Eduki publikatzailea

XV. Kapitulua. Lankidetza hitzarmenak

Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia

49. artikulua. Tesia kanpoko erakundeekin lankidetzan.

  1. Doktorego tesiak beste erakunde batzuekin lankidetzan egitea eta mugikortasuna sustatzeko, bai eta prestakuntza osatzeko ere, lankidetza hitzarmenak sinatu ahal izango dira I+G+B jarduerak dituzten zentro eta erakundeekin, publikoekin zein pribatuekin, Estatukoekin zein atzerrikoekin.
  2. Hitzarmenaren helburua izan daiteke tesia kanpoko erakundeekin lankidetzan egitea, tutorekidetzan egitea, industria doktoregoa egitea edo aipatutako helburuak betetze aldera egin daitezkeen beste jarduera batzuk, betiere, dena delako jarduerak hitzarmenean zehaztuta.
  3. Graduondoko Batzordeak hitzarmen ereduak onartuko ditu izapideak eta sinadura errazteko.

50. artikulua. Hitzarmenak izapidetzea eta sinatzea.

  1. Aipatutako hitzarmenak izapidetzeko, arautegi honetan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta bat etorri beharko da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiko 25.g) artikuluarekin (2005eko abenduaren 5eko EHAA).
  2. Hitzarmenaren sinatzaileak izango dira erakunde lankideko kide bat, sinatzeko ahala daukana, eta Doktorego Eskolako zuzendaritzako kide bat, sinatzeko ahala daukana; dena dela, egokitzat joz gero, unibertsitateko errektoreak sinatu ahal izango du.
  3. Hitzarmena bat badator Graduondoko Batzordeak onartutako ereduarekin, ez du batzorde horrek onartu beharko eta zuzenean sinatu ahal izango du ahala daukan pertsonak.
  4. Ez badator bat ereduarekin, sinatu aurretik onartu egin beharko du Graduondoko Batzordeak. Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak bere ustez hitzarmena onartzeko egokiak diren txostenak eskatu ahal izango dizkie hitzarmeneko gaietan eskumena daukaten organo edo zerbitzuei.
  5. Tutorekidetzarako hitzarmenak Graduondoko Batzordeak onartu behar ditu beti, eta errektorea izango da sinatzailea.
  6. Doktoregoko kanpoko praktiketarako hitzarmenek Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudia bete beharko dute edo kasuan kasuko lankidetza hitzarmena.