Eduki publikatzailea

Biografia: Empar Pineda Erdozia

Irudia

Hernanin jaio zen 1944an eta haurtzaroa familiaren baserrian igaro zuen, bere sei nebaarrebekin batera. Aitonarekin harreman estua zuen; gizonak ezagutza handiak zituen landareen eta ukenduen ahalmen sendatzaileari buruz, eta politikoki oso bizia zen. Horrek Emparren errebeldia goiztiarra piztu zuen. 1964an batxilergoa bukatu eta Madrilera joan zen; han bizi zen bere ahizpetako bat.

Borroka politikoa

Ikasleen borroka antifrankistan parte hartu zuen, eta Madrilgo eta Bartzelonako unibertsitateetan matrikulatzea debekatu zioten. Hortaz, 1964an, Salamancako Unibertsitatean egin zuen matrikula, eta, beranduago, Oviedokoan, non filologia erromanikoan graduatu zen.

Madrilera itzuli zen, eta gaztelania eta literatura eskolak emateari ekin zion Hogar del Empleado delakoaren filial batean; bitartean, ezkerreko erakundeetan militatzen jarraitu zuen. Unibertsitate garaian JUVEn militatu ondoren, “Lenin” izeneko erakunde batean, Komunisten Federazioan eta, azkenik, Mugimendu Komunistan militatu zuen.

Frankismoaren aurka borrokatzearen ondorioz, agintaritzek atxilotu egin zuten, eta denboraldi bat igaro zuen Martutenen. 70eko hamarkadan, trantsizioan zehar, Bartzelonara lekualdatu zen, eta, bertan, Kataluniako Mugimendu Komunistako burua izan zen; Kataluniako Batzarrean ordezkatu zuen elkarte hori.

1977ko hauteskundeetan, Bartzelonako hautagai izan zen Sozialismoaren aldeko Herri Batasuneko Hautagaitza ordezkatzeko, eta 1977koetan, aldiz, MCC-OEC taldeko zerrendaburua izan zen.

Borroka feminista - lesbiana

Feminismoa Kataluniako Mugimendu Komunistako bere kideen eskutik deskubritu zuen. 1975ean, Nazio Batuen Erakundeak Emakumearen Nazioarteko Urtea aldarrikatu ondoren, lehendabiziko batzarrak egin ziren Unescoren Lagunen Elkartean. Bertan bildu ziren hainbat aktibista feminista, gerora, 1976ko maiatzean, Bartzelonako Koordinakunde Feminista eratu eta Kataluniako Emakumearen lehen Jardunaldiak (Jornades Catalanes de la Dona) antolatu zituztenak. Milaka emakume bildu zituzten Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, feminismoari eta emakumeen eskubideei buruzko hausnarketak egiteko.

1977an, gay, lesbiana eta transexualen eskubide eta askatasunetan eginiko aurrerapenaren lekuko izan zen. Hain zuzen, 1977an Madrilgo Gay Harrotasunaren Egunaren lehen manifestazioan pankartari eutsi zion. 1981ean, Madrilgo Feminista Lesbianen Kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen, eta Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordearen sorreran ere parte hartu zuen.

Ondoren, Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Madrilgo Batzordea sortzen lagundu zuen, Otras voces feministas sarearen ordezkari izan zen, baita Hablan las mujeres bildumaren eta Nosotras que nos queremos tanto eta Desde nuestra acera aldizkarien zuzendari ere.

1993tik aurrera, Madrilgo Isadora klinikan lan egin eta sexu-langileen eskubideak defendatzeko Hetaira kolektiboan modu aktiboan parte hartu du, eta Fundación 26 de Diciembre nagusien LGTB kolektiboan ere inplikatuta egon da.