Bienvenida

Ongietorria

Irudia

Ongi etorri unibertsitateko bibliotekara!

UPV/EHUko biblioteka ikaskuntzarako eta ikerketarako baliabideen zentro bat da, eta haren helburua da unibertsitatearen jardueretarako informazio zientifikoa eta euskarri bibliografiko eta dokumentala ematea.

1987an bibliotekak automatizazio prozesuari ekin zionetik, aurre egin behar izan die, etengabe, azken urteotan izandako garapen teknologiko handiaren ondoriozko hainbat erronkari, erabiltzaileen (ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta zerbitzuetako langileak) eskura jartzeko milioi bat liburuki baino gehiago dituen bibliografia funts bat, baliabide elektroniko ugari, irekitzeko ordutegi zabala eta lan akademikorako azpiegitura egokia duten instalazioak.

Gaur egun, unibertsitateko biblioteka hiru campus liburutegi handitan banatuta dago, liburutegi bana UPV/EHUko hiru campusetan: Araban (Gasteizen), Bizkaian (Leioan) eta Gipuzkoan (Donostian). Baditu, bestalde, ikastegietako liburutegiak.

Eskaintzen diren zerbitzuen artean, honakoak dira azpimarratzekoak: bilduma bibliografikoaren erabilera eta mailegua, baliabide askotarako online bidezko sarbidea, erabiltzaileen orientazioa eta prestakuntza, ikasteko eta ikertzeko gune egokien eskaintza; baita beste hauek ere: informatika, multimedia eta erreprografiarako ekipamendua, liburutegien arteko dokumentazio eta mailegu zerbitzua, sarbide irekian argitaratzeko gordailu digital bat, ikerkuntzan laguntzeko zerbitzu espezializatuak (bibliometria, argitalpenen ebaluazioa), eta, azken batean, aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua informazio zientifikoa eta argitalpen akademikoak lortu eta kudeatzearekin lotutako guztia.

 Rebiun-eko kidea da, baita G9ko unibertsitateetako liburutegi taldekoa ere (unibertsitate publiko bakarra duten autonomia erkidegoetako liburutegiak). 2017tik WorldCat-en sartuta dago, eta, gainera, 2018tik WMS-OCLCn parte hartzen du (WorldCat-i lotutako katalogazio kooperatiboko nazioarteko proiektua da, eta mundu osoko milaka liburutegik osatzen dute).

Hori guztia pertsona askoren lanari esker da, bai gure aurretik egon direnei, bai gaur egun unibertsitateko kideei zerbitzurik onena eskaini nahi diegunoi esker. Horixe da, hain zuzen ere, UPV/EHUko Bibliotekan lan egiten dugun profesional taldearen asmo nagusia. Horren izenean, ongietorria ematen dizuet bertara hurbiltzen zaretenoi edo gure web orria bisitatzen duzuenoi. Webgune hori erabil dezakezue eskaintzen ditugun baliabide eta zerbitzuetara sartzeko ate gisa eta guztiok eta guztiontzat eraikitako toki komun honen elementu egituratzaile gisa.

Alde horretatik, animatu nahi zaituztegu gure bibliotekara hurbildu eta gure bildumak eta zerbitzu birtualak erabil ditzazuen, baita zuen iradokizun eta proposamenekin lagundu diezaguzuen ere, jakitun baikara Biblioteka, baita Unibertsitatea bera hobetzeko ere, guztiok garela beharrezkoak.

Marian Piñeiro

Unibertsitateko Bibliotekako Zuzendaria