Breadcrumb

Albisteak

Lehenengoz aztertu dituzte alkoholismoaren ezaugarri genetikoak emakumeengan

Lehenengo argitaratze data: 2013/02/19

Irudia

Espainiako populazioan alkoholismoarekin loturiko aldaera genetikoek duten intzidentzia aztertu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

UPV/EHUn egindako ikerketa batzuetan aztertu dute Espainiako biztanlerian zer maiztasunekin agertzen diren alkoholismoarekin loturiko aldaera genetikoak eta zenbateko intzidentzia duten hala alkohol-kontsumo handiko pertsonengan nola alkoholaren mendekotasuna dutenengan. Gainera, laginean emakume asko izateak aukera eman du, lehenbizikoz, lotura bat egiteko aldaera genetiko horien eta alkohol-kontsumo handia duten emakumeen artean. Munduan erreferentzia diren zenbait agerkaritan argitaratu dira emaitzak; besteak beste, Addiction aldizkarian, zeina liderra baita abusuzko substantzien kategorian.

Alkohol-kontsumoa osasun-arazo eta ekonomia-arazo handia da Espainian. Kalkuluen arabera, espainiarren % 2tik % 5era bitarte dira alkohol-kontsumoaz abusatzen dutenak, eta, erro bakarreko arazoa ez bada ere, desoreka horren etiologiak zerikusia baitu genetikarekin nahiz eta ingurune-aldagaiekin, ikerketa askok erakutsi dute badirela alkoholzaletasunerako joera ekar dezaketen ezaugarri genetikoak. Adibidez, ikusi da alkohol-molekula metabolizatzen duten entzimak kodifikatzen dituzten zenbait genetako aldaketak oso lotuak daudela kontsumo handiagoarekin, metabolizatze-abiadura aldatzen dutelako, 30 aldiz ere handiagoa izateraino.

UPV/EHUko BIOMICS ikerketa-taldeko David Celorrio Herreraren ikerketen oinarria Espainiako biztanleriaren zenbait laginen aldaera genetikoak aztertzea izan da; hain zuzen, alkohol-abusuaren intzidentzia estatistikoki adierazgarria aurkitu den laginenak. Zehazki, alkoholaren metabolizatze-prozesuan parte hartzen duten entzimak kodifikatzen dituzten gene batzuk analizatu dira, eta beste gene batzuk sistema dopaminergikoarekin lotura duten hartzaile eta entzimak kodifikatzen dituztenak. "Adikzioaren etiologia dopamina erregulatzen duen sistemaren nahaste baten ondorio da, neurotransmisore horrek modulatzen baitu garuneko saritze-sistema", dio Celorriok.

Kasu guztietan, aztertu da zer eragin duten nukleotido bakarreko polimorfismoek (SNP) -genearen puntu konkretu batean "letra" bakarra aldatzea-. Gene metabolikoen familiatik, gene hauen SNPak aztertu dituzte: ADH1A-ADH1B-ADH1C, ADH4, ADH6, ALDH2 eta CYP2E1. Celorriok dioenez, "alkoholaren % 70 gene horiek kodetutako entzimek metabolizatzen dute". Sistema dopaminergikoko geneetatik, hauen SNPak aztertu dira: TH, SLC18A2, DRD1, DRD2, DRD3, MAOA eta COMT. Ikertzailearen arabera, "dopaminaren bizitza baliagarri guztiarekin loturiko geneak dira: haren ekoizpena, bideratzea, hartzaileekiko jokaera eta suntsipena". Bi gene-familien intzidentzia bi populazio-taldetan analizatu da: 1, gehiegizko kontsumitzaileak; eta 2, mendekotasuna duten pazienteak.

Gehiegi kontsumitzen dutenen artean, substantzia horren kontsumo kaltegarriari loturiko arriskua nabarmen areagotzen duten polimorfismoak aurkitu dira: ADH1B eta DRD2 geneetan, bi sexuentzat; eta MAOA genean, emakumeentzat bakarrik. Ingurumen-aldagaiek alkoholaren kontsumo kaltegarriarekin duten erlazioa analizaturik, arrisku handiko profil bat ikusi da: gizonak, erretzaileak, haragi asko eta fruta eta barazki gutxi jaten dutenak, heziketa-maila handirik ez duten lanbideetan dihardutenak eta jarduera fisiko gutxikoak.

Bestalde, asoziazio adierazgarria ikusi da alkoholarekiko mendekotasunaren eta metabolismoaren eta bide dopaminergikoaren geneetako polimorfismoen artean: ADH1B genearen SNP batean, bi sexuetan; TH, COMT, DRD2 geneen SNPetan, gizonetan bakarrik; eta DRD3rekin, emakumeetan bakarrik.
Gehiegizko kontsumitzaileen ikerketa 1.533 pertsonarekin egin zen (653 kasu eta 880 kontroleko); denak ere EPIC proiektukoak ziren (European Prospective Investigation into Cancer and Nutrition), erdiak gizonak eta beste erdiak emakumeak. Talde horretan sartzeko balio kritikoa hau izan zen: 70 g/egun baino gehiagoko alkohol-kontsumoa gizonetan, eta 42 g/egun baino gehiagokoa emakumeetan; bi balioak ere oso gertu daude OMEren sailkapeneko "kontsumo kaltegarriko pertsonen" balioetatik.

Lagina hain handia izateak aukera eman du sexuka estratifikatzeko eta alkohol-kontsumoan eragina duten ingurumen-aldagaien arabera doitzeko; horrek "fidagarritasun handia ematen die emaitzei", Celorrioren arabera. "Orain arte, Espainiako populazio kaukasoidea oso lagin txikien bitartez aztertu da, eta oso emakume gutxi harturik", gehitu du. Gene metabolikoei buruzko emaitzak Addiction aldizkarian argitaratu dira.

Mendekotasuna duten pazienteetan ikerketarako ez zen izan hain lagin zabala, lortzeko zailtasunagatik, eta autoreak dio, zuhurtasunez, emaitzak ez direla hain sendoak. Laginak biltzeko, alkoholismoa tratatzeko zentro hauen laguntza izan zen: Gasteizko Ospitale Psikiatrikoa, Bizkaiko Novia Salcedo eta Uribe-Kosta osasun mentaleko zentroak, Donostia Ospitalea, eta Iruñeko Zuria droga-mendekotasunetarako eguneko ospitalea. Hiru urtetik gora behar izan ziren lagin-bilketarako.

Egileari buruz
David Celorrio Herrera (Gasteiz, 1982). Farmazian doktorea eta genetikan aditua da, eta UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularra sailean egin du ikerketa, zuzendari zituela Marian Martínez de Pancorbo doktorea, BIOMICs Taldeko ikertzaile nagusia, eta UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia doktore Luis Bujanda Fernández de Piérola, Donostia Ospitaleko Digestiboaren Zerbitzukoa. Ikerketa UPV/EHUko Farmazia Fakultatean eta Lucio Lascaray Ikerketa eta Azterketa Aurreratuen Zentroan egin da, eta parte hartu dute alkoholismoa tratatzen duten zenbait zentrok. Ikerketen emaitza da nazioarteko doktore-tesi hau: "Polimorfismos genéticos que confieren susceptibilidad al consumo perjudicial y dependencia al alcohol" (Alkoholaren kontsumo kaltegarrirako eta mendekotasunerako joera ematen duten polimorfismo genetikoak).

Erreferentziak:
Association of alcohol dehydrogenase polymorphisms and life-style factors with excessive alcohol intake within the Spanish population (EPIC-Spain) Addiction. 2012 Dec;107(12):2117-27. doi: 10.1111/j.1360-0443.2012.03970.x. Epub 2012 Aug 20

A comparison of Val81Met and other polymorphisms of alcohol metabolising genes in patients and controls in Nothern Spain. Alcohol. 2012 Aug;46(5):427-31. doi: 10.1016/j.alcohol.2012.03.003. Epub 2012 May 2.

Alcohol-Metabolizing Enzyme Gene Polymorphisms in the Basque Country, Morocco, and Ecuador. Alcohol Clin Exp Res. 2011 May;35(5):879-84. doi: 10.1111/j.1530-0277.2010.01418.x. Epub 2011 Feb 8.