13_jardun1

MIKEL LABOA KATEDRAREN I JARDUNALDIAK

MIKEL LABOA GERTUTIK: Lekukoen txanda

 

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea

2013ko urriaren 15 (16:30-19:30), 16 eta 17an (16:00-19:30)

 

 

Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Aldundiaren babesean, sortu berria duen Mikel Laboa Katedrak Laboak marraztu duen ibilbide estetiko berritzailea argitara emateko asmoz antolatu dira Jardunaldi hauek. Mikel Laboaren gertukoei emango zaie txanda, abiapuntu ugari erabili eta hausnarketa estetiko propioak izango dira Jardunaldien mamia.

Hiru alor jorratuko dira, Mikel Laboaren ekimen artistikoa abiapuntu gisa hartuta. Haren artearekiko konpromisoa hainbat kidek partekatu zuten, eta euskal kultura berpiztu bati estetika gaurkotu bat eskaini. Folkloreari eta euskal tradizioari buruzko begirada gaurkotu bat dago artista horien erro estetikoetan.

Bestalde, Laboak poesia-aukeraketa zaindu bat ezagutarazten du bere kantuekin batera. Garaiko hainbat poetaren hitzak eskaini dizkio publiko zabal bati, eta herrikoi bilakatu ditu, askoren memorian iltzatuz. Belaunaldien eta hizkuntzaren mugak gainditu ditu hainbat kanturekin, eta gure egungo kulturaren ezaugarri berezi bat bilakatu da.

Poemez gainera, musikaren eta ikuskizunaren kontzeptu propio bat garatzen du Mikel Laboak bere ibilbidean. Eszenatokian, musikaren eta ahotsaren adierazpenaren mugan dagoen bide berezi bat esperimentatu du. Hitzen aurreko espresioarekin du zerikusia bide horrek, sentsazio eta emozioen adierazpenarekin, ikuspuntu estetiko batekin. Esan ezin diren gauzak adierazi ditu artistak, bere ahotsaren bidez eta musikarekin batera sortzen duen espazio eszenikoan.

Ideia horren inguruan arituko dira artista eta aztertzaile batzuk ondorengo egunotan. Lekukoei eskaini diegu aurtengo saioetan txanda. Ez genuke honekin nostalgia antzu batean erori nahi; artistaren sakoneko irudia azaleratu nahi dugu, berak euskal artean izan zuen garrantzia aztertu, beltza zuriaren gainean jarriz.

 

Urriaren 15ean

 

16:30etan: Jardunaldien hasiera.

 

17:00etan: "Atxaga eta Mikel Laboa", Bernardo Atxaga (idazlea).

Viking

Mikel Laboari, omenez

 

Bere begiak distiratsuak dira, urdin urdinak

Eta hala dirudi, guk kalean ikusten diogun

Bere gorputz apur bat makurtu horren barruan,

Viking bat bizi dela gordeta, viking begi urdin bat,

Urdintasun horregatik ez balitz ikustezin litzaigukeena;

 

Viking bat ifarraldeko lur hotz eta bakartietan jaioa,

Viking bat itxasoz itxaso oihuka eta harrapaketan ibili zena,

Viking bat gerlari britainiarren aurrean ezpata astindu zuena,

Viking bat ikararik gabea, viking bat arrano baten jabe,

Viking bat izarrei begiratzen ziena kantatzen hasi aurretik.

Bernardo Atxaga

18:00etan: Atsedenaldia.

18:30etan: Anari eta Ruper Ordorika kantari.

19:30etan: Laboa Gertutik musika-instalazioa zabalduko da.

 

 

Urriaren 16an

 

16:00etan: "Mikel Laboaren Antzinako bihotz eta Liluraren kontra", Lourdes Otaegi (UPV/EHUko irakaslea).

Hitzaldian, Mikel Laboaren kantetako testu literarioez mintzatuko da. Izan ere, Mikelen ahots beti gazteaz gainera eta haren musika-egokitzapenekin batera, guztiz aipagarriak dira Laboak eginiko testuen iturrien aukeraketak idazle atzerritar eta euskaldunen artean, nahiz kultu nahiz herrikoi. Testu-hautapen fin horren lekuko gisa bizpahiru testu aipatuko dira hitzaldian zehar: "Liluraren kontra", eta "Antzinako Bihotz". (Lourdes Otegi)

16:30etan: "Hegazti errari bat pausatu da gure leihoan: Mikel Laboa agertokian", Juan Gorostidi (Lau kantari liburuaren egilea).

Hegazti errariak

pausatu dira

leihoan

argia eta itzala

bereizten diren lekuan

argia eta itzala

leihoan

pausatu dira

hegazti errariak

Joseba Sarrionandia, Laboak kantatua

 

Mikel Laboaren giza harremanetarako xalotasun eta zabaltasunak barne-mundu sinple baten uste okerrera eraman gaitzake. Bera inoiz tratatu gabe ere, eta haren obran arreta osoa ipinita, irudi maitagarri hura barne-mundu gordin eta konplexu baten babesa izan zela pentsatzera eraman nau. Estetika argi eta landu baten aldeko hautua tentsio horri bidea emateko ahaleginaren emaitza ere izan zelakoan. Eta barne-bizitzak giza harremanekin topo egin behar zuen une berezia zen taularatze bakoitza…

Hegazti errariaren iruditik abiatuz, bere garaian mugara eta mugetan ibili zen artista gisa aurkeztuko dut Laboa, xumetasuna eta anbizioa elkarrekin, estetika zehatz eta ausarta baten langilea. 60. hamarkadako giro estetiko-politikoan txertaturik eta 70.ean heldutasunera iritsi zen sortzailearen obrak belaunaldi berriei seinalatzen duenari so. Ezein patrimonializazio-joeraren aurrean, garaikidetasun osa mantentzen duen egungo sortzaileen akuilu eta itsasargi beharko lukeena.

(Juan Gorostidi)

17:00etan: Atsedenaldia.

 

17:30etan: "Lagunaren memoriak erakusten digu artistaren ibilbidearen arrastoa: kulturarekiko konpromiso profesionala eta pertsonala", Mari Sol Bastida (Mikel Laboaren bikote eta managerra), Arantza Iturbe (EITBko kazetaria).

"Mikel oso irekia zen. Oso gustukoa zuen jendearekin egotea. Lagun asko izan zituen. Lankide eta lagun onak. Ni izan naiz haren lagun berezi bat".

Hamabi urte zituen elkar ezagutu zutenean. Bost pasatu dira harekin dituen elkarrizketak bakarrizketa bihurtu direnetik. Bakarrizketa, bi ahotsetara.

Tartean, (hirurogei urtetik gorako bizitza tartean), izan da lagun berezi, andregai, emazte, ama, aholkulari, "manager amateur", bultzatzaile, babesle, miresle, maite, maitale, fan, zaintzaile, animatzaile, artxibatzaile, antolatzaile, bidaide, konplize, kritiko, entzule... Izan da. Eta da. (Mari Sol Bastida).

18:30etan: "Mikelek txoriak maite zituen: Txori urdina", Xabier Montoia hizketan eta kantari.

Mikelek txoriak maite zituen. Bera ere txori bat zelako, agian. Haien antzera, ezinbestean kantatzen zuen, berez. Horretarako sortu zen, horretarako bizi. Txori izateko. Kantatzeko eta hegan egiteko. Eta horixe egin zuen. Zer motatako txoria izan ote zen? Mota berezi batekoa, noski, beste txori batzuen itxura har zezakeen mota bakan batekoa. Hala, zozo beltza izan zen, baratza bateko zokoan lurperatuta izateko, baita kolore bereko arranoa ere, gure herriaren penak munduan barna zabaltzeko. Horiek eta beste zenbait txori gehiago ere izan zen, baina, oroz gain, xori erresiñula izan zen, bestek beno hobeki hark beitü kantatzen. Ederki kantatzen duen txori asko dugu gurean, zorionez, baina inor gutxi hura bezain ausart eta jakintsu hegan. Gure bortuen gainetik egiten zuelarik, mundu osoaren gainetik ari zen. Horregatik bereganatu zuen etxeko nahiz etxetik kanpoko ornitologoen arreta, ez baitago xori erresiñularen hizkuntza ulertu behar, haren ahairearen ederraz jabetzeko. Guztiak liluratu zituen haren ahotsak, guztiak hunkiarazi. Txorimaloen beldur ez zen txoria, hara zer izan zen Mikel haientzat. Haientzat eta guretzat ere, jakina. (Xabier Montoia).

 

Urriaren 17an

 

16:00etan: "L'homme qui s'adressait à chacun de nous. Txoria txori et l'invention sans cesse renouvelée du chant basque." [Gutako bakoitzari mintzo zen gizona. Txoria txori eta euskal kantaren asmakuntza etengabe berritua], Denis Laborde (CNRS, EHUSSko ikertzailea).

Mikel Egibarri eskaintzen diot komunikazio hau,

zorioneko egun batez

hark eraman baininduen Mikel Laboa ezagutzera

Antiaguako kafetegi batean.

Mikel Laboa bera bezalaxe, haren kantuak bakar-bereziak dira. Ni ez naiz aditua Mikel Laboaren lan artistikoen gaian, baina aspaldidanik jakin-minez nabil haren lanaren ezaugarri batek erakarrita : Mikel Laboak kantatzean bakoitzari eragiten digun sentipena, eta berak egindako kantu berri bat kantatzen duen bakoitzean kanta hori antzinako bihurtzen delako irudipena.

Nola azaldu Mikel Laboaren kanta berri bakoitza kantu tradizional bihurtzen dela berehala ?

Galdera horren haritik, haren kantu batek batik bat Iparraldean egindako bidea aztertuko dut : Txoria Txori. Kanta horren azterketa monografiko bat egingo dut, eta orobat zein testuingurutan kantatzen den ikertuko, eta hortik tradizioa zer ote den galderari erantzuten saiatuko naiz. Eta, harago, zer ote da euskal nortasuna ? (Denis Laborde)

17:00etan: Atsedenaldia.

 

17:30etan: "Arnasketa bat: Erraldoiak existitzen dira gizaki arruntak fabuletara baztertu badituzte ere"; "No te me achicopales; nire oroitzapenak", Koldobika Jauregi, Josetxo Silguero eta Iñaki Salvador, hizketan eta musika eginez.

Erraldoiak existitzen dira, gizaki arruntak fabuletara baztertu badituzte ere.

Gizaki batzuk erraldoiak bihurtzen dira, ez berek nahi izan dutelako, baizik eta beren patua izan delako. Egun batean, esnatu egiten dira eta beren inguruko zorion oneko pertsonak horrela ikusten dituzte.

Basajauna euskal gizaki mitologiko bat da, basoetan bizi den erraldoi bat, zerraren sortzailea, bera da lurra.

Laboa egun batean kalera irten zen, eta zerbait aldatu bazen ere, hasiera batean ez zen inor ohartu, baina gertaera dagoeneko martxan zegoen.

Mikelek basoaren barrenean zuen jarrita bere hanka bat, eta bestea hirian, bakeroz eta kapelaz jantzita, bertako eta urrungo gauzak kantu- kontatzeko.

Burdinazko entenga zaharrak habeetan hozkatzen diren moduan, Mikelek herriaren azala harramazkatu zuen, bere kantaren loa landatzeko, eta landaketa hori ez zen itsasokoa edota mendietakoa bakarrik, baizik eta metadenboraren garaikoa, non izan gabe gauzatzen zen.

Mikel bitartekari bat da; bere buruaz ahaztuta, urruneko gaiekin hasten da kontu-kantu-kantari. ("Mikel Laboa - arnasketa bat", Koldobika Jauregi).

 

 

El mismo acorde de re menor; a veces re menor con la sexta también menor. El mismo acorde que recuerda y me recuerda. Gure oroitzapenak ur gainean doaz…, kulunka. Exactamente el mismo arpegio irregular, imprevisible, que suena y resuena. Gure hitzak, esan berriz, esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. Si se me olvida la letra tú sigue. Bihotz, buztinezko bihotz, etxe ttiki bat zara, ahula, hauskorra, lau gelatako. En una de las cuatro habitaciones ensayamos (quizá eran tres las habitaciones, quiero olvidar que no lo recuerdo); poco espacio para la danza de "Lizardi", un mar abierto a su legado. ("No te me achicopales; nire oroitzapenak", Iñaki Salvador).

19:00etan: Beñat Axiari kantari.