Breadcrumb

Albisteak

Izozki zotzez egindako zubi batek tona bat baino gehiagoko pisua eutsi du

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/11

Irudia

Lehia biziko norgehiagoka izan da, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Von Siemens plazan jokatu dena, izozki zotzez egindako Zubien Maketa-Lehiaketa ezagunaren XXII. edizioaren haritik. Baldosaz baldosa, altzairuzko xaflak bata bestearen gainean jarrita, ia hiru ordu egin dituzte aurtengo lehiakideek beren eraikuntzen erresistentzia probatzen, harik eta 1.052 kiloko marka berria ezarri arte. Hala ere, lekedaz batutako itxura hauskorreko zotzen oinarrien gainean tona batetik gorako pisuari eustea lortu duen maketa saririk gabe geratu da. Garaipena, Industria-Ingeniaritzako lehen mailan dauden Iñigo Fernández errioxarrak eta Marcos Ortega burgostarrak eraikitako zubiak lortu du, estetika kategorian nagusitu ondoren.

Honela, Iñigo Fernández eta Marcos Ortega lehiakide berriek aurrea hartu diote proba zazpi aldiz irabazi eta 909 kiloko aurreko errekorraren zubia eraiki zuen Pablo Cearra beteranoari. Hauexen maketak izan dira finalistak. Iñigok eta Marcosek parabola itxurako zubi-maketa bat aurkeztu dute, bost kiloko pisuaz eta 1,55 metroko argiaz (zutabeen arteko distantzia). Egitura eraikitzeko hilabete bat behar izan dute, gehi beste hilabete bat plangintza egiteko, eta 4.500 zotz erabili dituzte guztira. Zubia 'Unamuno' izenaz bataiatu dute ostatutzat erabiltzen duten ikasle-egoitzaren oroimenez, eta laudorio handiak eragin ditu Eskolako irakasleen artean, oso gutxitan lehiatzen baitira lehen mailako ikasleak. Eta are gutxiago horrelako emaitzak lortuz.

Haien aurrean zegoen Pablo Cearraren esperientzia, bere aita Luisek lagunduta, ohi bezala. Cearrarena zertxa triangeluarreko zubia zen, 3,7 kiloko pisua eta 1,10 metroko argia zuena, eta 4.000 izozki-zotz eta bi hilabete erabili ditu eraikitzeko. Azken kargaldian egindako baliokidetasun-kalkuluek (miniaturako zubi hauen erresistentzia tipologia eta neurrien arabera neurtzen baita) parekotasun hau ezarri dute: 728 kilo Iñigo eta Carlosen maketarako eta 1.052 kilo Cearraren egiturarako.

Lehiakide berriei egokitu zaie zubiaren gainean pisua jartzen hastea. Jendearen ikusmina eta parte-hartzaileen urduritasunaren gainetik, 'Unamunok' zutik iraun du. Kosta ahala kosta. Cearraren txanda iritsi denean, maketaren gainean jarriz joan den baldosa eta xaflen tamaina handiak eragindako zailtasun guztiak gaindituta, azkenean, 1.052 kiloko pisua kargatu du. Egundoko marka, nahiz eta azkenean egitura kolapsatu den. Cearrari azken edizioan gertatu zitzaion bezalaxe, aurten ere, irabazlea ez da izan pisu gehien hartu duen egituraren egilea. Garaile aldarrikatu ondoren, Iñigo Fernandez-ek eta Marcos Ortegak azkeneko kargaldia egin diote zubiari, 760 kilokoa, eta zubiak eutsi egin dio. Une horretan, 'indultua' ematea erabaki dute.

Bestalde, lehiakide hauek estetika kategoriako garaipena ere lortu dute, eta Cearrak estetikako bigarren postua lortu du kategoria honetan propio aurkeztutako beste zubi batez. Horrenbestez, Iñigo Fernandez-ek eta Marcos Ortegak 1.500 euro poltsikoratu dituzte (900 euro funtzionaltasun proba irabazteagatik eta 600 euro estetikan gailentzeagatik) eta Pablo Cearrak 900 euro: 600 euro erresistentziako finalista izateagatik eta 300 euro estetikako bigarren postuagatik.

Iñigo Fernández eta Marcos Ortega eta Pablo Cearraren zubiez gain, lehiaketan gogoan hartzeko moduko beste parte-hartzaile batzuk ere izan ditu. Horrela, Industria-Ingeniaritzako bigarren maila egiten ari den Asier Jauregik erresistentzia kategoriako hirugarren sariari dagozkion 300 euroak eskuratu ditu 210 kiloko pisuari eutsi dion zubi batez, eta Hugo Aristegik (Industria-Ingeniaritzako 4. maila) eta Carlos Perezek (Industria-Ingeniaritzako 2. maila) osatutako taldeak estetikako hirugarren postua lortu du (100 euro).