LINEAS_INVESTIGACION

Ikerketa-lerroak

Taldearen ikerketen historia eta profila

Gure taldeak erromatar munduaren hizkuntzen eta gramatikaren irakaskuntzan egin zituen lehenengo lanak. Horien emaitza nagusia Historia y métodos en la enseñanza de las lenguas clasicas (Gasteiz, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1996) liburuaren argitalpena izan zen.

Bigarren aldian (1997tik 2003ra), Taldeak lehentasuna eman zion Priszianoren obra guztiaren Bat-etortzeak eta Aurkibideak egiteari. Obraren tamainari eta garrantziari dagokienez, inoiz izandako latindar gramatikalari nabarmenena izan zen Prisziano. Halere, orain arte ez zegoen hiztegi-tresna bat, bere obraren azterketa xehea eta ikerketa sistematikoa egiteko. Gure lana hiru alditan egin zen. Lehenik eta behin, Priscianus minor (bere Insitutio grammaticae-ren XVII. eta XVIII. liburuak) izenekoarekin hasi ginen, bertan biltzen baitira sintaxiari buruzko testurik interesgarrienak. Ondoren, arreta guztia jarri genuen Priscianus maior izenekoaren azterketan (Insitutio grammaticae-ren I-XVI liburuak). Azkeneko aldian, berriz, gramatikalariaren obra txikiak aztertu genituen, bai bereak bai berari egotzitakoak.

Ikuspegi teknikotik, bat-etortze horiek hainbat arazoren iturri izan ziren. Denetan konplexuena izan zen Priszianoren obran dagoen grekoko testu ugaria, ez soilik hainbat lekutan agertzen delako, zenbaitetan paragrafoak luze samarrak direlako baizik. Hartara, baldintza horri irtenbide benetan eraginkorra emateko, bat-etortzeek testu-lerro berean bi hizkuntzetan idatzitako testuak egokitu eta bildu beharko zituzten, beren alfabetoen eta ortografien idiosinkrasia eta forma errespetatuz. Gure ustez, lan horren meriturik handiena izan da; hain zuzen, lehenengo bat-etortzeak sortzea, integrazio hori modu masiboan aplikatu ahal izateko. Bestalde, esan dezakegu amaierako emaitza, bat-etortzeen multzoa baino gehiago, bat-etortze bikoitza izan dela (dagozkien aurkibideekin), bat latinezko hitzarena eta bestea grekoko hitzarena, eta, bi kasuetan sarrera dagokion alfabetoan ematen da. Horrela, aipatutako arazoak gaindituta, bat-etortzeak oso erabilgarriak izan dira ikertzaileentzat.

Bat-etortze eta Aurkibide horiek Olms argitaletxeak argitaratu zituen zortzi liburukietan, bakoitzak 500 orrialdekoa (Hildesheim, I-II: 1999; III-VI: 2001; VII-VIII: 2003).

2004. urtean, Taldeak kalitatezko pausoa ematea erabaki zuen ikerketen metodoetan eta helburuetan, eta latindar gramatika-terminoen (eta erretorikoak) hiztegia egitea planteatu zuen, Antzinitateko  gramatika- eta erretorika-tratatuetan jasotako testuetatik abiatuta. Horren bidez, arlo horretan dagoen hutsunea bete nahi zen; izan ere, ordura arte horri buruz zeuden hiztegi-tresna batzuk oso zaharrak, eta gehienetan, partzialak ziren, eta, beste batzuk, berriz, eskas geratzen ziren modernoagoak izan arren.

Ikertzaile modernoak XX. mendearen lehen hamarkadetan hasi ziren latinezko testu espezializatuak ikertzeko interesa agertzen. Halere, termino zientifiko eta teknikoen azterketa sistematikoa, bai teorikoa bai praktikoa, mende erdi geroago hasi zen garatzen, ordura arte ez baitzeuden modu egokian aurrera egiteko beharrezkoak ziren tresnak. Informazioa masiboki lantzeko aukera ematen duten teknologia elektronikoek eta komunikazioaren gaineko zientzia kognitiboaren garapenak hiztegi-tresna sendoak sortzeko bitartekoak jarri dituzte ikertzaileen esku. Horien bidez, neurri handi batean, erantzun egokia eman diezaiokegu  zientziako arlo guztietan ikerkuntzak azken hamarkadetan lortutako garapen-maila handiari.

Aurrekoari dagokionez, baieztatu dezakegu nabarmen areagotu direla zientzia eta teknika izaerako hiztegi espezializatuen argitalpenak, bai hizkuntza bakarrekoak bai hizkuntza anitzekoak. Egoera hori eman da, bi gertakarik bat egin dutelako: batetik, zientzia-ekoizpena nabarmen areagotu da arlo guztietan, eta, bestetik, gero eta pertsona gehiago daude ikerkuntzako aurrerapenean interesa dutenak edo horien eraginpean daudenak. Era berean, hiztegigintzaren eta terminologiaren ikertzaileek arreta handiago eskaini diote fenomeno horri, eta corpus teoriko bat sortzen saiatu dira, lexiko espezializatuaren funtsa eta eginkizuna hizkuntza-teoria baten testuinguruan azaltzeko. Nolanahi ere, horrelako planteamenduekin batera, gutxitan egiten dira defendatutako tesien egiazko irismena baieztatzeko jarduera praktikoak. Egia esanda, aintzat hartzen badugu Gloria Guerrero Ramosek esandakoa  ("La terminología y los lenguajes de especialidad en el marco de la comunicación", in M. Casas & C. Varo (eds.), VII Jornadas de Lingüística, Cadiz, Unibertsitatea,  2003: 124 or.), hau da: "[l]a terminología se concibe, pues, como un campo interdisciplinar" eta "las unidades terminológicas se definirán, de acuerdo con el carácter multidimensional de la disciplina, como unidades lingüísticas, cognitivas y comunicativas" berehala ondoriozta dezakegu baldintza horiek aseko dituen hiztegi-tresnak egiteko premisa teorikoek eta pratikoek hiztegi arruntetan erabilikoez bestelakoak izan beharko dutela. Horrek inplikatzen du lexiko espezializatuaren ikerketen zailtasunez jabetu behar dugula, eta baita termino zientifiko eta teknikoak modu egokian bildu nahi dituzten hiztegi-tresnen egiazko aukerez eta mugez ere.

Inguruabar horien guztien adibide egokia eskaintzen digu DECOTGREL taldeak; izan ere, ohiko hiztegien metodoak eta bat-etortzeak egiteko teknikak konbinatuta, aipatutako hiru analisi maila (linguistikoa, kognitiboa eta komunikatiboa) kontuan hartu daitezke, aukeratutako termino bakoitza sailkatzeko eta aztertzeko prozesuan.  DECOTGREL, bat-etortzeen hiztegia den neurrian, XXI. mendeko terminologiak eta lexikografiak dituzten aukeren eta erronken adibide egokia da.

Taldeak antolatutako jarduera zientifikoak

  • "Historia y métodos en la enseñanza de las lenguas clásicas" jardunaldiak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Filologia Fakultatea, Gasteiz, 10-24, azaroa, 1995).
  • "I Jornadas sobre léxicos especializados y diccionarios temáticos" (Euskal Herriko Unibertsitatea, Letren Fakultatea, Gasteiz, 2009ko martxoaren 3-5). 

Taldeko kideen presentzia nazioarteko zientzia-batzordeetan

Javier ALONSO ALDAMA:
Estudios Neogriegos aldizkariaren idazketa-batzordeko kidea (2001az geroztik).
Erytheia, Revista de Estudios Bizantinos y Neogriegos aldizkariaren idazketa-batzordeko kidea (2007az geroztik).
Pio kontav sthn Ellavda: Más cerca de Grecia aldizkariaren idazketa-batzordeko kidea (2008az geroztik).

Marco A. GUTIÉRREZ GALINDO:
Hispania Felix aldizkariaren idazkaria (2009az geroztik)
Analele Universitatii din Craiova aldizkariaren idazketa-batzordeko kidea (2009az geroztik).

Silvia PITIRICIU:
Studii şi Cercetări de Onomastică şi Lexicologie (SCOL) aldizkariaren zuzendaria.