzeko, aipatutako sistemak eraikitzeko eta erabiltzeko propietate bikainak baitituzte; baina alderdi kritikorik ere badute: estaldura katalitikoaren eta metalaren arteko itsaspena, alegia. Geure ikerketa-taldeak katalizatzaile-metal itsaspena ikertzea, eta estaldura hori prestatzeko zenbait erreakzio katalitikotan karakterizatzen eta probatzen diren teknikak garatzea ditu ardatz.

Polimerizazio-prozesuak

Ingurumen-arautzeak gero eta hertsiagoak direnez, lehenago disolbatzaile-oinarrian merkaturatzen ziren polimeroak ur-oinarrian merkaturatu behar dira orain. Ingurune urtsuetan egindako polimerizazioak (emultsioa, miniemultsioa, mikroemultsioa) produktu horiek lortzeko bide bat dira. Horretarako, baldintza seguruetan eta ingurumenari kalterik egin gabe ahalik eta kalitatezko polimero gehien ekoiztea bermatuko duten polimerizazio-prozesuak garatu behar dira. Taldeak prozesu horien alderdi guztiak lantzen ditu, modelatu matematikotik hasi eta hondakin-monomeroaren eta konposatu organiko lurrunkorren ezabatzera arte (postpolimerizazioaren eta deslurruntzearen bidez), merkatura daitezkeen produktuak lortzeko. Polimero/polimero edo polimero/buztin nanokonposatuak eta aplikazio bioteknologikoak dituzten polimeroak sintetizatzen diren produktuetako batzuk dira.

<

Ingurumenaren analisia

Ingurune atmosferikoa da landa-, hiri- eta industria-guneetako jarduera natural eta antropogenikoek sortzen dituzten substantzien hartzaile nagusietako bat. Taldearen ikerketa-lerroak lotura estua du honako hauekin: substantzia kontaminatzaileak igortzen dituzten guneen, haiek ingurumenean duten jokaeraren, eta denboran barrena duten bilakaeraren eta iragarpenaren zehaztapenarekin, analisiarekin eta kontrolarekin. Hiri-, industrialde- nahiz landa-eremuetako aerosolek oso konposizio-profil definituak dituzte, eta haien ikerketari esker, airearen kutsadura mota eta magnitudea karakterizatzeko oso informazio interesgarria lor daiteke.