Eduki publikatzailea

SGIker-ek, Leioako Udaleko Hezkuntza eta Partaidetza Sailarekin lankidetzan, Lamiako LHIko 1. eta 2. mailetako ikasleentzako lau lantegi antolatu zituen (2019/06/07)

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/12

Irudia
Lamiako LHIko 7 eta 8 urteko hamar ikaslek, Boni Rodríguez tutorearekin eta Begoña Magro ikastetxeko zuzendariarekin batera, UPV/EHUko Ikerketako Zerbitzu Nagusiek (SGIker) Leioako Udaleko Hezkuntza eta Partaidetza Sailarekin elkarlanean antolatutako lau lantegietan parte hartu zuten, joan den ekainaren 7an, Leioan (Bizkaiko Campusa). Lantegiok 2018-2019 ikasturtean ezarritako Eskola Sgiker Programaren STEAMen (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) jardueren barruan kokatzen dira, eta txikien jarduera zientifikoarekiko interesa piztera zuzenduta daude.

Martina Casiano eraikinean egindako lantegiak, Erresonantzia Magnetikoko, X izpietako, Molekulak eta materialak, Bizkaiko animaliategia eta Fitotroia eta berotegia zerbitzuko teknikariek eman dituzte. SGIker-etako zuzendari Maribel Arriortuak eraikineko atarian harrera egin ondoren, pozez eta ilusioz, identifikazio txartela, poltsa eta idazteko bloka hartuta etorritako 7 mutilak eta 3 neskak Sgiker-etako koordinatzaile Iñaki Echevarriak emandako lantegira abiatu ziren. Materiaren tenperaturaren araberako egoera aldaketez eta kolorearen osaeraz ikasi zuten, glizerinarekin xaboi pastilla dibertigarriak sortuz.

Xaboiak behin betiko forma hartu bitartean, laborategira joan ziren mikroskopioaren bidez egunerokoan erabiltzen ditugun substantziak ikustera, gatza eta azukrea kasu. Aitor Larrañaga eta Leyre San Felices doktoreekin, materia nola ordenatzen den behatu ahal izan zuten.

Fruta eta gailetak janda indarrak hartu ondoren, Lamiakoko eskola umeak Maribel Collado eta Azucena González doktoreek zuzendutako lantegira joan ziren. Modu dibertigarri eta praktikoak kromatografiaren kontzeptua azaldu eta elastikoak forma eta koloreekin pertsonalizatzeko aukera eman zieten. Kimika modarako erabiliz sormena lantzea baitzen helburua.

Jarraian, Lamiakoko ikastetxeko ikasleek animaliak laborategietan nola bizi diren eta gizakien eta animalien gaixotasunak ikertzeko horiek erabiltzearen onurak ezagutu zituzten grafikoki. Arantza Alejo doktorearen eta Maite Fuentes lizentziatuaren azalpenen ondoren, umeek animaliak hartzeko kaiola batzuk prestatzeko aukera izan zuten. Bestalde, Maite Fuentesek Laborategiko Animaliaren Zientzietarako Espainiako Elkarteko (SECAL gaztelaniaz) 2017ko haurrentzako ipuin lehiaketako lehen saria eman zion istorioa kontatu zien,  “La Historia de Mussi. La importancia de ser un animal de laboratorio” izenekoa. Ikasleek arreta handiz eta “albaitari izan nahi dut” esanez entzun zioten, eta zientziak aurrera egiteko animaliekin esperimentatzea zer garrantzitsua den ulertu zuten.

Egindako galderengatik eta beren aurpegiengatik sumatzen zen esperimentuak gustatu zitzaizkiela eta esperotakoa baino gehiago ulertu zutela. Adierazi behar da oso gazteak izan arren, Lamiakoko ikastetxeko lehen zikloko ikasleak oso aktiboak izan zirela, oharrak hartu zituztela eta esperimentuei eta haien emaitzei buruzko galderak eta ekarpenak egin zituztela.