inf_inicio

Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC-KREI)

Irudia

Berriak

José Luis de la Cuesta ARzamendi honoris causa doktore izendatu du Peruko Unibertsitate Autonomoak.

José Luis de la Cuesta ARzamendi honoris causa doktore izendatu du Peruko Unibertsitate Autonomoak.

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/02

UPV/EHUko Zuzenbide Penaleko katedraduna eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendari José Luis de la Cuesta honoris causa doktore izendatu du Peruko Unibertsitate Autonomoak. Inbestidura ekitaldia, José Carlos Anicama Gómez –doktorea eta aipatutako unibertsitateko Giza Zientzien Fakultateko dekanoa– aitapontekoa izan zena, 2020ko uztailaren 1ean egin zen, era birtualean, COVID-19aren pandemiak eragindako egoera dela kausa.

Tamainako aitortza eskertzeko egindako hitzaldian, José Luis de la Cuestak, lehenik, Perurekin dituen familia loturak azaldu zituen osaba-aitona gogora ekarriz, Timoteo Ibarluzea, pasa den mendeko 30eko hamarkadan Peruko Bizente Paul behartsuen aitaren probintziaren sortzaileetako bat izan zena. Bestalde, bere ikasketa eta ikerketa prestakuntzan eta prestakuntza pertsonalean bereziki lagundu dioten «maisuak» aipatu zituen, besteak beste, Antonio Beristain Kriminologiaren Euskal Institutuko sortzailea, Reynald Ottenhof irakaslea edo Friburgoko Max Planck Institutuko zuzendari Hans-Heinrich Jescheck, Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko buru zena José Luis de la Cuesta irakaslea lehenengoz Alemaniara heldu zenean, 80ko hamarkadaren hasieran.

Oroitzapen hunkigarri horren ondoren, honoris causa irakasle doktoreak hitzaldi bat eman zuen, Espainiako Zigor Zuzenbidean pertsona juridikoek duten zigor erantzukizunari buruzkoa.

José Luis de la Cuesta Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko ohorezko presidentea da, Jakiundeko kide hautetsia eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide numerarioa. Nazioarteko eta Atzerriko Zigor Zuzenbideko Max Planck Institutuko (Friburgo, Alemania) Nazioarteko Batzorde Zientifiko Aholku emaileko kidea (Freiburg, Alemania) eta Instituto Superiore Internazionale di Scienze Criminali (Sirakusa, Italia) erakundeko Administrazio Kontseiluko kidea. Gainera, Kriminologiaren Nazioarteko Sozietateko Zuzendaritza Kontseiluko kide ere bada. Eta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidentea da. Sari eta aitorpen ugari jaso ditu; hauek dira nabarmentzekoak: Gizarte Zientziak eta Humanitateak modalitateko Ikerketaren Euskadi Saria (2009), eta Iasiko Unibertsitateak (Errumania, 2011) emandako beste honoris causa doktore izendapen bat. Zigor zuzenbidea eta kriminologia dira UPV/EHUko irakasle honen ikerketa ildoak. Bi liburu indibidualen eta 6 liburu kolektiboren egile da, liburu kolektiboetan 112 ekarpen egin ditu eta aldizkarietarako 93 artikulu idatzi ditu (nagusiki espainieraz, baina euskaraz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta txineraz ere bai). Halaber, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratutako 6 ikaslibururen egile da eta beste 39 lan kolektiboren koeditore.

Esteka hauetan, de la Cuesta irakasleari honoris causa doktorearen sari akademikoa ematen dioteneko unearen bideoa dago ikusgai, baita irakasleak emandako esker hitzak ere:

Sari entregaren bideorako esteka

Esker hitzen bideorako esteka

Kriminologiaren Euskal Institutuko kide guztien aldetik, bihotz-bihotzez, ZORIONAK!