Eduki publikatzailea

Larrialde klimatikoa

Erakusketa Bizkaiko Campuseko Bibliotekan. Leioan. 2019ko iraila - 2020ko urtarrila

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/19

Irudia

Hau ez da etorkizuneko kontua, gaurkoa baizik” Mami Mizutori, Hondamendi arriskua gutxitzeko Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiaren ordezkari berezia.  2019ko uztailak 18

Zientzialariek aspalditik ohartarazi digute aldaketa klimatikoaren ondorioak oso larriak izango direla. Jakin bagenekien. Alabaina, munduko gobernuak ez dira ados jartzeko gai izan aldaketa klimatikoaren oinarrian dagoen eta planetaren suntsipena ekartzen ari den arazo nagusiari aurre egiteko premiazko neurri zorrotzak hartzeko.

Gure ekonomiek CO2ren isuria azkar gutxitzeko neurriak lehen bait lehen hartzeko gai ez badira, ingurugiro hondamendiak eguneroko kontuak izango dira, azken hilabete hauetan ikusi ahal izan dugun bezala (sute handiak, uholdeak, urakanak, lehorteak, Artikoa eta Antartikoaren desizoztea, eta abar).

Irailaren 27ko Klimaren aldeko nazioarteko Grebaren manifestuak dioen bezala “Tenperatura orokorra 1,5 °C ez igotzea gizateriaren lehentasuna izan behar da. CO2eq, hots, karbono-baliokidearen isuria gutxitzea premiazkoa eta beharrezkoa da. Horretarako, gure aztarna ekologikoa planetaren ahalmen biologikora egokitu beharko dugu.”

Munduaren egoera larriaren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak Klima aldaketari buruzko nazioarteko goi bilera egingo du irailaren 23tik 27ra New Yorken. Bertan mundu osoko gobernuak eta enpresaburuak elkartuko dira, baina ez da solasaldi hutsa izango, zehatz mehatz ezarri beharko baitute zein izango den norberaren ekarpena CO2ren isuria gutxitzeko eta mundua gradu zentigrado t’erdi baino gehiago ez berotzea lortzeko.

Aldi berean, Europar Batasuneko gobernu, udal eta erakundeak deituta daude Larrialdi klimatikoaren egoera aldarrikatzera. Azken bi hilabete hauetan hori egin dute bai Eusko Jaurlaritzak eta baita UPV/EHUk ere.

Gainera, irailaren 27rako, Klimaren aldeko nazioarteko Greba deitu dute mundu osoko elkarteek, eta horien buruan Klimaren aldeko gazteak eta, batez ere, Greta Thunberg, aldaketa klimatikoaren kontrako ekintzaile suediar gaztea.

Gaur egungo gizartearen erronkei aurre egiteko behar den ezagutza sortzeko eta zabaltzeko beharrezkoak diren informazio baliabideak unibertsitarien eta gizartearen esku jartzea Unibertsitateko Bibliotekaren zeregin nagusia denez, erakusketa bibliografiko aktibo hau antolatu dugu.

Eskerrak eman nahi dizkiogu BC3 ikerketa zentroari erakusketa honetarako egin duen ekarpenagatik.