Sarrera

Sarrera

Unibertsitateek, 1999ko Boloniako adierazpenaz eta 2006ko Goi Mailako Hezkuntzari buruzko Mundu Konferentziaz geroztik, beren eginkizuna birplanteatu behar izan dute ezagutzari, gizarteari, lan arloari eta beste unibertsitate batzuekiko aliantzei dagokienez, mundu aldakor, ziurgabe eta konplexu baten beharrei erantzuteko. Mundu horrek eraldaketa prozesu bat eskatzen die prestatzen ari diren pertsonei, horren beharra izango baitute ezagutzaren eta aldaketa globalizatuaren XXI. mendeko gizarte honetan bizi ahal izateko (Hargreaves, 2003).

Prozesu horrek eskatzen du curriculumean, gaitasun zientifiko-teknikoak ez ezik, zeharkako gaitasunak ere zehaztea, ikasleek eskuratu beharko baitituzte mundu globalizatu baten erronkei aurre egiteko, non teknologiak eta gaininformazioa nagusi baitira eta hainbat gizarte erronka baititugu, hala nola hazkunde ekonomikoa, ingurumen jasangarritasuna eta gizarte ekitatean oinarritutako aurrerabidea (Rekalde eta Bujan, 2014).

Katalogo honetan, gaitasunak hartzen dira egoera edo zeregin konplexu baten aurrean pertsonek egin beharreko ekintzak bezala. Ekintza horiek askotariko ikaskuntza prozesuetan lehendik eskuratutako hainbat ezagutza zientifiko-tekniko, jarrera, balio, estrategia eta esperientzia mobilizatzearen eta integratzearen emaitza dira. Gaitasun horiek garatzeko, landu egin behar dira, eta horrek esan nahi du ikasleek curriculum osoan zehar landu beharko dituztela hainbat irakasgaitan eta ikaskuntza testuingurutan. Horrela, gero eta zeregin konplexuagoak kudeatzeko gai izango dira, gaitasunaren jabekuntzan aurrerapausoak emanez.

Gaitasunetan oinarritutako ikasketa planak 2010ean jarri ziren martxan UPV/EHUn, eta urte berean, ikastegiei curriculumaren garapenean eta berrikuntzan laguntzeko hainbat ekimen bultzatu ziren. Ekimen horietatik abiatuta, eskoletan eta fakultateetan gaiari buruzko gogoeta egin, eta erabakiak hartu dira tituluetako irakasgaietan zeharkako gaitasunak adierazteko, banatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko moduaren inguruan.

Ildo berean, eta gradu nahiz graduondokoetan enplegagarritasunari lotutako zeharkako gaitasunak bultzatzen jarraitzeko asmoz, UPV/EHUk ikasle guztientzako komunak izango diren Zeharkako Gaitasunen Katalogo bat osatzea erabaki du.

Katalogo hau lankidetza prozesu baten emaitza da, non jakintza arlo guztietako graduko tituluetako koordinatzaileek, masterretako batzorde akademikoetako kideek eta doktorego programetako ordezkariek parte hartu baitute. Enplegagarritasunaren eta Praktiken Zuzendaritzak eskerrak eman nahi dizkie pertsona horiei guztiei, haien ekarpenei esker egin ahal izan delako Katalogo hau.

Lan honetarako orientazio gida izan dira ere prestakuntzan garrantzi handia duten hiru dokumentu hauek: alde batetik, Espainiako Unibertsitate Errektoreen Konferentziak (CRUE, 2011) curriculumaren jasangarritasunari buruz egindako dokumentua; bertan, pertsona parte hartzaileak eta proaktiboak hezteko unibertsitateek duten gizarte erantzukizuna azpimarratzen da, pertsona horiek erabaki arduratsuak hartzeko gai izan beharko baitute, globalizazioak planteatutako erronkez jabetzeko eta aniztasuna eta bakearen kulturaren errespetua bultzatzeko. Bestetik, UPV/EHUren 2018-2021 Plan Estrategikoa (UPV/EHU, 2018), hezkuntza eredu propio batetik (IKD) abiatuta prestakuntzan bikaintasuna bultzatzearen alde egiten duena. Plan Estrategiko horren barruan, besteak beste, zeharkako gaitasunetan oinarritutako prestakuntza sartzen da, bai eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, gutxiengoen errespetuan, balio demokratikoen sustapenean eta ikerketen portaera etikoan oinarritutako bikaintasuna ere. Eta azkenik, Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda (NBE, 2015), 17 helburu dituena eta ekonomia, gizarte eta ingurumen esparruak modu integratuan kontuan hartzen dituena, baita, besteak beste, hezkuntza, generoen arteko berdintasuna eta ingurumenaren defentsa ere.

Katalogo honek bost gaitasun eremu hartzen ditu oinarri, Asia eta Ozeano Bareko eskualdearen Goi Mailako Hezkuntzari buruzko Unescoren III. Konferentziaren txostenean jasota daudenak:

Pertsonarteko trebetasunak: beste pertsona batzuekin interakzio ona lortzeko ezagutzak eta komunikazio trebetasunak erabiltzeko gaitasunari lotuta daude. Hainbat gaitasun biltzen ditu, hala nola, komunikazioa, talde lana, lankidetza, lidergoa eta enpatia.

Pertsonabarneko trebetasunak: pertsonei, beren buruaren gaineko pertzepzio zehatz bat eraikitzeko, beren ahultasunak eta ahalmenak ezagutzeko aukera ematen dien gaitasunari lotuta daude. Ezagutza hori erabaki egokiak hartzeko eta nork bere burua erregulatzeko erabiltzen da. Hainbat gaitasun biltzen ditu, hala nola autokontrola, autonomia eta motibazioa.

Pentsamendu kritikoa eta berritzailea: askotariko egoerak ulertzeko eta horietara egokitzeko ezagutzak eta informazioa modu kritikoan baloratzeko gaitasunari lotuta dago. Hainbat gaitasun biltzen ditu, hala nola gogoeta, analisi sistematikoa, arrazoitutako erabakiak hartzea, sormena eta ekintzailetza.

Herritartasun globala: elkarri lotuta dauden prozesuek sortutako erronkei aurre egiteko gaitasunarekin erlazionatuta dago. Prozesu horiek, izan ere, ikuspegi zabal eta global baten barruan bizitzea ahalbidetuko duen prestakuntza eskatzen dute. Gaitasun ugari biltzen ditu, hala nola tolerantzia, jarrera irekia, erantzukizuna, aniztasunaren errespetua, etika, kulturarteko ikuspegia, parte hartze demokratikoa, ingurumenaren errespetua eta kidetasunaren sentimendua.

Alfabetatze mediatikoa eta informazionala: informazio digitala eta multimedia edukiak modu kritikoan eta etikoan kudeatzeko komunikazioaren eta informazioaren teknologiak erabiltzeko gaitasunari lotuta dago. Hainbat gaitasun biltzen ditu, hala nola informazioa bilatzeko, gordetzeko, eraldatzeko eta partekatzeko gaitasunak.

Eremu horietatik abiatuta, UPV/EHUko graduko eta graduondoko ikasle guztientzako desiragarriak diren zortzi zeharkako gaitasun proposatzen dira (ikus 1. irudia): Autonomia eta Autoerregulazioa; Gizarte Konpromisoa; Komunikazioa eta Eleaniztasuna; Etika eta Erantzukizun Profesionala; Informazioaren Kudeaketa eta Herritartasun Digitala; Berrikuntza eta Ekintzailetza; Pentsamendu Kritikoa; eta, Talde Lana.

Katalogoak funtzio orientagarria du. Hori dela eta, kontraste dokumentutzat hartzen da, eta ikastegi nahiz tituluetako arduradunei baliagarria izan dakieke beren zeharkako gaitasunak zehazten joateko eta gero, horiek lantzeko eta ebaluatzeko.

Gaitasun horien prestakuntza arlo guztientzat orokorrak direnez, gradu eta graduondoko bakoitzera egokitzea gomendatzen da, kontuan hartuta mailakatze bat eskatzen dutela ikasketa arloaren, irteera profesionalaren, egresatuaren profilaren eta titulu edo ikastegiaren baldintza partikularren arabera.

Irudia
1. Irudia: UPV/EHUren Zeharkako Gaitasunak (egileek egina)

Katalogoak egitura bera du dokumentu osoan. Lehendabizi, gaitasuna deskribatzen eta haren oinarriak ematen dira, irakasleek nahiz ikasleek sakon uler dezaten, eta gero, adibide gisa, gaitasunari lotutako ikaskuntza emaitzen zerrenda bat ematen da, hainbat konplexutasun eta zailtasun maila bereizita.