Eduki publikatzailea

Top 2021 arkitektura

Liburu erakusketa, Gipuzkoako Campuseko Bibliotekan

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/05

Ohi gisa, Gipuzkoako Campuseko Bibliotekako Arkitektura Atalak, hilean behin, bere funts bibliografikoetan sartutako obretako bat aukeratu du. 2021ean aukeratutako liburuek, hautaketa honekin gertatu ohi den bezala, gaiei dagokienez aniztasun handia islatzen dute.

Hala, oraingo honetan honako hauek ditugu: Donostiako hirigintza garapenari buruzko tesi baten argitalpena, lurralde konplexu bateko hiri hedapenari buruzkoa; Philip Johnsoni buruzko biografia bisual interesgarri bat, Phaidonek argitaratua; “Habitar el agua” izeneko lana, frankismoaren garaian lantzeko moduko lurrak sortzeko –hau da, Espainia lehorra deritzonaren barne kolonizaziorako– eraiki ziren herrietan zehar egindako argazki ibilbide bat; Galiziako arkitekturaren historia Dombateko trikuharritik hasita Compostelako Kultura Hiriraino jasotzen duten bi liburukiren argitalpena.

Honako hauek ere hautatu dira: Andrée Putman barne diseinatzaile ezagunaren azken proiektuetako bati, Donostiako apartamentu baten barne diseinuari, buruzko liburu bitxi bat; Hatje Cantzen “Women in architecture: past, present, and future” izeneko argitalpena, Ursula Schwitallak editatua, zeinak lanean ari diren hogeita hamasei emakumezko arkitektoren ahotsak jasotzen dituen beren proiektuen bidez, baita emakumeek lanbide horretan jasaten duten diskriminazioari buruzko zenbait saiakera ere; “The essential Louis Kahn”, beste ibilbide bisual bat, kasu honetan Louisek diseinatutako hogeitik gora eraikinetan zeharrekoa, arkitekturan espezializatutako Cemal Emden argazkilariaren bidez; eta, “Miguel Díaz y Negrete, archivo de arquitectura (1947-2010)” erakusketako katalogoa, zeinetan Gijóngo eta Asturiasko bilakaera arkitektonikoa, bereziki XX. mendearen bigarren erdialdekoa, errepasatzen duten dokumentu ugari jasotzen diren –katalogoaren bertsio digitala eskuragarri dago–.

Hautaketa hau UPV/EHUko Arkitektura Eskolarekin zerikusia duten beste lau lanez ere osatuta dago.  Alde batetik, “Gipuzkoako ondare arkitektonikoan esku hartzeko gidaliburua: talde kudeaketa baterantz” dago, Claudia Pennesek eta Mikel Díaz de Ilarrazak prestatua eta COAVNk argitaratua. Gidaliburu elebidun txiki bat da, euskaraz eta gaztelaniaz egina, interes handikoa, ondare hori suntsitzeko politika nagusi den garai hauetan; Donostia hiriaren kasuan, bereziki katastrofikoa da politika hori.

Gure eskolarekin lotutako beste lanak UPV/EHUk berak argitaratu ditu. Lauren Etxepare irakaslearen “Joseph Hiriart, Art Déco-aren maisu: arkitektura bidaia Lapurditik Tunisera (1925-1936)” euskarazko liburua, zeinak Hirart Euskal Herriko Art Décoaren giltzarritzat hartuta berreskuratzen duen eta Tunisian arrastoa utzi zuela erakusten duen.

Halaber, “Máster universitario en rehabilitación, restauración y gestión integral del patrimonio construido y de las construcciones existentes (UPV-EHU): X aniversario (2010-2020)” argitalpena aukeratu da, Santiago Sánchez Beitia irakasleak zuzendua, zeinak zazpi Master Amaierako Lanen laburpena jasotzen duen, masterra ezarri zeneko hamargarren urteurrenean. Lan hori digitalki ere kontsulta daiteke, sarbide irekiarekin, ADDI gordailu instituzionalaren bidez.

Gainera, irakasle horrek berak, Santiago Sánchez Beitiak, koordinatutako “Las construcciones históricas: los análisis previos y la cultura científica” izeneko obra aukeratu da. Aipatutako masterrerako irakaskuntza bibliografia bat da eta gai horri buruz egindako dozenaka ikerketa proiekturen emaitzak biltzen ditu. Irakasleen irakaskuntza eta ikerketa lanaren laburpen bat da. Azpimarratu behar da, halaber, alderdi teknologikoak eta ez teknologikoak barne hartzen dituela eraikuntza historikoen azterketan, “babestu beharreko elementu” edo “multzoari nortasuna ematen dion elementu” definizioaren pean. Arkitektura Atalaren ustez, liburu honek 2021eko “urteko liburu onentzat” hartzea merezi du.

Hautatutako dozena bat lanek osatzen dute “Top 2021 Arkitektura” erakusketa. Berau 2022ko urtarrilean eta otsailean kontsulta daiteke, Bibliotekako Ikaskuntza Aretoan. Erakusketaren katalogoak aipatutako argitalpenei buruzko informazioa biltzen du, horien inguruko irakurketa osagarri batzuekin batera.

Azkenik, azken urtea ere bizi dugun pandemia egoerak markatuta egon denez, katalogoan, amaiera gisa, AstraZenecaren ikerketa eta garapenerako egoitza berriari buruzko artikulu labur bat sartu da. Egoitza hori Cambridgen dago, Aurkikuntza Zentroa deitzen zaio (DISC, ingelesezko laburduraren arabera) eta Cambridge Biomedical Campus (CBC) proiektu zabalagoaren parte da. Arkitektura lan hori Herzog&de Meuron enpresa ospetsuarena da, proiektua 2013an egin zen eta 2021. urte honetan inauguratu da; hau da, txertatze masiboaren hasiera gisa oroituko den urtean.