INFORMAZIOAREN KUDEAKETA ETA HERRITARTASUN DIGITALA

Informazioaren Kudeaketa eta Herritartasun Digitala

Gaitasun honen bidez, informazio zientifikoaren trataeraren fidagarritasuna bermatzeko informazio iturriak jarrera kritikoz eta arduraz erabiltzeko modua lantzen da. Hala, gaitasun honek alderdi hauek biltzen ditu: eduki eta baliabide analogikoen eta digitalen eskuragarritasuna, haien biltegiratze segurua, beharren araberako haien eraldaketa, eta haien erabilera partekatua, ezagutza zientifiko-teknikoaren eta jarduera profesionalaren aurrerabidean laguntzeko. Ingurune birtualen eremuaren barruan, erabilera egokirako arau jakin batzuk bete behar dira, parte hartze aktiboa bermatuko duen identitate seguru baten garapenerako. Egile eskubideen errespetua eta datuen babesa ere aintzat hartzen dira.

Irudia

Bizitzea egokitu zaigun aro digital honetan, non ezin konta ahala tresna teknologikok gure eguneroko lana markatzen baitute, gizartea etengabe aldatzen eta eraldatzen ari den izate bat bilakatu da. Informazioaren, komunikazioaren eta ezagutzaren arloetako ezegonkortasunak ziurgabetasunean oinarritutako gizarte likidoa sendotu du (Bauman, 2016). Informazioaren eta ezagutzaren produkzio jario ezegonkor horri aurre egiteko, informazioaren kudeaketa oinarrizko ardatza dugu herritar ororen prestakuntzan.

Europako Batzordeak, Ikerketa Zentro Bateratuaren Prospektiba Teknologikoko Azterlanen Institutuaren bidez, DIGCOMP proiektua jarri du martxan, eta bere baitan, Gaitasun Digitalen Europako Eremua garatu da. Bertan, informazioaren kudeaketa herritarren artean garatzea gomendatzen da. Planteamenduaren barruan, alfabetatze informazionalaren gaia jasotzen da, gaitasun digitalaren oinarrizko osagaien artean (Carretero, Vuorikari eta Punie, 2017; Ferrari, Punie eta Brecko, 2013; Vuorikari, Punie eta Carretero, 2016). Horren harira, hezkuntza erakundeei ahalegin bat egiteko gomendatzen zaie informazioaren eta ezagutzaren bilaketari, biltegiratzeari, iragazteari, eraldaketari eta partekatzeari lotutako hainbat trebetasun indartzeko. Unibertsitate ikasleek trebetasun horiek garatzeko gai izan beharko dute, teknologia digitalak segurtasunez erabiliz askotariko arloetan; hala nola lan eremuan, aisialdian, osasun arloan eta gizartean parte hartzean. Horretarako, informazio eta baliabideen askotariko beharretara egokitutako estrategia pertsonalizatuak eta aurreratuak jarri behar dituzte abian, testuinguru konplexu eta aldakorretan, kalitateko eta garrantzi zientifikoko irizpideak oinarri hartuta.

Egile eskubideek eta lizentziek ere pisu nabarmena dute, informazioaren erabilera egokian eta ezagutza berriaren produkzioan. Unibertsitate ikasleek ongi ulertu behar dute eskubide horiek beren sormen lanei eta ikasketetan eta/edo ikerketan erabilitako materialei nola aplikatzen zaizkien. Era berean, zereginak ingurune birtualetan egiten direnean, datuak eta informazio pertsonala babestu behar da, eta teknologiak arduraz eta segurtasunez erabili behar dira, identitatea eta ospe digitala babestuz eta zainduz.

Herritarren parte hartzea eta identitate digitalaren erabilera oinarrizko elementu bihurtu dira gaur egungo gizartean, eta behar-beharrezko ahalduntze faktoreak dira XXI. mendeko herritarrentzat.

INFORMAZIOAREN KUDEAKETA ETA HERRITARTASUN DIGITALA
Ikaskuntza emaitzen adibideak
IF01 Tresna eta baliabide digital edo analogiko egokiak erabiltzen ditu, informazioaren kudeaketa onena egiteko proiektuen antolakuntzan eta garapenean.
IF02 Bilaketa pertsonalizatuko estrategiak diseinatzen ditu datu base zientifikoetan eta web atari espezializatuetan, jardun profesionalaren eta ikerketaren beharrei erantzuteko.
IF03 Askotariko datu base zientifikoen eta web atari espezializatuen informazioa iragazten du, bilaketa irizpideekin eta zereginean planteatutako helburuekin bat etorrita.
IF04 Datuen babesari eta segurtasun informatikoari lotutako arriskuak eta mehatxuak identifikatzen ditu, ingurune digitaletan parte hartzen denean.
IF05 Arduraz jokatzen du hainbat ingurune digitaletan, oinarrizko portaera arauak, entzuleak eta/edo ikusleak errespetatuz.
IF06 Datuak eta informazioa eskuratzeko eta partekatzeko moduak bere identitate digitalean eta ongizate psikologikoan dituen ondorioak identifikatzen ditu.
IF07 Egoki baloratzen du hainbat ingurunetan eskuratutako informazioa, haren fidagarritasuna eta garrantzi zientifikoa oinarri hartuta.
IF08 Informazioa programa informatikoen eta tresna digitalen bidez antolatzen du, gero hura berreskuratu eta erabili ahal izateko.
IF09 Ingurune digitalak lankidetzan erabiltzen ditu, lan akademikoak eta ikerketak egiteko.
IF10 Babes eta segurtasun neurriak aplikatzen ditu ekipo informatikoetan, sareko arriskuez babesteko.
IF11 Ingurune digital batean, portaera desegokiak identifikatzen eta saihesten ditu.
IF12 Pertsonen pribatutasuna errespetatzen du, eta neurriak hartzen ditu lan akademikoetan edo ikerketetan jasotako eta ingurune digitaletan partekatutako informazio pertsonala eta datu sentikorrak babesteko.
IF13 Komunitate, foro edo sare zientifikoekin batera jarduten du, ezagutza zientifikoa sortzeko eta ingurune digitaletan dibulgatzeko.