CONFERENCIA-Bases-anatomicas-de-las-arritmias-cardiacas

Bases anatómicas de las arritmias cardiacas

Hizlaria: DAMIÁN SÁNCHEZ QUINTANA
Dataa: Osteguna, martxoaren 22an

Laburpena

Takiarritmiak tratatzeko eta sendatzeko, kateter bidezko ablazio teknikak erabiltzen dira hainbat energia motarekin (irrati maiztasuna, krioablazioa, laserra, etab.), eta horrek anatomia kardiakoari buruzko ikaskuntzaren gaineko interesa areagotu du.

Kardiologo interbentzionistek gero eta arreta handiagoa jartzen diote hainbat bihotz-alderen ezaugarri morfologikoen, arkitektoniko orokorren eta histologikoen azterketari, zerikusia baitute kateter bidezko ablazioaren prozedurarekin lotutako arritmia eta konplikazioen garapenean edo errekurrentzian.

Interes horren harira, beste ikerketa ildo bat sortu da iraganean guztiz aztertu ez ziren gai anatomiko kardiakoak ikertzeko. Duela gutxiko ikerketek bihotzeko osagai jakin batzuen ezaugarri anatomikoak argitu dituzte, eta interesgarriak dira hainbat kontu ulertzeko: takikardien oinarriak eta haien ablazioa (nodulu sinusala eta gandor terminala); Koch-en triangelua eta horrek duen lotura nodo aurikulobentiularrean birsartzeak eragindako takikardiekin; istmo kabotrikuspideoa eta horrek fluter aurikular arruntean duen garrantzia; istmo mitraleko lotura benoatrialak eta horiek fibrilazio aurikularrarekin duten zerikusia; eta irteera traktu bentrikularrak.

Horrez gainera, hizpide izango ditugu aurikulen eta birika zainen inguruneko egitura garrantzitsuen lotura anatomikoak; esate baterako, esofagokoak eta nerbio frenikoetakoak.

Hizlaria

Medikuntzako lizentzia egin nuen Badajozeko Fakultatean; 1. promozioko ikasle izan nintzen, eta 1979an amaitu nituen ikasketak. Doktorego programak egin nituen, eta Extremadurako Unibertsitatean doktoretza ere egin nuen (1986an bukatu nuen).

Betidanik Badajozeko Medikuntza Fakultatean irakatsi izan dut: lehenik, klase praktikoetako irakasle laguntzaile izan nintzen 1981ean; gero, bitarteko irakasle atxikia izan nintzen 1986ra arte; eta ondoren irakasle titular 1987ra arte, harik eta 2007an La Lagunan (Tenerife) katedrarako gaikuntza lortu eta Badajozeko Unibertsitatean Anatomia eta Giza Enbriologiako Katedra atera nuen arte.

Batez ere, kardiologia interbentzionistarekin lotutako anatomia kardiakoaren esparruan ikertu dut. National Heart and Lung Instituten egindako egonaldi batek piztu zidan horren gaineko interesa; visitor gisa aritu nintzen han 1995ean, Cardiac Morphology sailean (garai hartan Robert H Anderson irakasleak zuzentzen zuen, eta gerora Siew Yen Ho irakasleak).

Hainbat energia motaren bidez ablazioa egiteko, erredura sortu behar da, miokardioan nekrosi koagolatiboa eragiteko; horrek kondukzio elektrikoa eteten du esparru horretan, eta arritmia geldiarazi. Guk, azterlanak egiteko, anatomia kardiakoaz gain arritmien oinarri anatomikoa ikertzen, karakterizatzen eta berrikusten dugu, tratamendua hobetzeko eta konplikazioak saihesteko asmoz. Hau da, anatomia kardiako traslazionala hartzen dugu ardatz. Urte hauetan, 13 doktorego tesi zuzendu ditut eta Web Of Sciencen guztira 143 argitalpen kaleratu ditut. Nire H indizea 27koa da, eta Web of Sciencen 2.768 aipu ditut.

Informazio osagarria