Info_Presentacion Historia Campus

Aurkezpena

Esan daiteke Bizkaiko Campusa gaurko Euskal Herriko Unibertsitatearen ernamuina izan zela. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean agerian jarri zen Bizkaia Medikuntza Fakultate baten premia gorrian zegoela. Izan ere, herrialde honetan asko hazia zen populazioa, eta ulertezina zen halako ikastegirik berton ez izatea.

1968an, Medikuntza Fakultatea eta Zientzia Fakultatea sortzearekin batera, Bilboko Unibertsitatea sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen aurrekari zuzen-zuzena. 1955az geroztik Bilboko Sarriko auzoan irekita zegoen Politika, Ekonomia eta Merkataritza Zientzien Fakultatea ere unibertsitate berrian txertatu zen; zalantzarik gabe, fakultate horretako kideek ere zeresan handia izan zuten unibertsitate berriaren sorreran.

Hurrengo urteetan ikastegi berriak sortzen edo unibertsitatean txertatzen joan ziren, eta gorpuztura ematen erakundeari: Industria Ingeniarien Goi Eskola (XIX. mendean hasitako tradizio luzea zuena), Arte Ederren Fakultateko Goi Eskola (gero fakultate bihurtu zena), eta beste ikastegi eta eskola batzuk.

1969an Bilboko unibertsitate barrutia sortu zen. Aldi berean Leioako campuseko lanak adjudikatzeko prozesua zabaldu zen, eta gero, eraikitze lanari berari ekin zioten. 1972-73 ikasturtean lehenengo eskolak ematen hasi ziren gune berri horretan. Urteekin, ikastegi gehiago erantsi zitzaizkion Bilboko Unibertsitateari, eta beste batzuk ere sortu ziren: Erizaintza Eskola 1977an, Informazio Zientzien Fakultatea 1981ean, etab.

Bizkaiko barrutia Arabako eta Gipuzkoako lurraldeetara hedatzea urrats erabakigarria izan zen.

Bizkaiko campusaren indarra motore garrantzitsua izan zen gerora euskal unibertsitate publikoa izango zena eratzeko. Beste lurraldeetan ere gero eta indar biziagoz eskatzen ziren unibertsitateko ikastegiak, eta bere garaian garrantzi handia hartu zuen Euskal Unibertsitatearen Aldeko Kanpainak, non Euskal Herriko irakasle, intelektual eta kide ugarik hartu zuten parte, erkidegoko hiru lurraldeetan banaturik egongo zen euskal unibertsitate publikoaren aldeko apustua eginez.

Gure herriarentzako unibertsitatea sortu nahian eta aldi berean lurralde bakoitzaren kultura eta irakaskuntza eskakizunak ase guran, Bilboko Unibertsitateak izena aldatu zuen 1980an (Otsailaren 20an), eta aurrerantzean Euskal Herriko Unibertsitatea izena hartu zuen. Unibertsitatea, beraz, hiru campusetan banaturik dago, eta Bizkaiko Campusa da gaur egun ikastegi, ikasle eta irakasle gehien biltzen dituena.