Breadcrumb

Albisteak

Soinu tibetarrak Bizkaiko Campusean

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/11

Irudia
  • Arte Ederretako ikasle batzuek orain 18 urte hasitako adar formako eskulturaren proiektua bukatu du UPV/EHUko diziplinarteko talde batek
  • Bere soinua datorren astelehenean, hilak 14, entzun ahal izango da lehen aldiz Arte Ederren Fakultatearen eraikin berriaren inaugurazioa dela eta

Orain dela hamazortzi urte, 1994-1995 ikasturtean, Arte Ederren Fakultateko ikasle talde batek, Félix Barcina buru zela, adar formako eskultura bat asmatu eta sortu zuen lizentziatura amaierako lan bezala. Lanak 9 metroko luzera, 2 metroko zabalera eta 2 metroko altuera dauka eta altzairu herdoilgaitza, sare hexagonala eta beirazko erretxina erabili dira eraikitzeko. Hasiera batetik, proiektuaren asmo ez zen lan eskultoriko soil batean gelditzea, baizik eta lan horrek irudikatzen zuen musika tresnaren funtzioa ere betetzea nahi zuten egileek, haizearen eraginez soinu eginaz. Artelana Arte Ederren Fakultatearen aurreko landan kokatu zen, baina, adarraren soinuak unibertsitateko kideentzako enbarazuzkoa izan zitezkeen beldurrez, haize nagusien norabidearen kontra ipintzea erabaki zen, artelana bukatu gabe geratuz. Ia bi hamarkada geroago, joan zen 2012-2013 ikasturtean, UPV/EHU diziplinarteko talde batek, Jon Barredo Marrazketa eta Errepresentazio Sistemen katedradunaren zuzendaritzapean, proiektua berrartu eta bukatu egin du artelana goitik behera zaharberrituz eta soinua sortzeko soluzio elektroniko bat instalatuz.

"Eskultura honekin, konpromiso bat geneukan zintzilik. Adarra Campusean egunero ikusten zutenek, beharbada, uste zuten bukatuta zegoela. Baina Arte Ederren Fakultatean bagenekien oraindik errematea falta zuela. Eta azken erremate hori harrotzen gaituen modu batean eman diegu: kostu oso baxuarekin eta balio akademiko izugarria duen elkarlanarekin", adierazi du proiektu honen hasiera eta garapena bere lehen pausuetatik jarraitu duen Barredok.

Bederatzi hilabetez, lan-talde handi bat aritu izan da jo eta su proiektuan, tartean izan direlarik unibertsitateko zortzi arlo desberdinetako irakasleak -zaharberrikuntza, eskultura, marrazketa, antropologia, ikus-entzunezkoak, diseinu grafikoa, ingeniaritza mekanikoa eta ingeniaritzako adierazpen grafikoa-, baita master batekoak ere -Artea eta Sormena Masterra-, eta Arte Ederren Fakultateko eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikasle eta ikasle ohiak. Artelanaren estruktura digitalizatu dute lehenik, ondoren segurtasuna eta ainguratze sistemaren estetika hobetzeko. Era berean, eskultura zaharberritu da, aurrerantzean behin betikoa izango den tokian kokatu dute -hasieran egon zen landa berean, Irakasleen Eskolaren aurrealdean - eta urrutiko kontrolaz eragiten den gailu elektroakustiko bat jarri diote. Gailu horretan, zortzi soinu pieza programatu dira, dungchen edo tibetarren haize-instrumentu tradizionalen doinuak gogorarazten dituztenak. Soinu horiek aktibatuko dira UPV/EHUn egiten diren ekitaldi akademiko eta sozialik nabarmenenak ospatzen direnean. Datorren astelehenean, hilak 14, lehenengo aldiz joko du, Arte Ederren Fakultatearen eraikin berriaren inaugurazio ofiziala dela eta.

Adarraren soinua 200 metrotik entzun ahal izango da, beti ere haizearen norabide eta indarraren arabera. Hortaz, ipar mendebaldeko haizeak -galiziar haizea- soinua errazago zabalduko du, eta urrunagotik entzun ahal izango da. Hego haizeaz, ordea, soinua leunduko da. "Hego ekialdeko haizea oso arraroa da hemen, baina lehengo egunean egon zen, eta haizea adarraren ahotik sartzen zenez, ez zen ia entzuten", adierazi du Barredok.

Eskultura hau UPV/EHUren ondarearen katalogoan sartu da, eta Leioako Udalaren erregistroan ere agertzen da eskultura publiko bezala.