Eduki publikatzailea

III. Kapitulua. Doktorego tesiaren garapena eta jarraipena

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

6. artikulua. Doktorego prestakuntzaren iraupena.

Doktoregoko ikasketek, arduraldi osoan, hiru urteko iraupena izango dute gehienera, doktoregaiak doktorego programako lehenengo matrikula egiten duenetik doktorego tesia gordailuan utzi arte.

Aurrekoa gorabehera, eta doktorego programaren batzorde akademiko arduradunak aurrez baimenduta, doktoregoko ikasketak arduraldi partzialean egin daitezke. Kasu horietan, ikasketok bost urte iraun ahal izango dute gehienera, doktoregaiak doktorego programako lehenengo matrikula egiten duenetik doktorego tesia gordailuan utzi arte.

Aipatutako hiru urteko epea behin igarota tesia gordailuan uzteko eskaera aurkeztu ezean, doktorego programaren batzorde akademikoak urtebete luzatzeko baimena eman dezake, eta, salbuespen gisa, beste urtebete gehiago luzatzeko baimena eman dezake, kasuan kasuko doktorego programan zehaztu diren baldintzetan. Arduraldi partzialeko ikasketetan, epea bi urte gehiago luza dezake eta, hori ere, salbuespen gisa, urtebete gehiago luza daiteke.

Aurreko epea neurtzeari begira, ez dira kontuan hartuko gaixotasun edo haurdunaldiagatiko bajak, ez eta amatasun edo aitatasun lizentziak edo antzeko beste batzuk ere. Baja horiek Doktorego Eskolak gestionatuko ditu.

Era berean, doktoregaiak aldi baterako baja eska dezake doktorego programan, urtebetez gehienez, eta baja hori urtebete gehiago luza daiteke. Eskaera justifikatua doktorego programaren batzorde akademiko arduradunari zuzenduko zaio, eta hark doktoregaiak eskatutakoaz erabaki behako du.

7. artikulua. Doktorego tesia.

Doktorego ikasketak doktorego tesia aurkeztean bukatuko dira.

Doktorego tesia ikerlan orijinal bat izango da, hautagaiak edozein jakintza arlotan metodo zientifikoa erabiliz egindakoa.

Doktorego tesiak doktoregaia gaitu behar du I+G+Bren arloko lan autonomorako. Hauek dira, erreferentzia gisa, doktorego tesia egituratuko dutenak: laburpena, sarrera edo aurrekariak, helburuak, hipotesiak, metodologia, emaitzak, eztabaida, ondorioak eta bibliografia.

Tesia bere jakintza arloan komunikazio zientifikorako erabili ohi diren hizkuntzetan egin daiteke. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetakoren batean egiten ez bada, laburpen bat aurkeztu beharko da, bost orrialdekoa gutxienez, bi hizkuntza horietako batean.

Tesiaren azalean honakoak ageri beharko dira:

  1. UPV/EHUren ikurra
  2. Doktorego tesiaren izenburua
  3. Egilearen izen-abizenak
  4. Urtea

Azalean jar daitezke, UPV/EHUren ikurrarekin batera, Doktorego Eskolaren ikurra, tesi zuzendarien izen-abizenak eta, tutorekidetzan egindako tesien kasuan, beste unibertsitatearen ikurra. Beste kasu batzuetan, UPV/EHUkoak ez diren erakunde eta enpresen ikurrak kontrazalean edo barruko aldean jarri ahal izango dira, baina ez azalean. Baldintza horiek bete ezean, ezin izango da tesia aurkeztu.

8. artikulua. Doktorego tesiaren tutorea eta zuzendaria.

Behin doktoregaia doktorego programan onartuta, batzorde akademikoak tutorea esleituko dio. Tutorea doktorego programan parte hartzen duen UPV/EHUko irakasle bat izan behar da, doktorea eta ikerketan esperientzia egiaztatua duena. Pertsona horrek zaindu beharko du doktoregaiaren eta doktorego programako batzorde akademikoaren arteko hartu-emana, eta bere ardura izango da, era berean, prestakuntza eta ikerlana bat datozela doktorego programako eta Doktorego Eskolako printzipioekin.

Doktoregaia esleitutako tutorearen sailari atxikita geratuko da behin-behinekoz, harik eta tesiaren zuzendaria izendatu arte.

Batzorde akademikoak, doktoregaia entzun ondoren, tutorearen izendapena alda dezake, doktoregoko ikasketen edozein unetan, baldin eta horretarako nahikoa arrazoi badago.

Matrikulatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, doktorego programako batzorde akademikoak tesi zuzendari bat esleituko dio doktoregai bakoitzari; tutorea bera izan daiteke, edo ez. Zuzendaria doktorego programako edozein irakasle izan ahalko da. Doktoregaia doktorego programako ikerketa ildoetako bati eta doktorego tesiaren zuzendariaren sailari atxikiko zaie; halakorik ezean, doktorego programan parte hartzen duten sailetako bati, betiere, sail horren oniritzia baldin badu. Tesiaren zuzendariaren ardura izango dira honakoa gaiak, eta, izan ere, bere izango da arduradun nagusia: doktoregaiaren prestakuntza eta ikerketa lanak zuzentzea, jarduera horien koherentzia eta egokitasuna, doktorego tesiko gaiak arloan izango duen inpaktuan eta berritasuna, plangintza eta, behar izanez gero, doktoregaiak izena ematen duen beste proiektu eta jardueretara egokitzea. Zuzendaria UPV/EHUkoa ez bada, tutoreak egingo du unibertsitatearekiko lotura lana.

Tesia beste doktore batzuekin batera ere zuzendu daiteke, baldin eta horretarako arrazoi akademikorik badago, esaterako, gaiak hainbat diziplina hartu edo doktorego programak nazioko edo nazioarteko beste unibertsitate batzuekin edo I+G+Bren arloko erakundeekin elkarlanean egin delako. Tesia zuzendarikidetzan egiteko, batzorde akademikoaren baimena behar da. Baimen hori bertan behera gera daiteke, baldin eta batzorde akademikoaren iritziz zuzendarikidetzak tesiaren garapenari onik egiten ez badio. Ez da inoiz ere onartuko bi zuzendari baino gehiago izendatzea doktorego tesi bera zuzentzeko.

99/2011 Errege Dekretuak araututako doktorego programetako irakasleez gain, doktorego tesien zuzendari edo zuzendarikide izan ahalko dira doktorego programakoak eta/edo UPV/EHUkoak ez diren zentro edo erakundeetako doktoreak, kasuan kasuko doktorego programek ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Zuzendarikidetzan egindako tesien kasuan, doktorego programaren batzorde akademikoak erabakiko du irakasle horiek tesia zuzentzen ari diren artean programan sartuko diren ala ez. Doktorego programan sartzen ez badira, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak onartu beharko du doktorego tesia zuzendarikidetzan egitea. Irakaslea zuzendari bakarra bada, doktorego programan sartu beharko da doktorego tesia zuzentzen ari den bitartean.

Irakasle erretiratuek, emerituek eta ohorezko lankideek doktorego tesiak zuzentzen jarraitu eta/edo hasi ahal izango dute, baina, betiere, doktorego programako kideren batekin batera.

Doktorego programaren batzorde akademikoak, doktoregaia eta doktorego tesiaren zuzendaria entzun ondoren, doktorego tesiaren zuzendariaren izendapena alda dezake doktorego programaren edozein unetan, baldin eta horretarako nahikoa arrazoi badago.

9. artikulua. Jardueren dokumentu pertsonalizatua.

Doktorego programan matrikulatu ondoren, doktoregai bakoitzarentzat jardueren dokumentu pertsonalizatua egingo da, ikasleen banan banako kontrolerako erregistrotzat erabiliko dena. Bertan jasoko dira doktoregoko ikasketak garatzeko interesgarriak diren jarduera guztiak, doktorego programaren batzorde akademikoak araututakoaren arabera. Prestakuntzarako jarduerek ez dute nahitaez ECTS kredituetan egituratuta egon beharko eta doktorego programa bakoitzaren eremuko zeharkako prestakuntza zein espezifikoa bildu ahal izango dituzte. Dena dela, doktoregaiaren jarduera funtsezkoena ikerlana izango da.

Jardueren dokumentu pertsonalizatua aldizka ikuskatuko dute tesiaren tutoreak eta zuzendariak, eta urtero ebaluatuko du doktorego programaren batzorde akademiko arduradunak. Ebaluazio positiboa ezinbestekoa izango da doktorego programan jarraitzeko.

10. artikulua. Konpromiso dokumentua.

Konpromiso dokumentuan bilduko dira doktorego tesiaren nondik norako akademiko eta administratiboak, bai eta etika akademikoaren, ikerketako etikaren eta berdintasun politiken inguruan unibertsitateak dauzkan protokoloetatik eratorritako xehetasunak ere. Doktoregaiak, tutoreak, zuzendariak eta doktorego programaren koordinatzaileak sinatuko dute, eta GAUR aplikaziora igoko da. Lehenbailehen izenpetuko da, doktoregaia programan onartu eta sei hilabete igaro baino lehen. Bertan jasoko dira gorabeherak ebazteko prozedura bat eta konfidentzialtasunari buruzko alderdiak, baita doktorego tesia egin ahala sor daitezkeen jabetza intelektual edo industrialeko eskubideekin lotutako alderdiak ere.

11. artikulua. Ikerketa plana.

Matrikularen lehenengo urtea amaitu baino lehen, doktoregaiak ikerketa plan bat prestatuko du, eta plan horrek honako hauek bildu beharko ditu, gutxienez: erabili beharreko metodologia eta lortu nahi diren helburuak, horiek lortzeko baliabideak eta denbora plangintza. Plan hori hobetu eta zehaztu egin daiteke doktorego tesia egin ahala eta tutoreak eta zuzendariak babestu beharko dute. Aipatutako plana GAUR aplikaziora igo beharko da doktoregaiaren espedientean erregistratzeko.

12. artikulua. Ebaluatzea eta jarraitzea.

Urtero, doktorego programaren batzorde akademikoak ebaluatuko ditu ikerketa plana eta jardueren dokumentu pertsonalizatua, baita horretarako tutoreak eta zuzendariak egin beharko dituzten txostenak ere.

Ebaluazio aldian bajan egon diren doktoregaiei egoera hori kontuan hartuta egingo zaie ebaluazioa. Doktorego programako batzorde akademikoak erabakia har dezake ebaluaziorik ez egiteko 6 hilabete baino luzaroago bajan egon diren doktoregaiei. 

Ebaluazio positiboa ezinbestekoa izango da doktorego programan jarraitzeko. Ebaluazio negatiboa emanez gero, behar bezala arrazoitu beharko da eta doktoregaia sei hilabete baino lehenago ebaluatu beharko da berriro; horretarako beste jarduera dokumentu bat prestatu beharko du. Berriro ebaluazio negatiboa emanez gero, doktoregaia doktorego programatik kanpo geldituko da behin betiko. Doktoregaiak ebaluazio negatiboaren kontrako erreklamazioa jarri ahal izango du Doktoregoko Eskolan jakinarazpena hartu eta 15 eguneko epean, eta, erreklamazioa ezetsi egiten badiote, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio errektoreari hilabeteko epean.