redes

Gu jarraitu!

 

 

Eduki publikatzailea

Indie+ Festival

Noiz eta non

Noiztik: 2021/02/04 Noiz arte: 2021/02/11, 18:00 - 00:00

Deskribapena

Otsailak 4 eta 11

Mitxelena aretoa

18:00

Doako Sarrera. Edukiera mugatua Covid-19 neurriak jarraituz.

 

INDEPENDENTE:

1 adj. Burujabea, beregaina, inoren mende ez dagoena.

Hiztegiak ematen duen definizioak balio dezake 1970eko eta 1980ko hamarkadetako musikan «indie» terminoa nola sortu zen ulertzeko. Gazteak haserre zeuden, ez zuten inoren mende egon nahi ez abestiak idazteko eta argitaratzeko ez birak eta kontzertuak antolatzeko. Modu autonomoan eta autogestionatuan egin nahi zuten guztia, zuzen eta etikoki, multinazional handirik gabe, bai diskoak grabatzeko bai fanzineak editatzeko eta egiazko eta zuzeneko eran sortzen ari zena transmititzeko, eta euren musika eta iritziak defendatzen zituzten, inori eskua sartzen utzi gabe. Horrez gain kontuan hartzen baditugu artea arteagatik egitea, estetika, do it yourself kontzeptua, munduko egoera politikoa, etxe okupatuak, amorrua, punka, hardcorea, straight edge mugimendua eta lehen jaialdiak, ulertuko dugu historiako une garrantzitsu bat izan zela, eta, nolabait, betiko aldatu zuen musika.

Gero, sistemak, nahi duena egiteko ahalmena duenez, mugimendua eta kontzeptua bereganatu eta okertu zituen, eta ia marka bihurtzea lortu zuen. Baina gaur egun oraindik badago mundu independente batean bizi den artistarik, arteari dagokionez behintzat, eta bide zailak eta arriskutsuak egiten dituzte, denborek, multinazionalek, babesleek edo sare sozialek zer eskatzen duten aintzat hartu gabe. Artea arteagatik, berriro ere. Ezagut ditzagun.

 

 

Otsailak 4

NUEVA VULCANO

Bartzelonako hirukotea elkar erabili aurretik berriz elkar ezagutzearekin jolastu da disko berrian. Ensayo diskoan maitasun abesti gutxiago daude, izan ere, bai abestien, bai energiaren atzeko giroak Artur Estradaren, Wences Aparicioren eta Albert Guàrdiaren barruan duela hamabost urte baino gehiagotik dauden samurtasuna, osagarritasuna eta agurrik gabeko besarkada irudikatzen ditu. Horixe da ia urtebetez egin zuten kirola: berriz elkar topatzea, hasierako garaietan bezala.

Jarrerak eta ideiak maila berean ulertzeko ezinbesteko talde bat da. Zenbait aldiz (literalki) mundu erdian birak eginda eta beste talde batzuetan 25 urte baino gehiagoan aktiboki arituta, Estatu osoko underground interesgarrieneko parte da. Jaialdian emanaldi bat eskaintzea erabateko luxua da.

 

SUA

Sua Maruriko talde misto bat da, 2018an Anne Barrenetxeak (ahotsa), Janire Lópezek (baxua eta teklatua), Julen Wrightek (gitarra) eta Esteban Gaviriak (bateria) eratua. 2019ko martxoan, Sua lehen EPa kaleratu zuten. Maketa lehiaketa batean lehenengo saria irabazi ondoren, urte bereko Bilbao BBK Live jaialdian aritu ziren.

Beren lehen albuma, Ordu beltzak, euskarazko eta ingelesezko 10 abestiz osatuta dago. Hitzetan esperientziak eta sentimenduak partekatzen dituzte, eta sua darion estiloarekin batera, gustu guztietarako erregistroak eskaintzen dituzte. Riff itsaskorrez, erritmo aldakorrez eta larruazala lazten duten ahotsez osatuak.

 

BAOBABS WILL DESTROY YOUR PLANET

Baobabs Will Destroy Your Planet (Iruñea, 2014) euskarazko musikan panorama berri bat sortzeko asmoarekin jaio zen. Eneko Reketibatek (bateria), Txemi Losadak (gitarra), Amaia Zalbidek (sintetizadoreak) eta Eymard Uberetagoenak (gitarra eta ahotsa) osatutako taldeak indie generoko eragin anglo-saxoi nabarmenak islatzen ditu, bai melodietan, bai soinuan.

Bi disko eta EP baten ondoren, beren ibilbidean ezinegona erakutsi dute, bai musikalki, Londresko Abbey Road estudioetan grabatu duen lehenengo talde euskalduna izanik, bai hainbat hiri handitan joz, esaterako, Parisen, Madrilen eta Bartzelonan. 2021ean, hirugarren diskoa kaleratzekoak dira.

 

Otsailak 11

MARIA BERASARTE

María Berasartek, nazioarteko proiekzio handieneko euskal kantariak, Lurra Eta Bidea proiektua aurkeztuko du. Bertan, bere istorioa irudikatzen du, bere lurrari eta jatorriari zuzendutako oda gisa. Bere ibilbidea musika iberikotik abiatuz baina beti euskal sustraiak zainduz garatu duen emakume baten kezka da.

Joan-etorriko bidaia bat da hau. Klasikotik abiatuz, fadora eta flamenkora, musika zeltara, sefardira iritsi zen eta beste genero batzuen ezagutzan sakondu zuen, jatorria galdu gabe. Maríak artista handiekin elkarlanean eta batera aritzea lortu du, besteak beste, Jordi Savall, Ara Malikian, Paco de Lucía eta Carlos Do Carmorekin, eta nazioarteko hainbat espazio eta jaialditan parte hartzea, adibidez, Sibiuko Nazioarteko Jaialdian, Hong Kong Arts Festivalen eta Bruselako Palais de Beaux-Arts-en.

Musika abentura honetan, Joseba Irazoki (gitarra elektrikoak) eta Igor Telletxea (perkusioa eta bateria) ditu lagun. Gainera, David Azurzaren ahotsa izango du, artista gonbidatu gisa

 

SARA ZOZAYA

Sara Zozaya Donostiako abeslari, konpositore eta musika tresna askoren jotzaile gazte bat da. Urte asko daramatza zeresana ematen bere eremuan parekorik ez duen profila duelako, industriako emakume aktiboa da, mugarik gabeko jakin-min musikala du eta entzuleak hunkitzeko gai da, kutsu nostalgikoa eta estilo nahasketa oso interesgarria bateratzen dituzten sorkari intimoen bidez.

Bere lan berria aurkeztuko du, Bat. Lan horretan, bere unibertsoa folkarekin, poparekin, lo-fiarekin eta beat elektronikoekin nahasten du, eta artistak bere arima modu berritzailean aletzen jarraitzen du. Nazioarteko soinu modernoen eta euskal musika tradizioaren arteko nahasketa interesgarria. Horiek horrela, eremuko artista apurtzaileenetako bat da, zalantzarik gabe. Ez dauka mugarik.

 

ENERITZ FURYAK

Azken urteak konplize izan dituen pixkanakako eraldaketak 2021a aldaketa horien emaitza biltzeko urtea bihurtzen dute. Eneritz Furyakek dagoeneko uztaren zati bat jasota zeukan aurreko bi diskoetan, euskal musikako ahots berrietako bat bezala finkatuta eta hainbat herrialdetan emanaldiak eginda, adibidez, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Suitzan eta Italian, baita hurbilagoetan ere, esaterako, Katalunian eta Galizian. Eta, noski, euskal geografia osoan.

2021ean, beste pauso bat emango du, nabarmenki ezberdina den lan berri batekin, aldaketa estilistiko bat egin baitu, elektronika industrialetik edo R&Btik gertuko erreferentziak slowcore edo post folk aztarnekin nahasiz. Hitz abstraktuak, azalpen bat baino gehiagotarako baliagarriak eta irekiak, erabiltzen jarraitzen du. Baina gai guztietan kontzeptu nagusi bat sumatzen da, bizi garen munduan bi ibilbide bakarrik izatearen ideia: markatutako bideari jarraitzea galderarik egin gabe edo sufrimendu bikoitza izatea, bidea –edo norbere burua– zalantzan jartzeagatik eta ez egokitzeagatik.