Breadcrumb

Albisteak

Ingurumenarekiko sentiberatasuna oso goiz garatzen dela erakutsi du UPV/EHUko ikerketa batek

Lehenengo argitaratze data: 2013/07/30

Irudia

Bizidunak eta bizigabeak bereizteko gaitasuna eta ingurumenarekiko sentiberatasuna noiz garatzen diren ikertu du José Domingo Villarroel UPV/EHUko ikertzaileak.

UPV/EHUko ikertzaileak zortzi urtetik beherako haurrekin egindako ikerketaren arabera, haurrek oso goiz garatzen dute ingurumena babesteko kontzientzia. Hala, oso gaizki iruditzen zaie, adibidez, lore bat zapaltzea. Kontzientzia hori, gainera, izaki bizidunak eta bizigabeak garbi bereizteko gai izan baino lehenago ere azaldu daiteke; hau da, lorea biziduna dela jakin baino lehenago esan dezake haur batek gaizki dagoela loreari kalte egitea.

Bizidunak eta bizigabeak bereizteko gaitasuna, eta horrek ingurumenarekiko sentiberatasunarekin duen lotura ikertu du José Domingo Villarroelek, UPV/EHUko Bizkaiko Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikertzaileak.

Ikerketan, Plentziako, Urdulizko eta Sopelako ikastetxe publikoetako 4-7 urteko 118 neska-mutilek parte hartu dute, eta, Villarroelek banan-banan elkarrizketatu ditu. Aitortu duenez, lan handia izan da, "baina oso polita, eta, gainera, emaitza deigarriak jaso ditut".

Elkarrizketa bakoitzak bi zati zituen. Umeek izaki bizidunen eta inerteen arteko aldea hautemateko duten gaitasuna aztertzeko zen lehenengoa. Horretarako, haurrei zortzi argazki erakusten zizkien; haietako lauretan, bizidunen lehen planoak agertzen diren (zakur bat, txori bat, zuhaitz bat eta lore bat), eta, besteetan, bizigabeenak: eguzkia, hodeiak, auto bat eta moto bat. "Argazki bakoitzean agertzen zen izakia biziduna ala bizigabea zen itauntzen nien haurrei ".

Bigarren zatian, berriz, irudiak jokabide desegokien gaineko marrazkiak ziren, haurrentzako liburuetatik lorturikoak. Portaera txar horiek hiru motatakoak ziren: besteen ongizatean ondorio txarrak dituztenak (ondasunak kentzea eta bortizkeriaz lagunak erabiltzea); arau sozialak apurtzen dituztenak (mukiak atzamarrez sudurretik ateratzea eta narras jatea) eta landareei kalte egiten dietenak (lore bat zapaltzea eta zuhaitz baten enborrean labanaz irudiak egitea).

Villarroelek azaldu duenez, "elkarrizketan umeak dilema baten aurrean jartzen nituen; hau da, aldi berean azaltzen ziren bi jokabide txarren irudien aurrean, eta zein portaera zen okerrena hautatu behar zuten. Bi dilema-mota planteatzen ziren: lehenengoa, gizarte-arauak haustea ala besteen ongizatean eragitea; eta bigarrena, gizarte-arauak haustea ala landareei kalte egitea.

Pentsamendu morala eta emozioen mundua
Ikertzailearen iritziz, azterketak emaitza interesgarriak eman ditu. "Lehenengo zatian, erantzunak espero zitezkeenak izan dira. Hain zuzen, haur asko, txikienak bereziki, ez dira bizidunak eta bizigabeak bereizteko gai; adibidez, asko kostatzen zaie zuhaitza biziduntzat hartzea, eta, aldiz, autoak eta motoak biziduntzat hartzeko joera dute", esan du Villarroelek.

Dirudienez, haurrek mugitzeko ahalmenarekin lotzen dute biziduna izatea.
Bigarren zatiaren emaitzak aurrekoak baino deigarriagoak iruditu zaizkio, "paradoxa bat" detektatu baitu. Nonbait, haurrek uste dute beste haur bati edo landareei kalte egitea gaitzesgarriagoa dela gizarte-arauak haustea baino, "baita landarea biziduntzat hartu ez duten kasuetan ere". Alegia, ez dute argi lorea biziduna ote den, baina askoz okerragoa iruditzen zaie lorea zapaltzea, zopa modu baldarrean jatea edo hatza sudur-zuloan sartzea baino".

Villarroelen arabera, paradoxa horrek iradokitzen du besteekiko sentiberatasuna oso goiz garatzen dela, eta pentsamendu moralaren garapena oso lotuta dagoela mundu afektiboarekin, hau da, gurasoengandik eta hezitzaileengandik jasotzen dutenarekin, eta ez hainbeste logikarekin eta arrazionaltasunarekin: "Hain zuzen, pentsamendu morala nola garatzen dugun azaltzeko, bi ikuspegi nagusi daude; batzuek uste dute ahalmen logikoarekin lotuta dagoela, eta beste batzuek, berriz, emozioekin eta mundu afektiboarekin. Nik jasotako emaitzek bigarren ikuspegia indartzen dute", adierazi du Villarroelek.

SpringerPlus zientzia-aldizkarian argitaratu du ikerketa, "Environmental judgment in early childhood and its relationship with the understanding of the concept of living beings" izenburuarekin. Baina Villarroelek ez dauka hor geratzeko asmorik, eta ildo beretik ikertzen jarraituko duela iragarri du: "Batetik, asko interesatzen zait jakitea nola jasotzen duten gurasoengandik ingurumenarekiko kontzientzia. Eta, bestetik, ikerketa bera egitea gustatuko litzaidake beste testuinguru batzuetan, eta baita herri txikietako eta handietako haurrak alderatzea, adibidez". Gainera, ikerketa-lerro horrekin beste artikulu bat argitaratzekotan da Journal of Biological Education aldizkari espezializatuan.

Datu gehigarriak
José Domingo Villarroel (Barakaldo, 1967) biologian doktore da. Zientzia- eta matematika-irakaslea izan da DBHn zenbait urtez, eta, gaur egun, UPV/EHUren Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Matematika eta zientzia esperimentalen didaktika saileko irakasle eta ikertzailea da. Hainbat zientzia-artikulu eta liburu argitaratu ditu, bereziki, oinarrizko zientzia-kontzeptuak ulertzeko eta ikasteko prozesuei buruz.