Masterrak

Masterrak

Analisi Forentsea Unibertsitate Masterra

Gaur egun, erakunde juridikoek eta lege erakundeek etengabe eskatzen dituzte metodo analitiko fidagarriak, adituaren azterketa forentsea zehaztuko duten ebidentzien ezaugarritze zalantzarik gabekoa egitea ahalbidetuko dutenak. Horren ondorioz, ezinbestekoa da profesionalak eta ikertzaileak analisi forentsearen tekniken eremuan gaitzea.

Analisi Forentsea Unibertsitate Masterrak, beraz, zientziei eta teknikei buruzko diziplina anitzeko prestakuntza eskaintzen du. Horietan oinarritzen da, hain zuzen, ebidentzia forentseen bilaketa, analisi fisiko-kimikoaren, mikrobiologiaren, genetikaren, antropologiaren edo entomologiaren arloetan.

Eta horri guztiari esker, ikasleek zientzia forentseen, metodo zientifikoaren, iraganeko gertakizunen berreraikuntzaren, eta ebidentzien zein frogen lege kontzeptuen irismenari eta historiari buruzko ezagutza osotua eskuratuko dute.

Era berean, praktika eskarmentu zabala eskaintzen du: ebidentziak biltzea eta gordetzea, zaintza katea, eta oinarri kimikoak, biokimikoak, fisikoak, biologikoak eta antropogenetikoak, interpretazio profesional, etiko eta kalitatezko bat ekarriko duen ebidentzia bakarra ziurtatzeko.

Praktiken osagarri, Master Amaierako Lana egin beharko da UPV/EHUko zein hitzartutako kanpoko beste erakunde batzuetako zentro edo laborategietan. Horri esker, helburu bikoitza lortu ahal izango da; hots, prestakuntza profesionala eta ikerketa prestakuntza.

Ikerketaren arloan, master honi esker, zuzeneko sarbidea izango da UPV/EHUko Analisi Forentsea doktorego programara.

Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterra

Nahiz eta sarri askotan gizartean gutxietsi lehen aipatutako problemen garrantzia sozioekonomikoa, maiztasun handiegiaz agertzen zaigu gizakiaren eskuak itsas ingurunean duen inpaktua. Hidrokarburoen isuriei (Exxon, Erika, Prestige, Deep Sea Horizon) eman beharreko erantzunak diziplina anitzeko pertsonalaren parte hartzea behar du (ozeanografoak, itsas biologoak, kimikariak, geologoak eta ingurumen gestoreak). Aldaketa klimatikoaren ondorioak, itsasoaren gainazaleko uraren berotzea, itsas mailaren goratzea eta ozeanoen azidotzea eta eutrofizazioa, besteak beste, gero eta kezkagarriagoak dira gobernu, zientzialari eta gizartearentzat. Problema eredugarriak dira; bat ere ezin da konpondu besteetatik aldenduta. Ozeanoaren ekonomia eta enplegua sortzeko potentziala hazteko perspektibak arrakastatsuak izango badira, behar bezala gorde eta mantendu beharko da ozeanoen osasuna (The Ocean Economy in 2030, OCDE 2016). Zenbait itsas industriak azken hamarkadetan izan duen hazkuntza ikusita, aurreikus liteke ustiaketa gero eta handiagoa izango dela eta, hortaz, itsas ingurunea ulertuko duen pertsonal gaitu gehiago eskatu eta beharko da.

Bada beharra, aldaketa klimatikoaren ondorioak, kostaldearen gestio jasangarria, itsas eta kostaldeko ekosistemaren babesa eta ozeanoen biodibertsitatea eta ondare naturalaren kontserbazioa ulertzeko prestakuntza jasotzeko.

Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Unibertsitate Masterra

Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterrak ekosistemen osasunaren ebaluazio biologikoa egiteko prestatuko zaitu; ekosistema horiek itsasokoak, ur gozoetakoak eta lurrekoak izan daitezke.

Master honen heziketa-alderdi garrantzitsuenak honakoei lotuta daude: ingurumenaren kutsatzaileen xedea, banaketa eta portaera; toxikologia zelularra eta molekularra; ingurumenaren kutsadurari aurre egiteko baliabideak; ingurumenaren kutsadurari buruzko biomarkatzaileak; ekotoxikologia; ingurumenaren kalitatea eta ingurumenak duen arriskuaren gaineko ebaluazioa; eta bioerremediazioa.

Ildo horretatik, prestakuntzaren funtsezko alderdia kutsatzaile kimikoen ondoriozko ingurumen-arriskuen ebaluazioaren edukiak barne hartzen dute, Europa, estatu eta erkidego mailan indarrean dauden lege- eta araudi-markoaren baitako bizitza-zikloen ebaluazioa barne.

Master amaierarako lanerako zehaztutako Programaren ikerketa-ildoak dira ingurumenaren toxikologian biologia zelularra, itsasoko kutsadura, lurzoruen kutsadura eta berreskurapena, ingurumen-arriskuaren ebaluzazioa, ingurumen-kimika analitikoa eta ingurumen-osasun publikoa.

Master honi esker −ikerkuntzara bereziki zuzendua dago−, UPV/EHUko Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Doktoretza Programan sar zaitezke.

Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Erasmus Mundus Masterra

ECT+ Erasmus Mundus Master bateratua (EMJMD) da, eta sei unibertsitatek eskaintzen dute: UPV/EHU, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea (NTNU), Liejako Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Portoko Unibertsitatea.

ECT+ EMJMDaren helburu nagusia da graduatu ondokoak toxikologian, ekotoxikologian eta kimikan trebatzea, zientzian oinarrituz ingurumena babestuko duten goi-mailako teknologoak eta zientzialariak sortzeko. Osasun bakarraren (One Health) kontzeptu eta paradigma berriak landuz, Europako politika berrien helburuak betetzeko behar den oinarri zientifikoa eskuratuko dute ikasleek programa honekin.

Europako erakundeek lehentasunezkotzat jotzen dituzten erronka zientifiko eta teknologiko giltzarriak ditu ardatz ECT+ EMJMDk, eta ikuspegi zientifiko guztiz berritzailea konbinatzen du emaitzen zuzeneko aplikazioarekin, giza osasuna eta ingurumena babesteko.

Elikadura-Kalitatea eta Segurtasuna Unibertsitate Masterra

Elikagaien ikerketan egin diren urratsek berretsi egin dute Koseko Hipokratesen (K.a. 450-377) esaldi ospetsuak adierazten diguna: “sendagaia izan dadila zure elikadura, eta elikadura izan dadila zure sendagaia”. Esaldi horretan ezin hobeki laburbildurik daude elikagaien kalitateak eta segurtasunak duten garrantzia eta bi alor horiez arduratzen diren diziplinak.

Egungo gizarteak kalitatezko elikagaiak eskatzen ditu, seguruak, eta beharrezkoak dira horretarako bi alor horietan berritzeko gai izango diren ikerlariak, ikerketan lortutako emaitzak industrian ezarriko dituzten profesionalak eta aholkulariak, eta elikagaien kalitatea eta segurtasuna kontrolatuko duten administrazioetan arituko diren profesionalak.  

Beraz, master honen xedea da elikaduraren kalitatean eta segurtasunean aditua izango diren profesionalak sortzea, enpresetan, administrazioan, unibertsitateetan eta ikerketa zentro publiko eta pribatuetan aritzeko.

Prestakuntza programaren bidez eskuratzen diren gaitasunek aukera ematen dute tresna aurreratuen bitartez elikaduraren kalitatea eta segurtasuna ebaluatu eta kontrolatzeko, teknologia berriekin lan egiteko eta bi alorretan eragiten duten osagai berriekin aritzeko, baita elikadura industriaren efluenteen tratamenduan aritzeko ere. Gainera, ebaluazio sentsoriala ere hartzen da kontuan, eta elikagaien laborategien kontrola eta ebaluazioa. Halaber, elikagaien segurtasunari ere erreparatzen zaio, ikuspuntu kimikotik eta mikrobianotik, eta elikagaien kalitate eta trazabilitate parametroei, beste alderdi askoren artean.

Master honetatik zuzenean sar daiteke Elikadura Kalitatea eta Segurtasuna doktorego programara.

International Master of Science in Marine Biological Resources (IMBRSea)

The International Master of Science in Marine Biological Resources (IMBRSea), is a joint Master program organised by eleven leading European universities in the field of marine sciences, supported by the European Marine Biological Resource Centre (EMBRC). The IMBRSea program builds upon the strengths from the previous International Master of Science in Marine Biodiversity and Conservation (EMBC+), and helps to prepare students for the rapidly evolving demands of the blue bio-economy as well as research on the sustainable use of marine biological resources

Ingurugiroaren agrobiologia Unibertsitate Masterra

Laborantzaren produktibitatea handitzea, elikagaien segurtasuna, klima aldaketaren eta lurraren eta uren kutsaduraren eragin kaltegarriak… gizarteak egun dituen erronka handienetakoak dira. Desafio berri horiei erantzuteko, ezinbestekoa da urrats zientifikoak egitea eta alor hauetan espezializatutako profesionalak trebatzea. 

Unibertsitate arteko Ingurugiroaren Agrobiologia Masterra bi unibertsitatek eskaintzen dute elkarlanean: UPV/EHUk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP).  Helburua da trebakuntza profesionala eta ikerkuntzakoa eskaintzea nekazaritza eta ingurumen arloetan, doktore tesia hasi edo maila goreneko prestakuntza profesionalizatu bati ekiteko, laborantzari eta basogintzari loturiko ingurumen gaietan.

Master amaierako ikerlana egin ahal izango duzu ikasturte akademiko berean. Horretarako, masterreko irakasleen tutoretza pertsonalizatua izango duzu, eta masterra UPV/EHUn, NUPen edo erakunde kolaboratzaileetan egin ahal izango duzu.

Master honen bidez zuzenean sar daiteke Ingurugiroaren Agrobiologia doktorego programara

Enologia Berritzailea Unibertsitate Masterra

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea oso dinamikoa izaten ari da azken aldian. Herrialde ekoizle berrietako ardoek, mahastizaintzako eta ardogintzako teknika berriek eta merkaturatze eta marketin estrategia berritzaileek zalantzan jartzen dute eremu ekoizleek eta markek historikoki lortu duten estatusa. Erronka berri horiei aurre egiteko, beharrezkoa da profesional espezializatuak izatea, ardo ekoizpenaren eta upeltegien merkataritza kudeaketaren negozio arloei buruzko ikuspegi integrala izan dezaten.

Masterra mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko profesionalak prestatzea du helburu, ebaluazio sentsorialeko jardunbide egokiak aplikatzeko gai direnak, merkatuko eskaeren arabera produktu sorta bat modu integralean definitu ahal izateko, mahastiaren potentzialtasunak eta praktika enologikoak ahalik eta gehien aprobetxatzeko produktuaren definizioan eta kudeaketa berritzailean lagunduz, eta erakundeen arrakasta ziurtatzeko berrikuntza teknikoa, prozedurazkoa edo komertziala sustatuz. Diziplinarteko ikuspegi horrek, gainera, elaborazioari berari lotuago dagoen kontzeptu bat mantentzen duten beste master batzuetatik bereizten du.

Masterrean sartzeko diziplina anitzeko profila eskatzen da eta, beraz, masterrean prestakuntza osagarriak daude mahatsaren ekoizpen eta konposizio faktoreetan, enologian, finantzetan eta analisi sentsorialean.

Denbora partzialean egin daiteke eta arratsaldeko ordutegian egiten da; beraz, jardunean dauden profesionalei irekita dago.

Arte Garaikidearen Kontserbazioa eta Erakusmoldeak (CYXAC) masterra

Azken urte hauetan, kultura eta artea zabaltzeko jarduerak izugarri ugaritu dira hainbat testuingurutan, hala tokian-tokian eta estatuan nola nazioartean. Horixe erakutsi dute arte garaikidea kudeatzen duten museo eta erakunde askok, interesa agertu baitute artea babestearekin, kontserbatzearekin eta erakustearekin lotutako zenbait alderdiren inguruan. Adibideetako batzuk dira Bilboko Guggenheim Museoa eta Bilbao Fundazioa, Gasteizko Artium Fundazioa, Madrilgo Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala eta Leongo MUSAC, besteak beste.

CYXAC masterraren xedea da, funtsean, ikertzaileak kontserbazioren alderdi materialean eta alderdi historiko eta dokumentalean trebatzea eta horretan aritzeko gaitzea, arte garaikidearen konplexutasuna eta espezifikotasuna analizatu, kritikatu eta ikertu dezaten.

Ikasleek diziplina anitzeko prestakuntza programa bat landuko dute: alde batetik, agerian jarriko da artelana testuinguruan ipintzeak zer-nolako garrantzia duen ikerketa historiko eta dokumentalerako oinarri gisa, eta, bestetik, aztergai izango dira artelanen osagaiak eta artelanak hondatzen dituzten agenteak eta kausak.

Master hau eginez gero, UPV/EHUko Ikerketa Arte Garaikidean doktorego programa egin ahal izango da.