Breadcrumb

Albisteak

Emiliano Fernández de Pinedo katedraduna saritu dute bere jardunbide akademikoagatik

Lehenengo argitaratze data: 2013/09/03

Irudia

UPV/EHUko irakasleak zientziari eta lanbideari egindako ekarpena nabarmendu duen Ekonomia Historiaren Espainiako Elkarteak gaur emango dio saria .

Ekonomia Historiaren Espainiako Elkarteko (AEHE, gaztelaniazko siglen arabera) Batzordeak gaur, iraleak 3, emango dio Jardunbide Akademikorako V. Saria UPV/EHUko Ekonomia Historiako katedradun Emiliano Fernández de Pinedo Fernándezi. Sari horren bidez, historialariak lau hamarkadatan zehar egindako ekarpen zientifiko eta akademiko nabarmena aitortu du elkarteak, baita lanbidearen aurrerapenaren alde egindakoa ere. Saiaren ematea Ekonomia Historia IV. Topaketan izango da Iruñean.

Elkartearen batzordeak azpimarratu du Fernández de Pinedoren ekarpen zientifikoen originaltasuna, Antzinako Erregimenetik hasi eta Euskal Herriko industria-iraultzera arte. Era berean, ikerketa-lerro desberdinei eman dien bultzada estimatzen du elkarteak, besteak beste, Aro Berriko demografia, ogasuna eta fiskalitatea, eta industrializazioa eta eskualdeko garapen ekonomikoa. Ekoizpen zientifikoarekin batera, 18 doktore-tesi zuzendu dituela azpimarratu du, eta horietatik hiruk Euskal Herriko Unibertsitateko ez ohiko doktore-saria jaso dutela. Horretaz gain, industrializazio eta enpresaren historialarien eskola sortu du, eta Nafarroako eta Euskal Herriko ekonomia ituna eta foru ogasuna aztertzen duten historialarien eskola ere bai.

Emiliano Fernández de Pinedo Salamancako Unibertsitatean ikasi eta lizentziatura lortu zuen 1967an. Madrilgo Unibertsitatean doktoregoa egin zuen, eta Pariseko L'Ecole Pratique des Hautes Etudesen (1971-72) zabaldu zituen ikasketak. Frantziako hiriburuan prestatu zuen 'Crecimiento económico y transformaciones sociales en el País Vasco (1100-1850)' tesia, eta Siglo XXI argitaletxeak plazaratu zion. Bere ikerketa eredu bihurtu zen goraka ari zen Espainian eskualdeko ekonomia historian. Fernández de Pinedo katedraduna berrogeita hamar lan baino gehiago argitaratu ditu, bai aldizkari zientifikoetan, bai liburuetan.

Unibertsitateko kudeaketari dagokionez, Gasteizen, Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea (gaurko Letren Fakultatea) martxan jarri zuen dekano komisarioa izan zen, 1978tik 1982ra arte. 1984tik aurrera UPV/EHUko Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak Saileko zuzendaria izan da.