Breadcrumb

Albisteak

Islamera bihurtutako emakumeei buruzko ikerlan batek irabazi du UPV/EHUko I. Maria Goyri Saria

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/21

Irudia

Itzea Goicolea sariaren irabazlearen ustez, eredu patriarkala aldatzean aldatuko da gehienek darabilten diskurtso islamiko nagusia.

Ikasketa Feminista eta Generokoak masterreko ikasle Itzea Goicoleak irabazi du genero ikuspegia barne hartzen duten master amaierako lanen I. Maria Goyri Saria. Epaimahaiak, deialdi honetara aurkezturiko zortzi lanen artean, haren lana hautatu zuen, 'Feminismoa eta errukia: genero analisi bat islamera bihurtutako emakumeen inguruan" izenekoa, Miren Llona irakasleak zuzendurikoa. Aurkezturiko lanak master hauetakoak ziren: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak (1), Ikasketa Feministak eta Generokoak (2), Gobernantza eta Ikasketa Politikoak (1), Ikerketa eta Sormena Artean (2), Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak (1) eta Psikodidaktika: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak (1).

Saria ohorezkoa da soilik, eta UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2010-2013) onartu zenean sortu zen, xede honekin: "gradu eta master amaierako proiektuetan genero ikuspegia sustatzea, eta inguruabar hori baliatzea beren lanbideetan aitzindari izan ziren eta jatorriz edo adopzioz euskaldun ziren emakume haien izenak eta ekarpenak berreskuratzeko", Jasone Astola Unibertsitateko Berdintasunerako zuzendariak azaldu duenez.

Maria Goyri izan zen Filosofia eta Letretako Lizentzia lortu zuen lehenengo emakumea (1896an), bai eta doktoregoa lortu zuen lehen emakumea ere (1909an), Lucanor kondearen liburuari buruzko tesiarekin. Hau da, arauek emakumeei unibertsitateko ikasle izaten utzi aurretik, hori ez baitzen gertatu 1910. urtera arte. Maria Goyrik, bere lanetan, emakumeen alde egin zuen -sekzio propioa zuen, 'Crónicas femeninas' izenekoa, Revista Popular aldizkarian-, bai eta euskal kulturaren alde ere -'Aplicación del modelo romancero de análisis a la balada vasca: bereterretxen khantoria'-, eta, beraz, emakume guztiz egokia da sari honi izena emateko.

Islamera bihurtutako emakumeak
Ikerlanak -errespetua eta kritika feminista oinarri dituela- islamari atxiki zaizkion emakume autoktonoen bizimodua aztertzen du. Lanaren xedea da bihurtze prozesua eta inguruko jendearen erreakzioak ezagutzea, haien nortasuna nola eraturik dagoen eta zer hierarkia duten ikustea, genero diskurtsoak aztertzea eta emakume horietako bakoitzaren ekiteko gaitasunari buruz gogoeta egitea.

Itzea Goicoleak bere lanean dio bihurturiko emakumeak hiru modutara erlazionatzen direla genero islamiko nagusiaren arauarekin: lehenik eta behin, diskurtso feminista islamikoa dutenak daude, islamaren izaera patriarkala dekonstruitzen dutenak edo genero borroka edo jihad-a sinestunek betebeharreko zerbait dela uste dutenak; bigarren motako emakumeek bikotekide arabomusulmana dute eta islama modu kulturalean ulertzen dute, "europar mentalitatea" aipatzen dute diskurtso nagusiaren postulatu patriarkal batzuei aurre egiteko, baina, gero, diskurtso hori bera errepikatzen dute beste eremu batzuetan; eta hirugarrenik, "subjektu jainkozale" deitzen dituen emakumeak daude, salbuespenak salbuespen diskurtso nagusiarekin guztiz bat datorren diskurtsoa dutenak.

Modu horretara, ikerlanari izena ematen dioten bi ekintza modalitateak itxuratzen dira: batetik, feminista, patriarkatuari buru egiten diona hala islamaren esparruaren barruan nola kanpoan; eta, bestetik, ekintza jainkozalearen modalitatea, beren "ni"-a eraldatzeko prozesuan murgilduta dauden emakumeen artean agertzen dena, erruki islamikoaren erdigune izateko helburuarekin.

Diskurtso islamiko nagusia
Itzea Goicolea Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Arabiera-Espainiera Itzulpengintzako Aditu Ikastaroa egiten ari da gaur egun, Toledoko Itzultzaileen Eskolan. Gertutik ezagutzen du arabiar emakume musulmanen egoera -gutxiengoa dira munduko islamiar komunitatean-, eta, azaldu duenez, "horien artean izugarrizko aldeak daude, hartzen dugun herrialdearen arabera, klasearen arabera eta munduan pertsonen egoerari eragiten dioten beste aldagaien arabera, feminismoak erakutsi digun bezala".

Bere lan sarituan azaltzen du diskurtso nagusia eta gehienek darabiltena patriarkala dela, eta, beraz, patriarkatu islamiko horrek baldintzatzen duela diskurtso horren aterpean bizi diren emakumeen egoera; hain zuzen, patriarkatu horrek zapalkuntza eta diskriminazio modu ugari eta askotarikoak ezartzen ditu emakumeen aurka. "Uste dut askotan botere patriarkalak diskurtso erlijiosoa hartzen duela zapaltzeko tresna gisa. Fatima Mernissi marokoar feministak zioen bezala, zapalkuntza horrek jokoz kanpo uzten ditu biztanleen erdiak. Dena dela, horrek ez du esan nahi ez diskurtso alternatiborik ez dagoenik islamaren esparrutik kanpo zein barruan, ez emakume musulmanak biktima hutsak, pasiboak eta salba ditzaten behar duten gajo batzuk direnik, ez eta errepertorio paternalista eta patriarkal hau guztia ere, horren apologia egiten baita "Mendebaldean", argitu du.

Goicolearentzat, islam patriarkalak baztertu egiten du islam feminista, eta zilegitasuna kentzen dio; "izan ere, patriarkatuak, zeinahi forma hartzen duelarik ere, feminismoa du etsairik handiena, desmuntatu eta biluzten duen etsaia, berdintasunezkoagoak diren eta emakumeentzat eta beste talde gutxiagotu eta baztertu batzuentzat hain zapaltzaileak ez diren arropekin jantzarazten saiatzen den etsaia". Nolanahi ere, badu itxaropena egunen batean aldaketa etorriko dela ez bakarrik islamera, baizik eta baita diskurtso patriarkal osora ere. "Uste dut patriarkatua desagertzean desagertuko direla haren forma guztiak, horien artean islamikoa. Uste dut, islam patriarkalaren aurkako borrokaren ildo honetan, feminismo islamikoaren diskurtsoa oso indartsua dela, eta uste dut islamera bihurtu diren espainiar emakumeak lan handia egiten ari direla haren tesia zabaltzen; haietako batzuek lanean dihardute komunitate islamikoen altzoan ere, eta kalera eramaten dute zentro akademiko eta intelektualetan sortzen den teoria feminista islamiko hori", ondorioztatu du.

FEMINISMOA ETA ERRUKIA: GENERO ANALISI BAT ISLAMERA BIHURTUTAKO EMAKUMEEN INGURUAN
LABURPENA
Abiapuntuko posizionamendu epistemologiko moduan diskurtso islamofoboak eta, batez ere, "genero islamofobia" baztertuz, batetik, eta patriarkatua eta, bereziki, islam patriarkala baztertuz, bestetik, ikerlan honen hasierako asmoa zen islamari atxiki zaizkion emakume autoktonoen bizimodua aztertzea -errespetua eta kritika feminista oinarri zirela-. Nire interesgunea zen bihurtze prozesua eta inguruko jendearen erreakzioak ezagutzea, haien nortasuna nola eraturik dagoen eta zer hierarkia duten ikustea, genero diskurtsoak aztertzea eta emakume horietako bakoitzaren ekiteko gaitasunari buruz gogoeta egitea.

Hala, bada, idatzizko iturrietako diskurtsoa aztertu nuen -ardatz harturik emakume ideal islamikoa, prediku islamikoak eta emakume batek komunitatearen otoitza zuzentzeagatik sortu zen gatazkaren ondoriozko diskurtsoak, eta kontuan hartuz hala diskurtso islamiko nagusiaren ikuspegia nola diskurtso nagusiaren aurkako ikuspegia, hots, feminismo islamikoarena-, eta islamera bihurturiko profil desberdinetako bost emakumeri egin nizkien bizitza historiaren inguruko elkarrizketetako diskurtsoa ere aztertu nuen, eta ikusi nuen "musulman berriak" modu desberdinean erlazionatzen direla diskurtso islamiko nagusiaren arauarekin, oinarri patriarkalak dituen diskurtso horrekin.

Genero islamiko nagusiaren arauaren ikuspuntutik, ikusi nuen islamera bihurturiko emakumeak hiru modutara erlazionatzen direla harekin: lehenik eta behin, diskurtso feminista islamikoa dutenak daude, islamaren izaera patriarkala dekonstruitzen dutenak edo genero borroka edo jihad-a sinestunek betebeharreko zerbait dela uste dutenak; bigarren motako emakumeek bikotekide arabomusulmana dute eta islama modu kulturalean ulertzen dute, "europar mentalitatea" aipatzen dute diskurtso nagusiaren postulatu patriarkal batzuei aurre egiteko, baina, gero, diskurtso hori bera errepikatzen dute beste eremu batzuetan; eta hirugarrenik, "subjektu jainkozale" deitu ditudan emakumeak daude, salbuespenak salbuespen diskurtso nagusiarekin guztiz bat datorren diskurtsoa dutenak.

Hala, ikerlanari izena ematen dioten bi ekintza modalitateak itxuratzen dira: batetik, feminista, patriarkatuari buru egiten diona hala islamaren esparruaren barruan nola kanpoan; eta, bestetik, ekintza jainkozalearen modalitatea, beren "ni"-a eraldatzeko prozesuan murgilduta dauden emakumeen artean agertzen dena, erruki islamikoaren erdigune izateko helburuarekin. Kasu honetan, nahiz eta patriarkala den errukia erdigune duen genero diskurtsoa, egiaztatu nuen hainbat leiho irekitzen dituela emakume horien jabekuntzarako, batez ere patriarkatutik eratorritako gizonen pribilegioak baztertzen dituelako. Horregatik, nik ateratako ondorioetako batzuk dira beharrezkoa dela feminismoak agentzia edo ekiteko gaitasunaren kontzeptua barne hartzea, modu horretara feminismo nagusian hain erroturik dagoen tradizio progresista eta sekularrarekin bat ez datozen bizimodu eta izaerak aitortzeko; eta modu kritikoan aztertu ahal izateko beste bizimodu horiek, beste diskurtso, motibazio, gurari eta agentzia modu horiek.