LINEAS_Procesado_digital_senales_biomédicas

Ikerketa lerroak: Seinale biomedikoen prozesatze digitala

Testuingurua

Bihotz-biriketako geldialdia (BBG) deitzen diogu bihotzaren aktibitate mekanikoa bat-batean gelditzeari (zirkulazio zeinurik ezak adierazten digu hori). Intzidentziari dagokionez, 1.000 kasu inguru izaten dira egunero AEBn eta Europar Batasunean. Oso paziente gutxi irteten dira bizirik ospitaletik: %10 baino gutxiago, batez beste.

BBGan erabiltzen diren prozeduren eta maniobren helburua da zirkulazio espontaneoa berreskuratu eta arnasketa lehengoratzea, eta bihotz-biriketako berpizte saioetan erabiltzen dira. Urgentzia mediko garrantzitsu honi aurre egiteko,  International Liaison Committee on Resuscitation (ILCOR) sortu zen, 1992an, munduko berpizte kontseiluen arteko elkarlana –American Heart Association (AHA) eta European Resuscitation Council (ERC), besteak beste– bultzatzen duen nazioarteko erakundea. ILCOReko ikertzaileek ebidentzia medikoak aztertzen dituzte aldian behin, eta, emaitzen arabera, aholkuak edo berpizte gidak argitaratzen dira, 5 urtetik behin.

ILCORek ‘biziraupen katea’ kontzeptua sortu du, BBG kasuetan egin beharrekoen sekuentzia azaltzen duen metafora bat, helburua izanik ahalik eta gehien handitzea pazienteak bizirik irauteko probabilitatea. 4 katebegi ditu:

  1. larrialdia bizkor hautematea eta larrialdi zerbitzuei deitzea
  2. bihotz-biriketako bizkortzeari (BBB) berehala ekitea
  3. desfibrilazio goiztiarra
  4. arreta mediko aurreratu goiztiarra.

Resucitación CardioPulmonar (RCP)BBBan bularreko konpresioak egin eta aireztapenak ematen zaizkio pazienteari, odol fluxu txiki baina funtsezko bat irits dadin garunera eta miokardiora. Bizirik irauteko probabilitatea %10 txikitzen da BBBa hasi gabe igarotzen den minutu bakoitzeko. Gidek garrantzi handia ematen diote bularreko konpresioen kalitateari, ahalik eta gehien handitzeko biziraupena.

Desfibrilazioan, energia handiko deskarga elektriko bat ematen da, arritmia gaizto bat leheneratu eta perfusioarekiko erritmo kardiakoa lehengoratzeko.

Berpizte gidek tratamendua azaltzen dute, bai Oinarrizko Bizi Euskarri (OBE) bidezkoa bai Bizi Euskarri Aurreratu (BEA) bidezkoa. OBEk berehalako arreta prozedura ez-inbaditzaileak aplikatzen dizkio ospitaletik kanpo BBGa izan duen pazienteari, tresneria erabilerraza erabilita, hala nola kanpoko desfibrilatzaile automatikoa (KDA).

Servicio Vital Básico (SVB)

BEAk, aldiz, medikuek egin edo gainbegiratu behar dituzten interbentzioak eta prozedurak aplikatzen ditu. BBBz eta desfibrilazioaz gainera, BEAk aire bideak maneiatzeko tresnak erabiltzen ditu (intubaziokoak, oxigenoa ematekoak eta kapnografoak), eta zainetatik ematen diren farmakoak. Pazientea monitorizatzeko, BEAk tresna aurreratuak erabiltzen ditu, monitore-desfibrilatzaileak izenekoak, gai direnak erregistratu eta erakusteko espezialistak pazientea berpiztu bitartean aztertzen dituen seinale guztiak; besteak beste, 12 deribazio arterainoko elektrokardiograma, kapnografia seinalea, pultsioximetria seinalea edo konpresioen sakonera seinalea.

Servicio Vital Avanzado (SVA)

Taldearen lana ikerketa lerroan

Duela 20 urte hasi ginen lanean ikerketa lerro honetan, eta berpiztearen hainbat alorretan dihardugu:

  • Erritmo desfibrilatzaileak automatikoki detektatzeko algoritmoak, paziente helduetan eta pediadrikoetan.
  • Bihotz erritmoaren diagnostikoa bularreko konpresioetan.
  • BBBren kalitatearen monitorizazioa.
  • Bularreko konpresioen sakonera eta maiztasunari buruz denbora errealean gidatzeko sistemak.
  • Zirkulazio espontaneoaren berreskuratzearen detekzio automatikoa.
  • Kapnografia seinalearen erabilera aurreratua berpizteetan.

Lan arlo horietatik abiatuta, ikerlan mardul bat egin da, 6 doktorego tesitan gauzatu dena.

Gaur egun, lanean ari gara batik bat kapnografia seinalean. Berpizte gidek bereziki aipatzen dute seinale horrek pazientearen erantzun hemodinamikoaren adierazle ez-inbaditzaile gisa duen garrantzia. Hala eta guztiz ere, uste dugu gaur egun kapnografoek informazio eskasa ematen dutela berpizte saioetan (aireztapenen maiztasuna eta botatako CO2 maila –ETCO2–), zehaztasun gutxikoa kasu askotan, konpresioek kapnografia seinalean eragiten dituzten interferentziengatik, eta oso gutxi laguntzen dietela medikuei erabakiak hartzeko orduan. Ziurrenik, etorkizuneko kapnografoek zehatz adieraziko dituzte aireztapenen maiztasuna eta ETCO2 maila; medikuei lagunduko diete bularreko konpresioen kalitatea hobetzen –sakonera, maiztasuna eta inpultsibitatea–, aintzat harturik pazientearen ezaugarri fisikoak; zehaztasunez jakinaraziko dute pazienteak zirkulazio espontaneoa berreskuratu duenik; eta, uneoro, berpizte ahaleginen pronostikoa –aldekoa nahiz kontrakoa– adieraziko diote medikuari, ahalik eta gehien murrizteko BBGtik bizirik baina kalte neurologiko larriekin irteten den paziente kopuru handia.

Transferentzia teknologikoa

Ikerketa lerro hau martxan jarri zen Osatu Koop. S. enpresarekin (Mondragon Korporazioa) eginiko kontratuen bidez. Kooperatiba txiki bat da, kanpo desfibrilatzaile automatikoak eta monitore-desfibrilatzaileak sortu, ekoitzi eta merkaturatzen dituen enpresa bakarra estatuan (marka komertziala: Bexen Cardio), eta ikuspegi teknologikotik lehia handikoa den merkatu batean aritzen da, non nagusi baitira Philips, Zoll, Physio-Control eta antzeko multinazionalak. Duela ia 20 urtetik, konfiantzan eta elkarlanean oinarritutako harreman guztiz emankorra daukagu bi aldeon artean, transferentzia teknologiko garrantzitsu bat ahalbidetu duena.