Breadcrumb

Albisteak

Gerra zibilaren kontzeptua historian zehar, Ariadna Histórica aldizkarian, UPV/EHUren aldizkari berrian

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/06

Irudia

Historia kontzeptualari buruzko gaztelaniazko lehenengo argitarapenak estreina hartu du David Armitage, Harvard-eko unibertsitateko irakaslearen analisi batekin.

Zer ezkutatzen du gerra zibilaren kontzeptuak? Zeintzuk dira errepublika eta demokraziaren arteko harremanak? Zer errealitate adierazten dugu eliza diogunean? Hauexek dira Ariadna Histórica aldizkariaren lehenengo alean planteatzen diren gaietako batzuk, gaztelaniaz historia kontzeptualari buruz editatzen den lehendabiziko argitarapena izaki.

Ariadna Histórica aldizkariak, bere lehenengo aleko orriak irekitzeko, gerra zibilaren kontzeptuak Kristo aurreko lehenengo mendetik egun arte izan duen bilakaerari buruzko azterketa bat baliatu du, Harvard-eko unibertsitatearen Historia saileko zuzendariak David Armitage historialari ospetsuak idatzia. Aldizkariak, formatu digitalekoa eta Javier Fernández Sebastián UPV/EHUko katedradunak zuzenduta, gizarte eta politikaren metafora, kontzeptu, eta mintzaeren historia du eginkizun. Esan bezala, argitarapenek gerra zibilaren kontzeptuaz egin du estreina, "ideien bidezko historiarako lehenengo mailako kandidatua, hasiera identifikagarria baitu Kristo aurreko lehenengo mendean, nahiz eta gaur egun oraindik amaiera ikusten ez zaion", halaxe mintzo da Armitage bere artikuluan, "eta kontzeptu zinez eztabaidagarria izan da, hasi-hasieratik ihardespena izan duelako barru-barrutik".

Honez gain, aldizkariak 'Independentzien marko kontzeptualak: kontzeptu giltzarrien arteko diskurtso-elkarreraginak' izeneko monografikoa gehitu du. Hurrengo alerako prestatutako monografiak "Gizarte-loturaren metaforak eta kontzeptuak" jorratuko ditu. Interesatuak martxoaren 31 arte helarazi ahal izango dituzte proposamenak.

Ariadna Histórica-k 'historia kontzeptuala' izeneko arloan du artikuluen muina, giza eta gizarte-zientzien arloan diren arloetan dinamikoenetako bat, ikerketa oparo anitz irekita dauzkala. "Espainiar panorama akademikoaz gain, Iberoamerikakoan ere zegoen hutsunea betetzera dator aldizkaria, orain arte, ez baitzegoen iraganeko errealitate politiko eta sozialak ikusmolde kontzeptualetik aztertuko lituzkeen argitarapen espezifikorik", aitortu du Fernández Sebastián irakasleak.

Aldizkaria, UPV/EHUren Politika Modernoaren Historia Intelektualari buruzko ikerketa-taldeari loturiko ikertzaile zenbaiten ezinegonak erakarri du, bereziki, editorial-talde osatzen duten Pablo Sánchez León, Luis Fernández Torres eta Cecilia Suárez Cabalena. Ariadna Históricak parte hartzen du, era berean, Historia kontzeptualerako europar proiektuan, Helsinki, Bielefeld eta Oxfordeko unibertsitateetako irakasleekiko lankidetzaz abian jarri delarik.
Beste alde batetik, Fernández Sebastián buru duen ikerketa-taldea Kontzeptuen historiari buruzko nazioarteko XVI kongresua antolatzen ari da, berori Bilbon 2013.eko abuztuaren amaiera aldera egitekoa. Gonbidaturiko hizlarien artean, nabarmendu behar dira Anthony Pagden, Kalifornia-Los Angeleseko unibertsitatekoa, eta François Hartog, Pariseko gizarte-zientzien goi ikasketen eskolakoa.

Ariadna Histórica aldizkari digitalaren esteka: https://www.ehu.eus/ojs/index.php/Ariadna/issue/current

Nace la revista Ariadna histórica/Ariadna histórica aldizkaria sortu da from UPV/EHU on Vimeo.

Bideoa: https://vimeo.com/59040922