Normativa de Gestión: Matrícula Precios

Graduko Ikasketen Gestiorako 2023-24 Ikasturteko Arautegia

III. Kapitulua. Matrikula eta prezio publikoak

Irakasgai berrietan matrikulatzea

18. artikulua

Ikasturte bakoitzean, graduko titulazioetako ikasleek aurreko mailetan gainditzeke dituzten irakasgai guztietarako egin beharko dute matrikula, eta matrikulan, gehienez ere, 60 kreditu berri sartu ahal izango dituzte. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezin izango da 90 kreditu baino gehiagoko matrikula egin.

Hautazko irakasgaiak

19. artikulua

1.- Ikasleek ikasturte bakoitzean aldatu ahal izango dituzte hautazko irakasgaiak, nahiz eta aurreko ikasturteetan irakasgaiok gainditu gabe izan edo azterketetara aurkeztu ez. Irakasgai berrietan zerotik hasiko dira kontatzen deialdiak; ikasleak hautazko irakasgai bat egin badu eta ez badu gainditu, hurrengo ikasturteetan berriz eskaintzen bada irakasgai hori, ikaslea berriro matrikulatu ahal izango da bertan, baina bestela ez.

2.- Matrikulan eskaintzen diren hautazko irakasgaietarako muga bat dago bai irakasgai kopuruari bai plaza kopuruari dagokionez, eta muga hori ikasturte bakoitzerako irakats eskaintzan zehazten da. Beraz, ez da nahastu behar ikasketa planetan ageri diren hautazko irakasgaien kopurua, eta ikasturte bakoitzerako eskainitako hautazko irakasgaiena.

3.- Ikasle bakoitzak matrikula egiteko txanda heltzen zaionean aukeratuko ditu hautazkoak. Txanda hori izango da matrikula ordena zehazteko 27. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu ondoren egokitu zaiona.

4.- Ikastegiek bermatu egin beharko dute hautazko irakasgaietan nahikoa plaza dagoela, ikasleak euren ikasketa planean euren mailarako ezarrita dauden kreditu guztietan matrikulatu ahal izan daitezen; era berean, matrikula egitean ikasleek aukeratu ahal izateko adinako kopuruan eskaini beharko dituzte. Era berean, bermatu egin beharko dute III. Euskararen Plan Gidarian graduko euskarazko hautazko irakasgaiei buruz zehaztutako irizpide eta konpromisuak.

Irakasgai osagarriak edo gehiegizko kredituak

20. artikulua

Titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek aukera izango dute, automatrikularako epea amaitu eta gero, hautazko irakasgaietan matrikulatzeko, 18. artikuluan zehaztutako mugaren barruan, dekanotzak edo zuzendaritzak aurretik baimena emanda, eta, betiere, titulua eskatu baino lehen.

Era berean, titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek hautazko kredituak aitortzea eskatu ahal izango dute kultur eta kirol ekintzetan, elkartasuneko eta lankidetzako jardueretan eta ikasleen ordezkaritzan aritzeagatik, Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegiak zehaztutako prozedurari eta irizpideei jarraituz, dekanotzak edo zuzendaritzak aurretik baimena emanda, eta, betiere, graduko titulua eskatu baino lehen.

Eskolarik gabeko irakasgaiak

21. artikulua

Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik gabekoak, honela gestionatuko dira:

a) Plan bateko maila bat ematen den azken urtea bada, plan hori egiten ari diren ikasleak nahitaez matrikulatu beharko dira maila horretan gainditzeke dituzten irakasgai guztietan.

b) Irakasgai horien deialdiak izango dira, oro har, bigarren lauhilekoko irakasgai bati dagozkionak. Hala ere, ikastegiak horretarako aukerarik zehaztuta izanez gero, ikasleak lehenengo lauhilekoko ohiko deialdia erabili ahal izango du, baina horren berri eman beharko du ikastegiko idazkaritzan, ikastegiak horretarako zehaztutako epean, eta idazkaritzak mota horretako ebaluaziorako izendatutako epaimahaiari jakinaraziko dio. Deialdia aurreratu baina azterketa gainditu ez duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan esan beharko dute, maiatzaren 15a baino lehen, beste bi deialdietatik zein erabili nahi duten. Ikasleak ezer esaten ez badu, ulertuko da bigarren lauhilekoko ezohiko deialdia erabiliko duela da ikasturte horretako bigarren deialdi bezala.

c) Irakasgai horien kalifikazio orriak eta aktak eskuratzeko, gainerako irakasgai guztietarako erabiltzen den prozedura berbera erabiliko da.

d) Irakasgai horien ebaluazio probetarako egunak ikastegi bakoitzak jarriko ditu deialdi bakoitzerako, eskolak dauzkaten irakasgaietarako erabilitako prozedura berbera erabiliz.

Behin betiko matrikula

22. artikulua

Ikasleek egindako matrikulak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula behin betikoa izango da egiaztatzen denean ikasleak betetzen dituela eskatu duen titulazioa egiteko behar diren baldintzak. Egiaztapena ikasleak matrikula egin eta lau hilabeteko epean egingo da. Lau hilabeteko epe hori igarota ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ez badu matrikula horren kontrako erabakirik hartzen, matrikula behin betiko onartutzat emango da. Dekano edo zuzendariaren erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari.

Irakasleen matrikula

23. artikulua

Unibertsitateko irakasleen araubideari buruzko apirilaren 30eko 898/1985 Errege Dekretuko 12. artikuluaren arabera, unibertsitateko irakasle guztiek debekatuta izango dute irakasle diren ikastegietan ikasle gisa matrikulatzea.

Hala ere, diplomatu titulua bakarrik daukaten unibertsitate eskoletako irakasle titularrak lizentziaturan matrikulatu ahal izango dira, edo, lizentziatuak izanez gero, doktoregoan, baina errektoreak eman beharko du horretarako baimena, beren‑beregi.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen araubideari buruzko martxoaren 4ko 40/2008 Dekretuan ezarritakoarekin bat, oro har, irakasle kontratatuek ezin izango dute irakasten duten fakultatean edo eskolan titulu ofizialik lortzeko matrikularik egin.  Dena den, errektoreak aurretik hala baimentzen badu, edozein ikastegitan egin ahal izango dute matrikula, lizentziatura batean irakaslea diplomatua bada, edo doktorego programaren batean irakaslea lizentziatua bada.

Hori bera aplikatuko da graduetan.

Matrikula bakarra

24. artikulua

2023/2024 ikasturterako matrikula bakarra izango da bi lauhilekoetarako. Salbuespena da Gradu Amaierako Lanerako matrikula, Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko Arautegiaren araberakoa baita, eta, horri jarraikiz, matrikularako epe orokorrean edo horretarako zabaldutako beste epe batean egin ahal izango baita. Hori gorabehera, bigarren matrikulaldi bat zabaldu ahal izango da, baina soilik 37. artikuluan adierazitako kasuetarako.

Halaber, ikastegiak matrikula aldatzeko ezohiko epe bat ezarri ahal izango du, ikasleei lepora ezin dakizkiekeen arrazoiek eragindako kasuetarako. Halakoetan, ikastegiak horren berri eman beharko du bere webgunearen bidez, horretarako epea zein den zehaztuta eta matrikula nortzuek alda dezaketen adierazita.

Ikasleen banaketa nahitaezko irakasgaietako taldeetan

25. artikulua

1.- Matrikulatutako ikasleak nahitaezko irakasgaietako taldeetan banatu ahal izango dira hurrenkera alfabetikoaren arabera, ausaz edo ikaslearen nahiari jarraituz, matrikula epea ireki aurretik ikastegiko batzarrak onartutakoarekin bat.

2.- Banaketa ikaslearen nahiaren arabera egitea erabakiz gero, ikasleek matrikula egitean aukeratu beharko dute taldea, une horretan dituzten aukeren artean. Aukera horiek matrikula egiteko eskariak ordenatu ondoren ikasleari egokitu zaizkion egun eta orduaren araberakoak izango dira.

3.- Maila eta hizkuntza batean matrikulatu ondoren, ikasleek taldez aldatzeko eskatu ahal izango dute irakasgai solteetan, hizkuntzagatik. Eskabideok ikastegiko zuzendariak edo dekanoak ebatziko ditu, eskura diren baliabideak oinarri hartuta.

Matrikula epeak

Lehen mailako ikasleak

26. artikulua

Lehenengo mailako ikasleek honako epe hauen arabera egingo dute matrikula:

1. onarpenekoek, uztailaren 17tik 20ra

2. onarpenekoek, uztailaren 24an

3. onarpenekoek, uztailaren 27an

4. onarpenekoek, irailaren 4an

5. onarpenekoek, irailaren 7an

6. onarpenekoek, irailaren 11an

Lehenengo mailatik gorako ikasleak

27. artikulua

1.- Matrikula 2023ko uztailaren 17tik 28ra egingo da. Ikasleak edo haren ordezkari akreditatuak matrikula egin ez badu zehaztu zaion egun eta orduan, galdu egingo du espedientearen arabera daukan lehentasuna. .

2.- Ikasleek automatrikula egingo dute Internet bidez. Ikasle bakoitzak aukeratu ahal izango du zehaztu zaion egun eta orduan eskaintzen diren irakasgaien artean, unibertsitateak onartutako irakats eskaintzaren arabera betiere.

3.- Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Internet bidez egingo da, 2023ko uztailaren 14an, unibertsitatearen webgunean.

4.- Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, 2023ko uztailaren 14an unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta, eta ordena horren araberako lehentasuna izango dute matrikula egiteko:

Matrikula ordena: MO= 0,25*A + 2,5*M + 5*F

A = gainditutako irakasgaien kalifikazioa baloratzen duen koefizientea (espedientearen batezbestekoa).

M = matrikularen urtean izandako errendimendu akademikoa neurtzen duen faktorea (matrikula ordena zehazten den egunean ikasleak ikasturte horretan gaindituta dituen kredituak/ikasturte horretan matrikulatutako kredituak).

F = titulazioaren bukatze maila definitzen du (matrikula ordena zehazten den egunean ikasleak gaindituta dituen kredituak/titulazioko kreditu guztiak).

2022/2023 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak

28. ARTIKULUA

2022/2023 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleek, baita lekualdaketa eginda onartutakoek ere, 2023ko irailaren 4tik 8ra bitartean egingo dute matrikula ikastegiko idazkaritzan, ikastegiak beste epe bat ezarri ez badu.

Matrikula egiteko aurkeztu behar diren agiriak

29. artikulua

1.- Lehenengo mailan lehendabiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleek, edozein izanda ere titulazioa, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Matrikula prozesuan adierazi beharreko datu ekonomiko eta estatistikoak

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Matrikularen ordainketa helbideratzeko inprimakia, bankuko kontuaren titularrak sinatuta.

e) Hala dagokionean, matrikulako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, eta administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria, unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

2.- Aurrekoaz gain, titulaziora sartzeko erabilitako bidearen arabera, ikasle bakoitzak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

Unibertsitatera sartzeko proba edo pareko ebaluazioa egin duten ikasleak:

h)Unibertsitatera sartzeko probako edo pareko ebaluazioko behin betiko kalifikazioa jasotzen duen agiria. Proba horiek UPV/EHUn egin dituztenek ez dute halakorik aurkeztu behar.

i) Azken notan «ohorezko matrikula» lortu duten Batxilergoko ikasleek, horren ziurtagiria.

j) Ikaslea matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. UPV/EHUko ikasleek ez dute agiri hau aurkeztu behar.

k) Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek espedientea lekuz aldatu beharko dute.

Lanbide Heziketako ikasleak, atzerriko ikasketetakoak eta titulazioa daukatenak:

l) Kasuan kasuko titulaziora sartzeko bidea ematen duen tituluaren agiria edo UNEDek emandako ziurtagiria (ikasle atzerritarrak).

m) Onarpen nota hobetzeko gai espezifikoen kalifikazioa alegatzen dutenek, probetako edo pareko ebaluazioko kalifikazioak jasotzen dituen txartelaren fotokopia erkatua edo EKSduna, edo fotokopia eta jatorrizkoa. Proba horiek UPV/EHUn egin dituztenek ez dute halakorik aurkeztu behar.

3.- Lehenengoa baino maila altuagoko ikasleek eta lehenengoko errepikatzaileek honako agiriak aurkeztu behar dituzte:

a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia (aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleek besterik ez).

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Hala dagokionean, matrikulako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, eta administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria, unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

d) Ikaslea matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (unibertsitate honetako ikastegi batetik bestera edo beste unibertsitate batetik hona aldatutako ikasleentzat besterik ez).

Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon direlako automatrikula egiten duten ikasleek c) atalean adierazitako agiriak baino ez dituzte aurkeztu beharko, hala badagokie.

Erasmus programako edo antzeko nazioarteko programetako ikasle atzerritarrak.

30. artikulua

Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Erasmus ikasle atzerritarrek edo antzekoek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) E-111 dokumentuaren fotokopia eta/edo aseguru indibidualaren erreferentzia, onarpen prozeduran Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuak adierazitakoaren arabera.

Sicue-Seneka edo antzeko programen bidez beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleak

31. artikulua

Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Sicue-Séneca edo antzeko programetako ikasleek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak unibertsitate honetan dagoen bitartean egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) Eskola aseguruaren ordainagiriaren fotokopia eta/edo aseguru indibidualaren erreferentzia, onarpen prozeduran Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuak adierazitakoaren arabera.

Behin-behineko matrikula

32. artikulua

Beste unibertsitate batean onartua izateko zain dagoela agiri bidez frogatzen duen ikasleak behin‑behineko matrikula egin ahal izango du UPV/EHUn, eta behin betiko matrikula egitean ordainduko ditu matrikulari dagozkion prezio publikoak.

Interesatuak behin betiko matrikula egin beharko du, edo uko egin beharko dio. 2023ko irailaren 15a baino lehen ikaslea ez bada behin betiko matrikula egitera joan, unibertsitateak, ofizioz, baliogabetu egingo du matrikula, eta ikasleak galdu egingo du gordeta zeukan plaza. Hori horrela egingo da behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik

33. artikulua

1.- Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako.

2.- Prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztuak ordaintzeko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete eta egiaztatu beharko dira horretarako baldintzak.

3.- Ikasle bakoitzak matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa matrikula egiteko unean kalkulatuko da automatikoki.

4.- Matrikula ordaintzeko erak:

a) Ikasleak unibertsitateari kontu zenbaki bat eman eta ordainketa horra helbideratzea. Matrikularen ordainketa helbideratzeko azken eguna ikasturte bakoitzeko otsailaren 3a izango da.

b) Kreditu txartelaren bidez, edo Bizum eta Mipago Wallet erabilita

c) Matrikula egiten duenean ikasleari ematen zaion abonu agiri pertsonalizatuaren bidez, eta prezio publikoen aginduan zehaztutako epeetan, ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu. Matrikula orrian adierazten den banketxeetako batean egin beharko da diru sarrera.

Banketxeak zigilua ipiniko du abonu agirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ikasleak aleetako bat gordeko du, ordaindu izanaren egiaztagiri bezala.

5.- Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoen aginduan zehaztutako epeak bete beharko ditu.

6.- Matrikula egitean ikasle batek matrikula ordaintzen ez badu beka baten zain dagoelako, eta gero beken epaimahaiak beka ukatzen badio, matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko du, epe bakarrean, nahiz eta beka ukatzearen kontrako gorako errekurtsoa aurkeztu.

7.- Ikasketa plana desagertu egin delako egokitu diren irakasgaiek ez dute kosturik izango, prezio publikoen aginduak bestelakorik zehazten ez badu bederen.

8.- Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

9.- Ezohiko ebaluazio probaren kalifikazioen zain dauden ikasleek epeka ordaindu beharko dituzte beti «aldi baterako» matrikulak, betiere, matrikulan ordaindu beharreko kopurua prezio publikoen aginduan zatika ordaintzeko zehaztutako gutxienekoa baino txikiagoa ez bada. Lehenengo epea aldi baterako matrikularen arabera kalkulatuko da. Ikaslea kalifikatu eta behin betiko matrikula zein izango den jakin ondoren, automatikoki kalkulatuko da gainerako epeetan ordaindu beharreko zenbatekoa.

Matrikula baliogabetzea

34. artikulua

1.-Nahiz eta ikasleek legezko epean eta eran eskatu matrikula baliogabetzea, ez zaie inolaz ere itzuliko ordaindutako dirua, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoak, 34.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.- Matrikularen prezioa ez ordaintzeak edo zati bat bakarrik ordaintzeak espediente akademikoa etetea ekarriko du.

3.- UPV/EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, ezetsi egingo du matrikula egiteko eskaria, eta ordaindutako dirua itzuliko dio ikasleari.

4.- Ikasleek matrikula baliogabetu ahal izango dute urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte. Matrikula osorik baliogabetuko da beti, eta ezin izango da irakasgai solterik edo matrikularen zati bat bakarrik baliogabetu. Data horretatik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, unibertsitateak beren-beregi baimenik ematen ez baldin badu, ikasleak eskaria egin eta gero. Matrikula baliogabetzeak ez dakar interesdunak ordaindutako prezio publikoak itzultzea.

5.- Matrikula ez ordaintzeagatik espediente akademikoa etenda daukan ikasleak, ordaintzeke daukan kopurua zor izango dio unibertsitateari. Erabakia emango da ikaslea zorduna dela adierazteko eta jakinarazpena egingo zaio.

6.- UPV/EHUrekin zorren bat dutenek ezin izango dute aurrerantzean beste matrikularik egin. Halaber, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informazio oharrik ere, eta ezin izango dute espedientea lekuz aldatu. Era berean, ezin izango dituzte UPV/EHUren zerbitzuak erabili.

7.- Ikasleari berriro aktibatuko zaio espediente akademikoa zorra ordaintzen duen unean.

8.- Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena unibertsitatean ikasten berriz hasi nahi izanez gero.

9.- Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaria egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka eskariaren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Osterantzean, matrikulako prezioak ordaindu beharko ditu, nahiz eta hori ez den izango beka eskatzeko eragozpen.

Hala ere, ikasle batek baldintza akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula, eta gero beka ukatzen badiote, ez da zorduntzat hartuko, baldin eta matrikula baliogabetzeko eskatzen badu ukoa jaso eta hamabost eguneko epearen barruan.

Tasak eta prezio publikoak itzultzea.

35. artikulua.

Kasu hauetan itzuliko dira prezio publikoak (salbuespen kasuak izango dira:

1.- Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren bat betetzen ez duelako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.

2.- Ikasleak ordaindutako zenbatekoa indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkulua oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere, horren errua ikaslearena izan ez bada.

3.- Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo diru laguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egin badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraikiz.

4.- Ikasleari onartzen zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordaindu baditu.

5.- Ikasleak matrikula baliogabetu eta dirua itzultzeko eskaria egiten duenean ikasturtea modu ofizialean hasi aurretik. Eskaria ikastegian aurkeztu behar da.

6.- Ikasturteko edozein unetan, ikasleak ezin badu ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean. Dirua itzultzeko eskaria unibertsitateko erregistroan aurkeztu beharko da, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeari zuzendua, salbuespenezko egoera egiaztatzen duten agiriekin batera. Ikasleak eskaria egiten badu lehen lauhilekoko eskolak behin amaituta, bigarren lauhilekoko irakasgaien zenbatekoa itzuliko zaio, eta dirua itzultzean aldatu egingo zaio matrikula, bigarren lauhileko horretako irakasgaiak ezabatuta. Eskaria egiten badu bigarren lauhilekoko eskolak behin amaituta, ez zaio dirurik itzuliko.

Ohorezko matrikulak

36. artikulua

Ohorezko matrikulak prozedura honen arabera gestionatuko dira:

a) Ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberetako hurrengo matrikulan eta kreditu kopuru berean aplikatuko dira. Murrizketak aplikatuko dira, halaber, ikasleak espedientea aldatzen badu ikasketa horiek barne dituen gradu bikoitz batera. Aldiz, espedientea aldatzen badu gradu bikoitz batetik hura osatzen duten graduetako batera, murrizketak bakarrik aplikatuko dira baldin eta ohorezko matrikula daukan irakasgaia titulazio berekoa bada.

Dena den, ikastegietako zuzendaritza edo dekanotza taldeek beste modu batera kudeatu ahal izango dute, gradu bereko taldeen irakaskuntza bateratuagatik (gradu bikoitzak barne) edo irakasle taldeak aplikatutako metodologiagatik. Horretarako, jakinaren gainean jarri beharko dute graduko ikasketen arloan eskumenak dauzkan errektoreordetza ikasturteko lehen hiruhilekoan, eta argitara eman beharko dute ikastegian

Gradu Amaierako Lanaren kasuan, gehienez ikasleen % 5i eman ahal izango zaie ohorezko matrikula, kontuan hartuta ikastegiak defentsarako antolatutako aldi bakoitzean guztira, titulazio bakoitzerako, matrikulatu den ikasle kopurua.

b) Ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberetako hurrengo matrikulan eta kreditu kopuru berean aplikatuko dira. Murrizketak aplikatuko dira, halaber, ikasleak espedientea aldatzen badu ikasketa horiek barne dituen gradu bikoitz batera. Aldiz, espedientea aldatzen badu gradu bikoitz batetik hura osatzen duten graduetako batera, murrizketak bakarrik aplikatuko dira baldin eta ohorezko matrikula daukan irakasgaia titulazio berekoa bada.

c) Plan zaharretik plan berrira egokitutako irakasgaien kasuan, murrizketa egingo da kontuan hartuta zenbat kreditu aitortu zaizkion ikasleari ohorezko matrikularekin gainditutako irakasgaiaren truke.

d) Plan zaharretik plan berrira egokitutako irakasgaien kasuan, murrizketa egingo da kontuan hartuta zenbat kreditu aitortu zaizkion ikasleari ohorezko matrikularekin gainditutako irakasgaiaren truke.

e) Batxilergoko irakasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Hala ere, kalifikazio orokorrean «ohorezko matrikula» duten ikasleek matrikula ez ordaintzeko eskubidea izango dute unibertsitatean lehen aldiz matrikulatzean.

Bigarren matrikulaldia

37. artikulua

Bigarren lauhilekorako bigarren matrikulaldia zabaltzen duten ikastegiek Ikastegiko Batzarrean onartu beharko dute horretarako erabakia eta idazkaritzetan egingo da, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehenago. Bigarren matrikulaldia irakasgai hauetarako baino ez da zabalduko:

a) Aurrebaldintzak dituzten irakasgai edo mailetarako.

b) Hautazko irakasgaietarako, plaza hutsik badago.

c) Nahitaezko irakasgaietarako, Ikastegiko Batzarrak hala onartu badu.

 

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 23an onartua eta 2023ko  martxoaren 10ean EHAAN argitaratua