Polimedia Aretoa

Polimedia aretoa

Polimedia aretoak baliabide didaktikoei buruzko edukiak bideo euskarrian grabatzeko zerbitzu bat eskaintzen die irakasleei.

Ikasgela birtual batean edukiak bideoan emateak onura nabarmenak izan ditzake, heziketaren ikuspegitik. Irakasleei irakasgai baten oinarrizko alderdiak modu argi eta zehatzean azaltzea ahalbidetzen die, bai edukiei dagokienez bai ikaskuntza-jarduerak egiteko argibideei dagokienez.

Bestalde, aurrez aurreko modalitatean, bideo-eduki aberastu horiek irakasgai bakoitzeko irakasleei aukera ematen diete irakaskuntza-gida ikasleei aurkezteko eta azaltzeko, matrikula egin aurretik.

Horrez gain, horrelako baliabideak aplika daitezke ere irakaskuntzaz bestelako xedeetarako. Hona hemen adibide batzuk:

  • Errektoreordetzak, ikastegiak eta institutuak, eta tituluak aurkezteko bideoak, edo horrelako formatu batean ematea interesgarria izan daitekeen  bestelako informazioa.
  • Unibertsitateko zerbitzuak azaltzeko bideoa.
  • Ikertaldeak, proiektuak, argitalpenak… aurkezteko bideoak.

Nola funtzionatzen du polimedia estudioak

Estudio honetako ekipamenduen bidez, bideo-formatuko edukiak hornitzeko, baliabide osagarriak erabil daitezke, hala nola eskemak, irudiak, diagramak eta bestelako eduki digitalak. Irakaslearen azalpena elementu osagarriekin (irudiak, eskemak, aurkezpen baten diapositibak…) muntatzeko eta konbinatzeko prozesua modu automatizatuan egiten da, eta kalitatea galdu gabe.  Horrek, alde batetik, arreta osoa azalpenaren grabazioan jartzea ahalbidetzen dio irakasleari, alderdi teknikoei erreparatu gabe. Bestalde, grabazioaren emaitza minutu gutxian Interneten argitaratzeko aukera ematen du.

Horrela grabatzeko aukera ematen duen oinarrizko ekipamenduak funtsezko bi elementu ditu. Lehendabizi, kamera bat eta Chroma Key dekoratu bat, hizlariaren irudia hondo errealetik ateratzen dutenak.  Bigarrenik, bideoa editatzeko ekipo konpaktu bat, kameratik hartutako hizlariaren irudia dekoratu birtual batean koka dezakeena, beste eduki batzuekin konbinatzen den beste geruza bat bezala. Beste eduki horiek izan daitezke, besteak beste, aurkezpenak, irudiak, testu-laukiak, logotipoak…

Polimedia aretoko talde teknikoak laguntza eta aholkularitza eskainiko diote irakasleari, bideoa prestatu eta grabatu bitartean; hala, besteak beste, edukia antolatzen lagunduko diote edo material osagarriak egokitzen, ongi ikus daitezen. Kabinatik, urruneko aginte baten bidez, irakasleak amaierako bideoan sartuko diren diapositibak emango ditu, eta zuzenean kontrolatu ahal izango du muntaketaren emaitza.

Kontuan hartu beharreko alderdiak:

Chroma Key profilatze-sistema hondo berde baten gainean egiten da; beraz, beharrezkoa da hizlariaren arropa beste kolore batekoa izatea, bestela ezinezkoa izango baita mozketa egitea.

Aurkezpen bat erabiliz gero (Powerpoint, Impress, Keynote…), beharrezkoa da orrialdearen konfigurazioa 16:9ra aldatzea, eta horren edukia ongi ikus daitekeela berrestea.

Saioa egiteko ordua eta eguna aldez aurretik hitzartu beharko dira, eCampus zerbitzuarekin harremanetan jarrita. Grabatzeko saio bat eskatzeko, bidali posta bat ecampus@ehu.eus helbidera, labur-labur azalduta bideoen ezaugarriak, bideo kopuru osoa eta estudiora joateko data.