Breadcrumb

DOKTOREGO-ESKOLAREN-ARAUTEGIA

Doktorego programetako batzorde akademikoen aldaketak

Doktorego Eskolaren Kontseilu Iraunkorrak 2020ko maiatzaren 11n akordioa

UPV/EHUk badu Gestio Akademikoaren Zerbitzuaren arautegia doktorego programetako batzorde akademikoen aldaketetarako. Doktorego Eskolak honela arautzen ditu aldaketa horiek bere eginkizunak betetzean:

Orientazio gisa, batzorde akademikoek kideen heren bat, gutxienez, lau urtean behin berritzea gomendatzen da. Kide kopurua (K) zati 3 eginda ateratzen den zenbakia osoa ez bada, K/3 zatikitik ateratzen dena baino txikiagoa den zenbaki osoa berrituko da, gutxienez.

Bestalde, batzorde akademikoak edozein unetan berritu ahal izango dira, guztiz edo zati batean, honako arrazoi hauengatik: 

  1. Batzordeko kideren batek kargua uzten badu; kasu horretan, indarrean dagoen batzorde akademikoak kide berria proposatuko du.
  2. Doktorego programaren UPV/EHUko irakasleen gehiengo baten ekimenez; kasu horretan, gehiengo horrek kide berriak proposatuko lituzke

Batzorde akademikoak ahaleginak egingo ditu ateratzen diren kideen ordezkapena adostasunez egin dadin eta ahalik eta ikerketa lerro gehienak ordezkatuta egon daitezen. Ateratzen diren kideak borondatez ordezkatzeko hautagairik ez badago, Batzorde Akademikoak prozeduraren bat ezarriko du ordezkapena bermatzeko, hala nola doktorego programako irakasleen artean, gutxienez, 4 urteko nahitaezko txandak aplikatzea.

Batzorde Akademikoak doktorego programako irakasle guztiei eman behar die batzordean egin nahi diren aldaketen berri, eta, nahitaezko ordezkapen mekanismoren bat erabili behar izan ez bada, doktorego programaren UPV/EHUko irakasle gehienek proposatutako aldaketak aldez aurretik onartu dituztela bermatu behar da.

Doktorego programaren koordinatzailea batzorde akademikoaren osaeran aldaketarik dagoen bakoitzean aukeratuko da. Doktorego programaren koordinatzailea eta Batzorde Akademikoko kideak aldatzeko, Doktorego Eskolari egin behar zaio eskaera, Graduondoko Batzordeak izapidetu dezan. Eskaerarekin batera, Batzorde Akademikoaren erabakia erantsiko da, honako datu hauek jasorik:

  • Batzorde Akademikoaren bileraren data.
  • Batzorde akademikora sartuko diren kide berrien izen-deiturak eta karguak.
  • Batzorde Akademikoa utziko duten pertsonen izen-deiturak eta karguak.
  • Batzorde akademiko berria osatuko duten pertsona guztien izen-deiturak eta karguak, hau da, batzordea nola geratuko den behin kide berriak gehituta.
  • Aldaketa indarrean sartzeko data.
  • Programaren Batzorde Akademikoko koordinatzailearen sinadura. Aldatuko dena koordinatzailea bada, kargua utziko duenak eta kargua hartuko duenak, biek, sinatu beharko dute.
  • Irteten den koordinatzailearen sinadura lortu ezin bada, koordinatzaile berriak justifikazioidazki bat aurkeztuko du.

Arautegi hau nahitaez aplikatu behar da Doktorego Eskolaren Kontseilu Iraunkorrak 2020ko maiatzaren 11n onartu ondoren.