Breadcrumb

Edukia

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko ataleko Graduazio Ekitaldia

First publication date: 28/09/2021

Image

Ostiralean, irailak 24an, arratsaldeko 17:00etan, Hezkuntza Esparruko Areto Nagusian, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako 2019/2020 eta 2020/2021 ikasturteetan, Eibarren, titulatu diren ikasleen Graduazio Ekitaldia izan da.

Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea, Xabier Ostolaza, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendaria eta Patxi Alkorta, Eibarko ataleko koordinatzailea ekitaldiaren buru izan dira.

COVID-19 birusaren zabalpena eragozteko neurriak direla eta, graduatuak eta UPV/EHUko kideak bertaratu ahal izan dira bakarrik. Bertan presentzialki egotea ezinezkoa izan arren, bideo bidez jarraitu ahal izan ziren Jon Iraola, Eibarko alkatea, Juan Ángel Balbás, Debegesa Sustapen Elkartearen zuzendaria eta Cristóbal Villasante, Teknikerren Energia Berriztagarrien Saileko arduradunaren hitzak.

Aipatutako ekitaldian, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko VI. eta VII. promozioko ikasleek jaso zituzten diplomak.

Patxi Alkortak, lehen hitza hartu zuen eta hauek izan ziren bere hitzik garrantzitsuenak egresatu berriei:

"Eibarko Ataleko Zuzendaritzak adierazi genizuen, Graduazio-ekitaldi hau ospatzea nahi genuela, nahiz eta segurtasun-neurri zorrotzak hartu behar, birus honi aurre egiteko modu gisa. Ezin diogu pandemiari une berezi hauek hondatzen eta birus honi aurre egin behar zaio, ekitaldi hau ospatuz. Pertsona batzuek Internet bidez konektatuta jarraitzen gaituzte, eta beste batzuek aurrez aurre; guztioi esan behar dizuegu asko eskertzen dizuegula ekitaldi honetan parte hartzeagatik. Aurrera egiten jarraitu behar dugu, eta gainera pozik; aurrera beti!

Espero dut bizitzan eta lanean zorte on bat izan dezazuela. Apur bat zortea behar da, baina gehien behar dena gauzak egiteko ilusioa eta lanerako gogoa dira. Dena den, Ingeniaritzako Gradu hau atera baduzue, normalean ilusioa eta lanerako gogoa izaten dituzuelako da. Denbora arin pasatzen da, baina ondo aprobetxatzen baduzue, azkenean etekina ateratzen zaio. Dudarik gabe Energia Berriztagarrien aroan gaude, eta hainbat erronka agertzen ari dira. Beraz, hor dituzue aukerak. Disfrutatu ahal duzuen guztiarekin. Gaur ondo pasatzea tokatzen da!”

Xabier Ostolazak ikasleei esandakoen artean, nabarmentzeko hitzak ondorengoak izan ziren:  

“Iaz amaitu zenutenok ikusiko duzuenez, unibertsitate-gradu baten amaierak zuen bizitzako beste etapa baten abiapuntua markatzen du, eta, horregatik, pentsamendu eta sentimendu kontrajarrien unea ere bada. Orain dela urte batzuk, ni neu ere zuen egoeran nengoenean, neure buruari galdetzen nion: Nola kokatuko naiz profesionalki? Ondo egingo dut?

Aholku bat ematen uzten badidazue, ez kezkatu hainbeste, erantzun orokorra baiezkoa baita, beste promozio batzuetako lankideak hartzen dituzten enpresa eta erakundeek ziurtatzen diguten bezala. Zoazte erabakiak hartzen, erronkak onartzen, eta horrela joango zarete, urratsez urrats, zuen bizitza profesionala eta bizitza pertsonala osatzen.”

Eva Ferreirak

Lehenik eta behin, zorionak Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) izenean seigarren eta zazpigarren promozioetako ingeniari guztiei. Eskolako ikasle izan ondoren, profesional bihurtu zarete. Eta ziur nago, eskolak eman dizuen prestakuntza ezin hobea izango dela zuen betebeharrak aurrera eramateko eta, hori dela eta, gure unibertsitatea presente izango duzuela. Dagoeneko hasi da, zuentzat, luzea eta emankorra izatea espero dugun ibilbide profesionala. Zuen kasuan, hasiera profesional hori baldintza sozial, ekonomiko eta sanitario benetan konplexuen erdian gertatzen ari da, gure oraintsuko historian parekorik ez duen pandemiaren eraginpean.
Mundu globalizatuan bizi gara, gizateriak duela hamarkada gutxi arte ezagutu ez duen mundu batean. Ez dago jada uharte ezezagunik, ez urruneko herrialderik, ez hizkuntza zail edo gaindiezinik. Planeta osoa bihurtu da gurea eta denona den etxea. Mendebaldeko herrialdeak ez direnak, munduko ekonomiaren gurdi handiari tiraka hasten dira, eta munduko puntu urrun batean, edozein abiarazlek, azkenean, bete-betean eragiten du, pandemia honek erakutsi duen bezala, gure bizitza ekonomikoan eta gure esperientzia pertsonalean.

Hemendik txalo bero bat eskatu nahi nizueke, ikasketa uneetan lagundu zaituzteten senitarteko eta pertsona guztiei, konfinamenduan hain gogorrak izan diren une gogor horietan. Oraintxe bertan internet bidez jarraitzen ari zaizkigun pertsona horiei eta eskerrak emateko, gure txalo hauek eskeintzen dizkiegu.”

Aratz Errementeria, Beni Stiopu eta Sancho Lassa ikasleek adierazi zuten nolabaiteko bertigoa sentitzen dutela ikasketak amaitzean, lan-munduaren ziurgabetasunaren aurrean, eta Eibarko ikastetxean egindako egonaldia oso atsegina izan dela, hainbeste ze, esperientzia berriro errepikatu egingo luketeela. Eskertu egin zuten hezkuntza-komunitateko langile guztiek egindako lana: irakasleak, idazkaritzako langileak, atezainak, teknikariak, garbiketako langileak, jantokiko langileak, etab.

Eibarko hezkuntza-komunitatean lan egiten duten langile erretiratu berriak aipatu ziren eta emandako urte guztiengatik eskertu zitzaien: Jorge Herrera administratzailea, Juan Aldai egoitzako zuzendaria eta José Javier San Martín, Carmelo Alonso eta Julián de Marcos irakasleak.


Eibarko zentruan 25 urte betetzen dituzten langileei ere eskerrak eman zitzaien: Pello Alvarez laborategiko teknikaria, eta, Patxi Alkorta eta Esteban Jacob irakasleak.

Naiara Mantzizidor trikitilariak, eta Asier Estibariz dantzariak, biak eskolako ikasleak, ohorezko aurresku eder bat eskeini zuten.

Azkenik, Ana Picallo irakasleak ikasle graduatu berriei eskainitako euskarazko bi bertso eder kantatu zituen, aurrez gaztelaniaz errezitatu zituenak.