info_ebaluazio berezia

Ebaluazio berezia

 27. artikulua.- Epaimahai bereziak

UPV/EHUko ikastegi guztiek izango dute Epaimahai Berezia. Epaimahaiburua ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da, baina dekanotza edo zuzendaritza taldeko edozein kideri eskuordetu ahal izango dio eginkizun hori.
Gainera, atalak eta/edo titulazio bat baino gehiago dituzten ikastegiek epaimahai berezi desberdinak eratu ahal izango dituzte egoitzarako eta atal bakoitzerako. Kasu horretan, ataleko Epaimahai Bereziko burua ataleko koordinatzailea izango da eta epaimahaiko idazkaria, aldiz, koordinatzaileak izendatutako ataleko dekanorde edo zuzendariorde bat. Gainerako sei epaimahaikideak ataleko irakasleak izango dira, jakintza arlo desberdinetakoak, eta Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu. Epaimahai honen bileretara ataleko Ikasleen Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina botorik ez.

Ikastegiko idazkari akademikoak epaimahaiko idazkari lanak egingo ditu; hitza izango du baina botorik ez. Epaimahaian, epaimahaiburu eta idazkariarekin batera, ikastegiko sei irakaslek jardungo dute. Irakasle horiek jakintza arlo desberdinetakoak izango dira, eta Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Epaimahai honen bileretara ikastegiko Ikasleen Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako ikasle bat joango da; hitza izango du, baina botorik ez. Jakintza arlo bateko ordezkaria ezin bada Epaimahai Bereziaren bilerara joan, arlo horretako edo beste arlo bateko irakasle batek ordezkatu ahalko du, baina ikastegiko dekano edo zuzendariak egoera hori idatziz jasota utzi beharko du epaimahaiaren aktari erantsiko zaion ziurtagiri batean.

28. artikulua.- Ebaluazio berezirako eskariak egiteko eta ebazteko epeak

Ikasleek irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egin ahal izango dituzte ikasturte bakoitzeko irailean eta martxoan. Eskariak egiteko azken eguna hilaren 5a izango da kasu bietan. Ikastegietako epaimahai bereziek irailaren edo martxoaren 15a baino lehen hartu beharko dute erabakia, hurrenez hurren..

29. artikulua.- Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egiteko bete beharreko baldintzak

Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskariak egin ahal izateko, honako baldintza guzti hauek bete beharko dira:

Ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi den irakasgaian matrikulatuta egotea eskaria egiten den ikasturtean.

Titulazioan ebaluazio bereziaren bidez gainditu daitezkeen kredituen % 90 gaindituta edukitzea. Ezin izango da inola ere ebaluazio berezirik eskatu Gradu Amaierako Lanerako eta Practicumerako.

Gehienez ere, titulazioko kreditu guztien % 6ri dagozkion irakasgaien ebaluazio berezia eskatu ahal izango da. Salbuespena izango da irakasgai bakarrak titulazioko ECTS kredituen % 6 baino gehiago izatea: horrelakoetan irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko eskaria egin ahal izango da.

Ikasleak ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi duen irakasgaiko hiru deialdi, behintzat, erabilita izatea.

Deialdietakoren batean, gutxienez, hiru puntuko kalifikazioa lortuta izatea.

Baldintza hauek betetzeak ez du esan nahi automatikoki irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gaindituko direnik. Gainditzea edo ez gainditzea kasuan kasuko epaimahai bereziak adostu beharko du, kontuan izanda hurrengo artikuluan ezarritako irizpideak.

30. artikulua.- Ebaluazio berezirako eskaria ebazteko irizpideak

a) Ebaluazio berezirako eskaria jaso eta 29. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatu ondoren, epaimahai bereziek onartu egingo dituzte ondoko baldintzak betetzen dituzten eskari guztiak:

Ikasleak irakasgaiko lau deialdi, behintzat, erabilita izatea.

Deialdietakoren batean, gutxienez, lau puntuko kalifikazioa lortuta izatea.

Gradu Amaierako Lana kenduta, titulazioa amaitzeko geratzen zaion azken irakasgaia izatea.

b) Ebaluazio berezia eskatzeko baldintzak bete arren aurreko atalean adierazitako baldintzak, irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzea dakartenak, betetzen ez direnean, ikastegiko Epaimahai Bereziak honako hauek izango ditu kontuan eskaria ebazteko:

Ikastegiko Batzorde Akademikoak onartutako irizpideak, unean uneko ikasturterako matrikula aldia baino lehen argitaratuko direnak.

Irakasgaiaren ardura duen sailaren txosten arrazoitua.

Ikaslearen espediente osoa.

Ikaslearen alegazioak, bere ustez irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko kontuan hartu behar diren alderdiak nabarmenduz eta arrazoituz aurkeztu ahal izango dituenak.

31. artikulua.- Epaimahai bereziak eratzea

Epaimahai Berezia balioz eratzeko beharrezkoa izango da gutxienez kideen erdiak bertan egotea. Dena dela, epaimahaiburua eta idazkaria, edo ordezkoak, beti egon beharko dira.

Epaimahaiko kideren batek irakasten duen irakasgairen baterako egin bada eskaria, ikastegiko dekano edo zuzendariak ordezkoa izendatu beharko du.

32. artikulua.- Epaimahai berezien erabakiak

Eskaria aztertu baino lehenago, ikasleak izan duen ibilbide akademikoari eta ikasleak ebaluazio bereziaren bidez gainditu nahi duen irakasgaian izan duen parte hartzeari buruzko txostena egiteko eskatuko dio epaimahaiburuak irakasgaiaren ardura duen sailari. Txosten hori idatziz bidali beharko du sailak, arrazoiak emanda, hamar egun naturaleko epean.

Erabakia hartzeko, epaimahaiak kontuan izan beharko ditu aipatutako txostena eta ikaslearen espediente osoa.

Erabakia ez bada hartu aho batez eta berdinketa gertatu bada, epaimahaiburuaren kalitateko botoak izango du lehentasuna.

Epaimahai Bereziak eskari egileari helaraziko dion erabakian zehatz jasota egon beharko dira arrazoiak.

33. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa

Epaimahaien erabakien aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio graduko ikasketen arloko eskumena duen errektoreordetzari hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

34. artikulua.- Epaimahai berezien bileren aktak

Idazkariak bileraren akta egingo du, kasu bakoitzean hartutako erabaki arrazoitua jasota. Erabakia eskariaren aldekoa edo kontrakoa besterik ezin izango da izan.

Akta helaraziko zaie prozeduran interesatuak diren guztiei.

35. artikulua.- Irakasgaia ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko erabakiaren ondorioak

Erabakia aldekoa bada, ikastegiko idazkari akademikoak honako ohar hau sartuko du eskaria egin duen ikaslearen espedientean: "5.0 – Ebaluazio bereziaren bidez gainditua".

Erabakia aldekoa izanez gero, ikasleak deialdi bat agortuko du. Kontrakoa izanez gero, ordea, ikasleak ez du deialdi hori agortuko.

Espedientea barematzerakoan, ebaluazio bereziaren bidez gainditutako irakasgaiaren balioa 5,0 izango da.

Espediente akademikoan jasota geratuko da ebaluazio bereziaren bidez gainditu dela irakasgaia, eta data, epaimahaiaren erabakiarena izango da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

UPV/EHUko Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da UPV/EHUko Ikasleen Arautegiko V. tituluaren II. kapitulua, graduko ikasketa ofizialei dagokienez. Halaber, indargabetuta geratzen dira lehendik emandako zirkular, xedapen eta erabaki guztiak, arautegi honetan ezarritakoarekin bat ez datozen guztian.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Arautegi hau 2017/2018 ikasturtean sartuko da indarrean