Eduki publikatzailea

SGIker-ek Argazki Zientifikoen VIII. Lehiaketako sariak banatu ditu (2018/07/23)

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/27

Irudia

Eduardo Anitua eta Cristian Mendes, SGIker-en Argazki Zientifikoen VIII. Lehiaketako irabazleak

Eduardo Anituaren “Pescando glóbulos rojos” eta Cristian Mendesen “Volcán piezoresistivo” irudiak izan dira sarituak Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek, SGIkerrek antolatutako Argazki Zientifikoen VIII. edizioan. Bizitzaren Zientziak eta Zientzia eta Teknologia modalitateetan, hurrenez hurren, lortu dituzte sariak.

Sariak 2018ko uztailaren 23an banatu dira, Bizkaiko Campuseko (Leioa ataleko) Liburutegi Nagusiko Batzar Aretoan, eta bertan egon dira José Luis Martín UPV/EHUko Ikerkuntzako Errektoreordea, Maribel Arriortua SGIkerreko zuzendaria eta Juan Miguel Aréchaga Medikuntza eta Odontologia Fakultateko katedraduna. Ekitaldia jendetsua izan da eta saritutako argazkien egileek lanen esanahia eta sorkuntza prozesua azaldu dituzte, eta dagokion diploma eta tableta bat eman zaie saritzat.

Edizio honetan, epaimahaiak Ikerkuntzako Errektoreordea izan du buru eta alor zientifiko ezberdinetako adituek osatu dute. Argazki irabazleak hautatzeko, 49 ikerlarik aurkeztutako 68 irudiren artean erabaki behar izan dute; % 72k Bizitzaren Zientziak alorrean aurkeztu dute, eta % 27,9k Zientzia eta Materialen Teknologia alorrean. Aurreko edizioetan bezala, epaimahaiak zail izan du erabakia hartzea, aurkeztutako lanak kalitate handikoak izan baitira. Argazki sarituek ezaugarritzat izan dituzte eragin bisuala, zailtasun teknikoa, emaitza zientifikoa, originaltasuna, diseinua eta ikuspegi artistikoa, baita bakoitzaren estilo didaktikoa ere.

BTI Biotechnology Institute-medikuntza erregeneratiboko laborategiko Eduardo Anitua ikerlariak aurkeztutako "Pescando glóbulos rojos" irudiak odol-lagin bat azaltzen du, eta bertan fibrina sarea eritrozitoak arrantzatzen ikusten da. Odolak, gure ehunetara oxigenoa eramateaz gain, funtzio asko egiten ditu. Bertan molekula asko daude, ehunak birsortzen laguntzen dute, eta horregatik da pertsonalizatutako medikuntza erregeneratiborako “lehengai” egokiena. Irudia BTI Biotechnology Institute-eko diseinu grafikoko sailak koloreztatu du, osagai ezberdinak hobeto bereizteko. Argazkia SGIker-en Ekorketarako Mikroskopio Elektroniko batean erregistratu da.

Zientzia eta Materialen Teknologia modalitatean, Cristian Mendes UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikako saileko ikerlariaren Volcán piezoresistivo lana izan da irabazlea, eta bertan karbonozko nanohodiak agertzen dura, matrize polimeriko batean murgilduta. Konposite polimero/karbonozko nanohodiak material piezoerresistibo modura erabili ohi dira, material “adimendun” modu bat da, eta deformazio mekaniko bat gertatzen bazaio aldaketa ematen da erresistibitate elektrikoan. Material piezoerresistiboak sentsore eta eragingailu modura erabiltzen dira robotika edo elektronikako alorretan. Egilearen hitzetan, “karbonozko nanohodiak matrize polimerikoan behar bezala sakabanatzea funtsezkoa da jokabide piezoerresistiboak beha bezala funtzionatzea bermatzeko”, eta ekorketarako mikroskopia elektronikoa da sakabanaketa hori aztertzeko teknika onena. Irudia SGIker-en Ekorketarako Mikroskopio Elektroniko bati esker hartu da.

Bizitzaren Zientzien alorrean, adituen batzordea honako doktore hauek osatu dute: Olga Peñagarikano (Farmakologia Saila), Luisa Ugedo (Farmakologia Saila), Guillermo Quindós (Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila), José Ignacio López (Gurutzeko Ospitaleko Espezialitate Mediko-Kirurgikoak eta Anatomia Patologia Saila), Nerea Legarreta (Arte Ederrak Fakultateko Irudigintza Saila) eta Itsaso Maguregui (Arte Ederrak Fakultateko Irudigintza Saila).

Zientzia eta Materialen Teknologiaren alorrean, epaimahaia honako doktore hauek osatu dute: María Luisa Fernández Gubieda (Elektrizitate eta Elektronika Saila), María Teresa Guraya (Meatzaritza eta Metalurgia Ingeniaritzako Saila, Materialen Zientzia), Gabriel Alejandro López (Fisika Aplikatua II Saila), Xabier Murélaga (Estratigrafia eta Paleontologia Saila), Itsaso Maguregui (Arte Ederrak Fakultateko Irudigintza Saila), Guillermo Quindós (Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila) eta Nerea Legarreta (Arte Ederrak Fakultateko Irudigintza Saila).

Aurkeztutako argazki guztiak honako web galeria honetan ikus daitezke. SGIker-ek eskerrak eman nahi dizkio ikerlari-komunitate osoari, Argazki Zientifikoen Lehiaketako edizio berri honetan parte hartzeko erakutsitako interesagatik.