BERRIKUNTZA ETA EKINTZAILETZA

Berrikuntza eta Ekintzailetza

Gaitasun honen bidez, askotariko beharrei erantzun egokia emateko ideia, prozedura edo jarrera bat sortzeko, eraldatzeko eta martxan jartzeko moduak lantzen dira. Zerbait berria sortzea izan daiteke, edo lehendik ezaguna den zerbait beste era batera erabiltzea. Gaitasun honetan, beharrezkoa da berria eta desberdina dena onartzea, beharrak eta hobetzeko aukerak identifikatzea, zailtasunei aurre egin eta horiek gainditzea, ziurgabetasuna kudeatzea, eta frustrazioa toleratzea, baita ekimena, lidergoa eta sormena izatea ere.

Irudia

Berrikuntza errealitate batean zerbait berria eta baliotsua sartzea da, eta norberaren eta gizartearen hazkundean laguntzen duen eraldaketa prozesu bat da (Gervilla, 2003). Sormenari esker sortutako eta ekoitzitako ideiak garatzea eta aplikatzea eskatzen du (Nájera, 2016), eta norberaren eta gizartearen beharrei emandako erantzun arrakastatsutzat hartzen da, behar horiek ekitate, jasangarritasun eta aukera berdintasun handiagoz definituta, eta, zentzu horretan, gizakien ikasteko, sortzeko eta berritzeko gaitasunak garrantzia hartzen du gizartearentzat.

Ikaskuntza testuinguruak sormen eta berrikuntza eragile gisa ikusteko modu hori hezkuntza kontzepzio jakin batzuetan kokatu behar da, hala nola ekintzailetza, garapen jasangarria, erantzukizun globala eta kulturarteko hezkuntzan oinarritutako prestakuntza (Fernández, Eizagirre, Arandia, Ruiz de Gauna eta Ezeiza, 2012).

Berrikuntza Krueger, Reilly eta Carsrud (2000) egileek definitutako pentsamendu ekintzaileari dago lotuta; hau da, aukerak mehatxuen gainetik modu intentzionalean nabarmentzen dituen pentsatzeko moduari. Pertsona ekintzaileak lorpen motibazio handia dute, eta horrek hobetzera, helburu zailei heltzera eta lorpenak beren gain hartzera bultzatzen ditu; horrez gain, aukerak hautemateko, baliabideak mobilizatzeko eta informazioa lotzeko pertsona bereziki sentikorrak dira, eta ziurgabetasun egoerak baikortasunez bizitzeko gai dira (Sánchez, Gutiérrez, Carballo, Quintana eta Caggiano, 2010).

Ezagutzaren gizarteek berrikuntza eta sormena behar dituzte. Alabaina, hezkuntza erakunde gutxik erakusten dute nola sortzen den ezagutza, arreta nagusia haren kontsumoan jartzen baitute. Gaur egungo gizartean, garrantzitsua da pertsonak horrelako gaien inguruan heztea; aukerak ikusten eta ebaluatzen erakutsi behar zaie, beren ahalmena gara dezaten eta munduan, erakundeetan eta lanbideetan modu positiboan eragiteko gai izan daitezen (Shoop, 2014, Nájerak aipatua, 2016; Scott, 2015a, 2015b).

BERRIKUNTZA ETA EKINTZAILETZA
Ikaskuntza emaitzen adibideak
BE01 Egoera batean dauden hobekuntza beharrak identifikatzen ditu, haien garrantzia baloratuz eta lehentasun ordena ezarriz.
BE02 Egoera jakin batean izandako aldaketek ekar ditzaketen abantailak eta aukerak deskribatzen ditu.
BE03 Egoera edo arazo baten aurrean, konponbide berritzaileak sormenez proposatzen ditu.
BE04 Jarrera eraikitzailea eta positiboa du, suertatzen zaizkion aldaketen eta zailtasunen aurrean.
BE05 Bere kontzepzioak, prozedurak eta/edo jarrerak aldatzen ditu, bere itxaropenak egokituz erronka berriei aurre egiteko.
BE06 Arlo profesional jakin bati lotutako berrikuntza proiektu bat diseinatzen du, planteatutako beharrei eta eskaerei erantzunez.
BE07 Gorabidean diren estrategiak eta proiektuak proposatzen ditu, eskura dauden baliabideak kudeatuz eta horien garapenaren arriskuak eta onurak baloratuz.
BE08 Behar eta hobekuntza zehatzei erantzuteko ekintzak abian jartzen ditu, lanerako plan baten arabera eta kanpo eskaera baten beharrik gabe.
BE09 Ekintza berritzaileak abiarazten ditu, ekiteko eta erabakitzeko gai dela erakutsiz.
BE10 Ideia berriak martxan jartzen ditu, arlo jakin baten berezko kontzeptuak eta prozedurak txertatuta, eta segurtasunez eta erabakimenez jokatzen du, ziurgabetasunaren aurrean.
BE11 Jakintza arlo batera transferitzen ditu beste arlo batzuetako berezko kontzeptuak eta prozedurak, behar diren aldaketak eta egokitzapenak eginez.
BE12 Beste talde edo arlo batzuetako lan prozedurak ezagutzea eta ulertzea eskatzen duten ikerketa proposamen berriei aurre egiten die.
BE13 Jarduteko aukerak ebaluatzen ditu, bere ahalmen sortzailea garatzeko eta erakunde baten aldaketan eta hobekuntzan positiboki eragiteko.
BE14 Berrikuntza ekintzak lideratzen ditu, prozesu edo produktu jakin bat hobetzen laguntzeko.