Eduki publikatzailea

VII. Kapitulua. Doktorego tesiak tutorekidetzan

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

Tutorekidetzaren helburua da tutorekidetzan parte hartzen duten bi unibertsitateetako doktore titulua baldintza berberetan eskuratzea, eta bi unibertsitateetako ikertaldeen arteko lankidetza zientifikoa sendotzea. Tutorekidetza unibertsitate bakar batekin baino ezingo da ezarri kasuan-kasuan, eta hitzarmen zehatz bat sinatuko da horretarako. Dena dela, hori ez da eragozpen izango UPV/EHUren eta atzerriko beste unibertsitate batzuen artean esparru hitzarmenak egiteko, gerora horietan parte hartzen duten unibertsitateen arteko tutorekidetza hitzarmenak ezartzeari begira.

27. artikulua. Doktorego tesia tutorekidetzan egiteko eskaera.

Bi motatako ikasleek egin ahal izango dute doktorego tesia tutorekidetzan UPV/EHUn eta atzerriko beste unibertsitate batean: 1) UPV/EHUko doktorego programa batean matrikulatuta egonik atzerriko unibertsitate bateko doktorego programa batean bigarren matrikula egingo duten ikasleek; 2) atzerriko unibertsitate bateko doktorego programa batean matrikulatuta egonik UPV/EHUko doktorego programa batean bigarren matrikula egingo duten ikasleek.

Tesia tutorekidetzan egiteko, bai UPV/EHUn matrikulatutako doktoregaiek eta bai atzerriko unibertsitatean matrikulatutakoek eskaria egin behar diote UPV/EHUko doktoregoko programako batzorde akademikoari. Eskaria UPV/EHUko zuzendariak eta atzerriko unibertsitateko zuzendariak sinatu behar dute. Doktorego programako batzorde akademikoak onespena eman eta Doktorego Eskolara bidaliko du eskaria, eta eskolak gaiari buruz indarreko legedian jasota dauden baldintza akademikoak eta prozedurazkoak betetzen direla egiaztatu beharko du; ondoren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordera bidaliko du batzordeak behin betiko onar dezan tutorekidetza.

Ikerketa lanaren lehenengo urtean baino ezin izango dira baimendu tutorekidetza hitzarmenak, eta horien hasiera data izango da doktorego programan matrikula egin den eguna. Aparteko kasuetan, eta behar bezala arrazoituta, baimena eman ahal izango da ikerketa aldiko bigarren urterako ere tutorekidetza hitzarmenerako baimena emateko. Aparteko kasu hauetan, tutorekidetzako tesia gehienez ere bi urtetan egin ahal izango da. Baimena eman ahal izango da urte batez luzatzeko epea, eta, aparteko kasuetan, beste urte bat ere luzatu ahal izango da.

28. artikulua. Unibertsitateen arteko tutorekidetza hitzarmenak.

Doktorego tesia tutorekidetzan egiteko, aldez aurretik UPV/EHUren eta atzerriko beste unibertsitate baten arteko hitzarmen zehatz bat egon beharko da.Hitzarmena egitea edo tramitatzea UPV/EHUko Doktorego Eskolari dagokio. Hitzarmena onartzea Graduondoko Batzordeari dagokio. Hitzarmena zehazten edo tramitatzen hasteko, beharrezkoa da doktoregaia unibertsitateetako batean matrikulatuta egotea: UPV/EHUn edo atzerriko unibertsitatean.

Graduondoko Batzordeak hitzarmena behin onartuta, hitzarmen zehatzak UPV/EHUko errektoreak edo hark eskuordetutako pertsonak sinatu behar ditu.

Tutorekidetzarako sinatutako hitzarmen zehatzetan jasotako baldintzak salbuespen kasuetan baino ezin izango dira aldatu, eta horretarako, UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen baimena beharko da lehenengo, eta, gero, hitzarmenean parte hartzen duten bi unibertsitateetako errektoreen onarpena.

29. artikulua. Doktorego tesia tutorekidetzan egiteko matrikula.

Hitzarmena behin sinatuta, doktoregaiak bigarren matrikula egin behar du. Matrikula tasak unibertsitatean ordainduko dira hitzarmenean zehaztutako ikasturte eta epeetan.

30. artikulua. Tutorekidetzan egindako doktorego tesia prestatzea eta aurkeztea.

  1. UPV/EHUtik zuzendari bakar batek zuzenduko du doktorego tesia, eta beste unibertsitatetik, berriz, hango arautegian zehazten den beste zuzendarik. Edozelan ere, zuzendari izateko, bakoitzak bere unibertsitateak zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. UPV/EHUn egingo diren izapideetarako, unibertsitate bakoitzak, gehienez ere, zuzendari bat izendatuko du. Doktorego tesiko zuzendaria aldatzen bada, beste unibertsitateari jakinarazi beharko zaio aldaketa hori.
  2. Doktorego tesiari dagokion ikerketa bi unibertsitateetan egingo da hiru urteko gehienezko epean (salbuespen gisa erabaki daiteke epe hori bi urte gehiago luzatzea), UPV/EHUn matrikula egin denetik kontatzen hasita. Egonaldiak bi unibertsitateetan egingo dira txandaka. Unibertsitate bakoitzean egin beharreko gutxieneko egonaldia, guztira, ez da izango inola ere bederatzi hilabete baino gutxiagokoa, eta gainerako denbora beste unibertsitatean osatu beharko da. Egonaldi hori aldi bakarrean edo epe zatikatuetan egin daiteke. Egonaldiaren epea doktorego programako matrikula jatorrizko unibertsitatean egiten denetik hasiko da neurtzen. Doktorego programaren batzorde akademikoa izango da doktorego tesiaren nondik norakoen jarraipena egiteko eta horiek kontrolatzeko arduraduna.
  3. Doktorego tesia bere jakintza arloan komunikazio zientifikorako erabili ohi den hizkuntzan idatzi daiteke, edo hitzarmena sinatu duten unibertsitateetako hizkuntza ofizialetako batean. Edonola ere, tesia ez bada unibertsitateetako hizkuntza ofizialetako batean idazten, laburpen bat izan behar du, gutxienez bost orrikoa, hizkuntza ofizialetako batean.
  4. Doktorego tesia hura defendatuko den unibertsitateko indarreko arautegiaren arabera aurkeztu eta utziko da gordailuan, beste unibertsitatearen oniritziarekin.
  5. Egindako ikerlanaren emaitzen argitalpena, ustiapena eta babesa doktoregaia hartu duten bi unibertsitateek ziurtatuko dute, unibertsitate bakoitzaren herrialdeko prozedura espezifikoen arabera.
  6. Tutorekidetzako hitzarmen baten babesean egindako tesietarako "Nazioarteko doktorea" aipamena eska daiteke horretarako baldintzak betez gero.

31. artikulua. Tutorekidetzan egindako doktorego tesiko epaimahaia.

Doktorego tesia ebaluatu behar duen epaimahaia bi unibertsitateek izendatuko dute, elkarrekin adostuta. Hura osatzerakoan tesia defendatuko den unibertsitateko arauak eta tutorekidetza hitzarmenean ezarritako irizpideak errespetatuko dira.

Epaimahaiaren izendapenarekin batera bi unibertsitateek egindako ziurtagiria ere beharko da, doktoregaiak unibertsitate bakoitzean zenbat denbora eman duen egiaztatzeko.

32. artikulua. Tutorekidetzan egindako doktorego tesia defendatzea.

Doktorego tesiak gordailuan uzteko eta defendatzeko era tesia defendatuko den unibertsitateko doktorego ikasketak gestionatzeko arauen araberakoak izango dira.

Doktorego tesia hitzarmenean adierazten den unibertsitatean defendatuko da. Doktoregaiak defentsa tasak ordaindu beharko ditu tesia defendatuko duen unibertsitatean, eta unibertsitate horrek ordainduko ditu tesia epaituko duen epaimahaiko kideen gastuak.

Doktorego tesia UPV/EHUn defendatzen bada, tesia onartzeko izapideak, epaimahaiaren izendapena eta defentsa ekitaldia indarreko lege eta arauen arabera egingo dira.Era berean, beste unibertsitatean egindako egonaldien ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da.

Defentsa beste unibertsitatean egiten bada, izapideak unibertsitate horretan indarrean dagoen legedia betez egingo dira. Hala ere, unibertsitate horrek UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzuari defentsa ekitaldiaren ziurtagiri ofizial bat bidaliko dio, unibertsitate horrek berak legeztatua, eta bertan jaso dira, gutxienez, zein izan den defentsa eguna, lortutako kalifikazioa, epaimahaiaren osaera eta tesiaren bi ale (bat euskarri elektronikoan).

33. artikulua. Tutorekidetzan egindako doktore titulua ematea.

Doktorego tesia gainditutakoan, tutorekidetzan parte hartu duten unibertsitateetan eskatu ahal izango du doktoregaiak titulua, betiere indarrean dituzten arautegiekin eta kasuan kasuko hitzarmenean ezarritako baldintzekin bat etorrita. Unibertsitateko titulu ofizialak emateko arautegiak aukera ematen duen neurrian, doktore tituluaren atzeko aldean aipamen hau sartuko da: «Tutorekidetza ......-( e)ko Unibertsitatearekin».