Info_Suscríbete

Orainarte izandako erakusketak...

UPV/EHU, Durangoko Azokan

Noiz eta non

Noiztik: 2016/12/02 Noiz arte: 2016/12/06, 09:00 - 20:00

Deskribapena

‘Basker' dokumental ahaztua eta 200 nobedade aurkeztuko ditu UPV/EHUk Durangoko Azokan

Zaku bete ikerketa, testuliburu, dibulgazio lan, bilduma eta aldizkari, Euskal Herriko Unibertsitatearen erakusmahaian

Eskaintza ederra darama aurten ere Euskal Herriko Unibertsitateak Durangoko Azokara, denetara 200 nobedadetik gora, liburu eta aldizkariak tartean. Euskara bultzatzeko daukan konpromisoari eutsiz, UPV/EHUk euskal kulturaren erakusleiho garrantzitsuenean hartuko du parte 51. edizio honetan ere, abenduaren 2tik 6ra.

Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuak makina bat jakintza arlotako euskarazko lanak aurkeztuko ditu. Ikasle zein herritar ororentzat erakargarri eta interesgarri diren ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezko) eta dibulgaziokoek osatzen dute aurtengo eskaintza. Aurkezpenean, Iñaki Goirizelaia errektorea, Jon Zarate Euskara Arloko errektoreordea eta Argibel Euba ikertzailea izan dira. Jon Zaratek argitalpenetan beharrean ibili direnak izan ditu gogoan: "Ikerketak, testuliburuak, dibulgazio lanak, bildumak eta aldizkariak dira Euskal Herriko Unibertsitateak Durangoko Azokara ekarriko duen aurtengo uzta. Aurkeztuko ditugun argitalpenetan lanean aritu diren irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako lankide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet".

‘Basker' ezusteko harribitxi etnografikoa

Ikerketaren arloan, nobedadeen artean, ‘Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak' daukagu, "harribitxia", Jon Zarateren esanetan. 1960ko hamarkadan, Suediako SVT telebistak euskal kulturari buruzko bi dokumental grabatu zituen. Balio handiko eszenak eta gaur egun galduta dauden ohiturak jaso zituzten. Argibel Euba etnologoak, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrari esker, dokumentalak aurkitu, eta horien inguruko ikerketa eta identifikazio lana egin du. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da liburua, eta DVDa euskara, gaztelania, frantses eta ingelesezko azpitituluekin.

 

‘Basker' eta ‘Bondei i Baskerland' dokumentalak ahaztuak egon dira orain arte. Eubak dokumentalen deskribapen zehatza osatzeaz aparte, egileei buruzko informazioa, egileek Euskal Herrian bertako gidariekin batera eginiko ibilbidearen deskribapena, filmen analisia eta dokumental bien eragin eta garrantziaren ebaluazioa ere egin ditu.

Balio historiko eta etnografiko berezia dute dokumentalek, gure kulturak azkeneko hamarkadetan bizi izandako aldaketa sakonak agerian uzten baitituzte. Erreportari suediarrek gai ugari landu zituzten, baina folkloreak, musika eta dantza tradizionalaren adierazpideak, piztu zuen batez ere euren jakin-mina.

Herri-kulturako hainbat artistaren eta adierazpenen lekukotzarik zaharrenak, eta kasu batzuetan bakarrak, batu zituzten: Sakabi eta Egañazpi, Alejandro Aldekoa, Zumarragako Trikitixa, Leon Bilbao, Maurizia eta Karakol… Horiez gain, aparteko esangura historiko eta kulturala daukan txalapartaren eszena bitxia dago: Martuteneko Billandegi baserri-dolarean, sagardo-upelez inguratuta, Jose eta Jose Mari Zabalegi aita-semeak txalaparta jotzen. Txalapartaren ikus-entzunezko testigantzarik zaharrena da, ezagutzen dugun lehenengo erregistroa, hain zuzen ere.

Abenduaren 1ean, gainera, Euskararen Egunaren inguruko ekitaldien barruan, UPV/EHUren hiru campusetan ikusi ahalko da, 13:00etan. Estreinaldia izango da Euskal Herrian, orain arte ez baita sekula proiektatu. Eta abenduaren 5ean, Durangoko Azokan bertan aurkeztuko da, 16:00etan, Areto Nagusian.

200 nobedadetik gora

Zaku bete liburu, aldizkari eta ikerketa lan daramatza UPV/EHUk 51. Durangoko Azokara. ‘Tirabirak/tiras que aflojan' liburuan, esaterako, EMAN ikerketa taldeak 1977tik 2016ra bitartean gure iragan gatazkatsua jorratu duten binetak jaso ditu. Egitasmo transmedia baten emaitza da.

‘Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara' obran, Koldo Zuazok eta Urtzi Goitik Euskal Herriko ipar-mendebaleko ertzean dauden 25 herritako hizkera aztertu dute. ‘Energia trantsizioak' beharrean, hainbat ikertzailek energiaren alorreko gaur egungo egoera aztertu eta zenbait proposamenen berri ematen dituzte. 1936ko gerraren harira, Euskal Herrian zabaldu diren diskurtso motak aurrez aurre jartzea izan da Izaro Arroitak eta Lourdes Otaegiren asmoa ‘Oroimenaren lekuak eta lekukoak' lanarekin. Ikerketei zuzendutako tartea bukatzeko, ‘Etnografia feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira dagoen antropologia' proposamena aipatuko dugu, Mari Luz Esteban eta Jone M. Hernández García ikertzaileek koordinatua.

Testuliburuek unibertsitateko argitalpen atal garrantzitsua osatzen dute, eta euskaraz sortutako zenbait berritasun ditugu arlo horretan. Alde batetik, ‘Filosofiarako sarrera bat', Agustin Arrietak idatzia, oihartzun handia eta kritika oso onak jaso dituen lana. Bestalde, medikuntzaren alorreko ‘Anestesiako eskuliburua', Alberto Martínezek, Itxaso Calvok eta Mikel Uriartek zuzendua, eta ‘Bioetika eta etika medikoa medikuntzako ikasleentzat', Mª Isabel Marijuán irakasleak idatzia. Halaber, informatikako bi titulu dauzkagu, biak UEUrekin elkarlanean argitaratuak: ‘PYTHON lengoaia: oinarriak eta aplikazioak', Iñaki Alegria eta Kepa Sarasola irakasleena, eta ‘Programen espezifikazioa, egiaztapena eta eratorpena', Javier Alvezen eta beste irakasle batzuen artean idatzia.

Euskal Herriko Unibertsitateak urte asko daramatza beste hizkuntzetako sona handiko testuliburuak euskarara itzultzen. Ehun bat titulu kaleratu dira azken hamabost urteotan. Horregatik, aurten itzultzailearen figurari omenaldia egingo diogu azokan bertan, itzulpengintzari buruz hitzaldi batzuk eskainiz. Itzulitako hiru testuliburu aurkeztuko ditugu: ‘Eskola kulturaniztunetan irakastea eta ikastea', Elizabeth Coelho irakasle kanadarrak idatzia; ‘Hezkuntza-ebaluazioa', José Francisco Lukas eta Karlos Santiagoren lana: 'Hirigintza-antolamendua: kontzeptuak, tresnak eta jardunbideak', Juli Esteban i Noguerarena.

Berritasunak ZIO, Limes eta LEGEAK-LEYES bildumetan

Baita, nabarmentzekoak dira euskara hutsean aspalditik ditugun lau bilduma: ZIO (zientzia irakurle ororentzat), Limes (filosofiako testu klasikoak), LEGEAK-LEYES eta Euskal Literatura. Lau nobedade ditugu bildumotan: Aristotelesen ‘Politika', ‘Hamaika euskal literato eta Jainkoa', Sebastian Gartziarena, eta, ‘Kapital-sozietateei buruzko legeria' eta ‘Ministerio Fiskalaren Estatutu organikoa' lanak.

Beste alde batetik, ‘Heziketa fisiko moderno baterako ikuspuntuak' lana dugu, hau da, Pierre Parlebas heziketa fisikoaren Frantziako erreferentziazko egilearen hitzaldi batean oinarritutakoa. Motrizista, irakasle, entrenatzaile edo kudeatzaile guztientzat interesgarria da.

Omenaldien atalean, ‘Hire bordatxoan. Txipi Ormaetxea omenduz' liburua izango dugu erakusmahaietan, euskal dialektologiaz, euskararen historiaz eta bariazioaz, literaturaz, etnografiaz, soziologiaz diharduen artikulu bilduma.

Aurreko guztiez aparte, euskarazko gure aldizkarietako azken zenbakiak eramango ditugu Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia), Tantak (hezkuntza) eta Gogoak (diziplina anitzekoa). Baita ASJU (euskal filologia) aldizkari eleaniztuna ere.