Eduki publikatzailea

Fake news-en inbasioa

Erakusketa. Bizkaiko Campuseko Biblioteka. Leioa (2018ko urria - 2019ko urtarrila)

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/26

Irudia

Fake news direlakoak (hitzez hitz, albiste faltsuak) orain zenbait mende sortu ziren, baina azken aldian “modan” jarri dira, besteak beste, Estatu Batuetako presidente Donald Trump-i esker; izan ere, bere alde egiten ez duten albiste guztiak sailkatzen ditu fake news multzoan.

Gaur egun, albiste faltsuak gero eta lasterrago hedatzen dira, eta biral bihurtzen dira sortu eta ordu gutxira, sare sozialen eta Interneteko plataforma digitalen efektu biderkatzaileari esker.

Are gehiago, MITeko (Massachusettseko Institutu Teknologikoa) ikertzaile talde batek berriki egin duen azterlan batek baieztatu egiten du: “albiste faltsuak egiazkoak baino lasterrago hedatzen dira”. Sarah Romerok "Muy interesante" aldizkarian argitaratutako artikulu batean argi azaltzen du erabilitako metodoa:

“Twitterren 2006-2017 denbora-tartean hedatutako 126.000 istorio analizatu zituzten: 3 milioi pertsona ingururen 4,5 milioi tuit baino gehiago.  Istorio horien egiazkotasuna edo faltsutasuna sailkatzeko, sei egiaztatze erakunde independenteren ebaluazioak erabili zituzten, eta zenbatetsitakoaren arabera, 48 milioi bot inguru daude (tuitak mekanikoki erreplikatzen dituzten programak) Twitterren, eta 60 milioi inguru Facebooken. Azterlanak ondorioztatu zuen gizakiak (ez, ordea, bot-ak) direla informazio engainagarriaren zabalkundearen erantzule nagusiak. Fake news direlakoek % 70 aukera gehiago dituzte erreplikatzeko”.

(https://www.muyinteresante.es/tecnologia/articulo/la-ciencia-confirma-que-las-fake-news-se-extienden-mas-rapido-que-la-verdad-581520594406)

Baina... zein da fake news albisteen helburua? Erantzuna erraza da: informaziorik eza sortzea edo iruzur egitea, nahita. Okerbideak sortzeko, erabaki pertsonalak manipulatzeko, prestigioa kentzeko edo pertsona zein erakundeak goraipatzeko argitaratzen dira, horrek eragiten duen onura politikoari edo ekonomikoari begira. Zoritxarrez, albiste faltsuak erakargarriagoak dira, interakzio handiagoa eragiten dute eta albiste errealak baino sarriago partekatzen dira.

Hain zuzen, aurkako helburua (informatzea eta albiste faltsu horiek eragiten dituzten arazoak ezagutaraztea) lortu nahi da erakusketa txiki honekin.