Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada

Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada

IDIL 2022-2032 informazio orokorra

Irudia

2019ko abenduaren 18an Nazio Batuek Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkada aldarrikatu zuten 2022-2032rako, NBEren Kontu Indigenetarako Foro Iraunkorraren gomendioari jarraituz eta 2019ko Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtean haren beharraz jabetuta. Ekimenak IDIL 2022-2032 izena hartu du  (International Decade of Indigenous Languages 2022-2032).

Hamarkada horrek marko partekatu bat eragin nahi du mundu mailan, egoera kritiko bati behar duen arreta eskaintzeko: hizkuntza indigenen galera eta une honetan dugun premiazko beharra haiek gordetzeko, biziberritzeko eta sustatzeko, nazio eta nazioarteko mailetan presazko urratsak emanez.

Hamarkadaren heburuak

Irudia

Hizkuntza Indigenen Hamarkada ospatzearekin batera, helburu hauek erdietsi nahi dira:

  • Hizkuntza indigenak babestea eta sustatzea
  • Hizkuntza indigenen hiztunen bizitzak hobetzea
  • Herri Indigenen Eskubideei buruzko NBEren Aldarrikapeneko helburuak lortzen laguntzea
  • Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburuak lortzen laguntzea
  • Nazioartean hizkuntzak sustatzeko eta babesteko adostu diren arautegi espezifiko ugariak indartzea eta sendotzea

Izan ere, mundu mailan 6.700 hizkuntza inguru hitz egiten dela kalkulatzen da, eta horietatik % 40 desagertzeko arriskuan daude. Hizkuntza horien artean gehienak indigenak izateak komunitateon kulturak eta ezagutza-sistemak kolokan jartzen ditu.

Herri indigenak politikoki eta sozialki isolatuta egon ohi dira, kokapen geografikoagatik edo haien historia, kultura, hizkuntza zein tradizioak bereizita garatu izan direlako. COVID-19 pandemiak, gainera, herri indigenen marjinazioa areagotu du, eta horrek mundu mailako hizkuntza aniztasunean eragin negatiboa eduki du. Alabaina, ingurumenaren babesean liderrak dira, eta, gainera, haien hizkuntzak ezagutza- eta komunikazio-sistema konplexuak dira. Ondorioz, nazio-baliabide estrategikotzat hartu beharko lirateke, garapen jasangarrirako, bakearen eraikuntzarako eta adiskidetzerako.

Milaka urtetan iraun duten tokian tokiko kultura, ohitura eta balio berdingabeak bultzatzeaz gain, herri indigenen hizkuntzek munduko kultura aniztasuna ehuntzen dute. Haiek gabe, mundua leku pobreagoa litzateke ezbairik gabe.

Hamarkadaren helburuak erdiesten laguntzeko, plan estrategiko bat dago argitaratuta. Hizkuntza Indigenen Hamarkadarako Munduko Jarduera Plan horrek hamarkadara begirako beharrak eta egiteko nagusiak zehazten ditu, eta haien jarraipen nahiz ebaluazioa egiteko argibideak biltzen. Planari buruzko informazio gehiago: https://es.unesco.org/idil2022-2032/globalactionplan

Iturria: https://es.idil2022-2032.org/about-2022-2032/

IDIL 2022-2032 aurkezpena

2022ko abenduaren 13an aurkeztu zen Hizkuntza Indigenen 2022-2032 Nazioarteko Hamarkada, UNESCOren Parisko egoitzan antolatutako ekitaldian. Bertara hurbildu ziren 700 lagunez gain, mundu osoko 2300 lagun inguruk jarraitu zuten ekitaldia online.

Ekitaldian parte-hartzaileek plataforma bat izan zuten bizipenak, praktika onak eta mundu mailako hizkuntza-eskubideei eta herri indigenen auziei buruzko konpromisoak elkarbanatzeko. Era berean, lur emankorra izan zen hamarkadan interesa duten alderdi guztien artean epe luzeko harremanak eta konfiantza sortu ahal izateko, tartean Herri Indigenen Erakundeek, NBEko entitate ezberdinek eta arlo pribatuko zenbait sektorek.

Ekitaldia osorik ikus daiteke webgune honetan.

Izen-emateak. Zuen taldeak edo zuk zeuk ere hamarkada sustatzeko entitate parte hartzaile moduan edo norbanako moduan izena emateko jo webgune honetara: https://idil.anmo.ovh/registration/

Informazioa. Hamarkadari buruzko informazio eguneratu guztia ekimenaren webgunean: www.idil2022-2032.org

Kontaktua: UNESCO’s International Decade of Indigenous Languages Secretariat - ​​indigenous.languages@unesco.org

 

Irudia

MHOUK-Garabidek hamarkadarako sortutako edukia

Hizkuntza Indigenen Hamarkadaren harira, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak eduki berria sortu dute. 

Alde batetik, Hizkuntza Indigenak Ama Lurra Zaintzen izeneko liburuxka, non munduko komunitate ezberdinetako ipuinak biltzen diren, bai hizkuntza indigenan bai euskaraz.

Bestalde, 2022-2023 egutegi indigena ere sortu genuen.

IDIL logotipoa

Irudia