Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegia

IV. Kapitulua. Graduondoko titulu ofizialak eta ziurtagiriak ematea

Unibertsitateko masterren gestiorako arautegia

I. atala. tituluak ematea

21. artikulua.- Arau orokorra.

1.- UPV/EHUko master tituluak errektoreak emango ditu, eredu arautuari jarraikiz, eta unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan jasota geratuko dira.

Masterrak atxikita dauzkaten ikastegiek, matrikula egiteko unean, zainduko dute bete egiten dela 822/2021 EDn ezarritakoa; hau da, ezingo zaiela eman master titulurik graduko ikasketak amaitu gabe dituzten ikasleei.

22. artikulua.- Prozedura.

1.- Tituluak eskatu beharko dira masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

  • Eskaria, eredu arautuan.
  • NANaren edo pasaportearen fotokopia.
  • Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Tasen salbuespenerako eskubidea duten ikasleen kasuan arautegi honetako 8. artikulua hartuko da kontuan.
  • Ikasleari unibertsitateko masterrerako sarbidea eman dion tituluaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa, agiri hori ez bazen unibertsitateko masterrerako matrikula egitean aurkeztu. Titulua UPV/EHUn lortutakoa izanez gero, ez da zertan aurkeztu.

Masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzak titulu ofiziala eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria emango die ikasleei, eta ziurtagiri horrek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte.

Tituluak jasotzea.

1.- Titulua, behin inprimatuta, ikasleak berak jaso beharko du masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzan. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, interesdunak eskaria egin diezaioke idatziz masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzari bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzara, Arabako Campuseko Errektoreordetzara, edo bere etxetik gertuen dagoen probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzara, Hezkuntza Bulegora edo Kontsuletxera.

2.- Tituluak jasotzeko prozedura bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan.

 

II. atala. Ziurtagiriak ematea

23. artikulua.- Ziurtagiriak eskatzea.

Egindako ikastaro eta mintegien ziurtagiriak masterraren ardura duen ikastegiko idazkaritzan eskatu beharko dira. Eskariarekin batera aurkeztu beharko da UPV/EHUko webgunean eta masterraren ardura duen ikastegiak zehaztutako idazkaritzetan adieraziko den dokumentazioa.

 

III. atala. Prezio publikoak

24. artikulua.- Ziurtagiri eta tituluengatik ordaindu beharreko prezio publikoak.

Graduondoko titulu ofizialak eta ziurtagiriak ematearren ordaindu beharreko tasak unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztutakoak izango dira.

Tasak eskaria aurkeztean ordaindu beharko dira UPV/EHUk adierazitako kontuetako batean.


normativa-gestion-masteres-oficiales