Berriak

COVID-19 osteko Europaren eraldaketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/07

Irudia

Joxerramon Bengoetxea.

EHUguneko arduraduna, Zuzenbidearen Filosofia arloko irakaslea eta International Master in Sociology of Law Masterreko zuzendaria.

“Ixilik geratzen diren horietako bat ez zenez, Rieux doktoreak erabaki zuen bukatzear dagoen narrazio hau idatziko zuela, izurrian eroritakoen aldeko lekukotza emateko, gutxienez eurek jasandako bidegabekeriaren eta bortxakeriaren oroitzapena gera zedin, eta, besterik gabe, izurritean ikasten dena esateko, alegia, gizonengan gauza miragarri gehiago dagoela mespretxugarri baino.”

(Albert Camus. Izurria, 1947. I. Tapiak 1993an itzulia, moldatua).

Nolakoa izango da birusondoko Europar Batasuna? Campusak egindako galderari erantzun nahian, lehenbizi, nireak egin nahiko nituzke Camusen berbak, birusa gertutik nozitu duten pertsonak oroituz eta omenduz. Europa osoan irudi belikoa nagusitu da. Alarma egoerak ezartzerakoan pandemiaren aurkako neurriak gerra gisa aurkeztu dizkigute Euskal Herrian jauntzen diren bi Estatuetako arduradunek, Macronek eta Sánchezek. Gudaldia bada, zilegi begit gerraosteaz idaztea. Europa, kontinente edo kulturgunea baino, erakundetutako Europa, larunbat honetan bere eguna ospatzen duena, bigarren mundu gerraostean eraiki zen, bakea helburu. Marshall Planak (1948) eman zion hauspoa, ekonomia eta finantza alorretan, eta Schuman planak erakundetu.

Egun, ideia horiek berriro datoz gugana, eta ez alperrik. Europar Kontseiluak berak, 2020-04-23ko tele-gailurrean, Marshall plana espreski aipatu du Roadmap for Recovery, sendabiderako gida, idazkian. Jakina denez, orduan, Ameriketako Estatu Batuek jarri zuten dirua: Europa suntsituta zegoen eta birreraiki behar zen. Baina oraingoan sosak nork jarriko ditu? EBko Batzordeak ekintza planaren zehaztasunak eta Funtsa berriaren kopurua (1,5 B€?) eta nolakotasuna (maileguak, laguntzak, bonoak, baldintzak...) ezagutu bitartean, badakiguna da birreraikuntza esfortzuak europarrok egingo ditugula, Alemaniako Konstituzio Auzitegi Federalaren baimenaz. Ordainduko dugu bai, baina gurea ez den kontua zergatik ordaindu behar dugun ahaztu gabe. Non daude ardurak birusaren sorburu lokala, hedakuntza globala eta gu guztion bizitza kalitatean eragindako kaltean? EBk Txinaren edota Munduko Osasun Erakundearen atean joko al du balizko erantzukizuna eta kalteordaina eskatzeko? Izurrian bezala, pandemiaren narrazioen inguruan munduko blokeen lehia martxan dago jada.

Europar Kontseilua jabetu da egoera ez dela business as usual, gauzak aldatu beharko direla. Zelan, baina? Europa osoan sendabidea simetriko eta orekatua lortzeko hiru printzipio zaindu behar dira: elkartasuna, kohesioa eta konbergentzia. Barneratzaile eta hiritarrok ahaldunduta (co-owned) behar du izan, eta horretarako eragile ororekin kontsultatua, etengabeko elkarrizketa zabalean, maila-anitzeko gobernantza partehartuan. Halaber, sendabidean, EB-k ez luke bere nortasuna galdu behar. Berezko dituen balorei, giza eskubidei eta zuzenbidearen aginteari eutsi behar die, subsidiaritatea zainduz eta koordinakuntza eraginkorra eskainiz. Asmoa da guztiontzat onuragarri den merkatu bateratua babestu, nazioarteko sistema aldeanitzekoa arauetan oinarritu eta truke-fluxuak eta hornidura bideak berreskuratzea.

Hona gidak lehenesten duen premia: bideragarri diren enpresen porrota eragoztea, bertako lanpostuei eutsiz. Helburu bikoitza, laguntza irmoa eskatzen duena. Horretarako finantza sistema prest egon behar da, arlo publiko zein pribatuko inbertsio eta subentzioak areagotuz. Krisi honetan jabetzen ari gara europar ekonomiak eta gizarteak sekulako dependentzia dutela kanpokoarekiko, ez bakarrik argindarraren edo lehengaien esparruan, baita oinarrizkoak diren produktuak eskuratzerakoan ere. Hornidura, azpiegitura eta balio-kate estrategiko sendoak Europan bertan birkokatu behar dira, ez atzerrian. Lehiakorrak bai, baina burujabe ere bai, funtsezko zerbitzu eta gaietan, sendagaietan, jakietan, tresnerian. Inbertsioen tamaina ere itzela izango da ekonomia osoa berpiztu eta eraldatuko bada. Laguntza publikoak eta aurreko krisialdian muturtutako konbergentziazko (zorra eta defizit publikoa) irizpideak ere malgutu beharko dira.

Hortaz eraldaketa itzelaren ideia, Karl Polanyi gogoan dugula. The Great Transformation 1944an argitaratu zen, Marshall Plan edo Izurriaren garaian. Europaren oraingo eraldaketa berdea, digitala eta zirkularra izango da. Green New Deal-erantz abiatzea da gakoa eta hartu beharreko neurriek (enpresen sustengoan kasu) ezin dute atzerapausorik suposatu. Ez luke zentzurik izango, adibidez, erregai fosilak ibiltzen dituzten arloei laguntzak ematea, lehengo joerara itzuliz. Klima aldaketaren, hondamendi nuklearraren edo aztarna ekologikoaren erronkak edozein birusenak baino askoz ere zailagoak dira. Ekonomia digitala ere apustu sendoa da, ekonomiak eta gizarteak online lan egin ahal izateko egokitzea (ekoizpen, ikerkuntza, garraio, komunikazio zein zerbitzuetan) balizko hurrengo bakartze neurriei aurre egiteko tenorean egon daitezen. Gurean, UPV/EHUn, ulertu dugu. Azkenik, ekonomia zirkularrak suposatzen du ahalik eta gertuen ekoiztea, ahalik eta hondakin gutxienekin, lehengai eta energia gutxien erabiliz. Eraldaketa honek beste bi fronte babestu behar ditu, hots, lurralde oreka ekonomiko-soziala eta landa garapena (nekazal politika komuna). Hau guztia finantziatu beharko da Berreskurapenerako Funtsa eta tresna berriekin (eurobonoak akaso?) eta ezbaian dagoen urteanitzeko finantza esparruan jaso beharko da (zazpi urtetarako aurrekontuak). Horra gure Marshall plan berria gidaren arabera. Baina munduko lurralde askotan pandemia lehendik zekarten goseteari gehitu zaio, eta elkartasun globala eskatzen da, ozenki. Espero dezagun Camusen Rieux doktoreak Europar Batasunean, europarrengan, gauza miragarri gehiago topatzea mespretxugarri baino.

Ekitaldiak