Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

Irudia

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

GOTZON GARATE BEKAREN IV.DEIALDIA

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/09

Elgoibarko Udalak, Gotzon Garate izeneko beka sortu zuen 2009an, euskararen arloko ikerketa sustatzeko, eta aldi berean, idazle eta euskalari elgoibartarrari merezitako aitorpena egiteko. Aurten, Elgoibarko Udalak bekaren IV. deialdia egin du, eta ikerketa esparrua edo gaia ondorengoa da: “Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara”.

Bekaren helburua izango da Elgoibarren bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonek euskararekiko eta euskal kulturarekiko dituzten pertzepzioak aztertzea eta hizkuntza integrazioan laguntzeko, etorkizunean egin litekeen esku-hartzean kontuan hartu beharreko gakoak identifikatzea.

Beka deialdia GAOn argitaratu da 2022ko martxoaren 7an, eta proposamenak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, hau da, 2022ko apirilaren 7ra artekoa. Beka hori arautzen duten oinarriak eta bekaren zabalkunderako eskuorria, eranskin gisa, helarazten dizkizuegu.

Eskabideak eta dokumentazio osagarria Elgoibarko Udalaren Arreta Zerbitzuan (HAZ, Santa Ana kalea 2, 20870 Elgoibar) aurkeztu beharko dira, edo bestela, modu telematikoan, https://uzt.gipuzkoa.eus/home.do?De=EU032127292 estekan.

Babesleak

Babeslea

Irudia

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook