Azokak eta ekitaldiak

UPV/EHUren XV. Zientzia Astea

UPV/EHUren XV. Zientzia Astea zientzia eta teknologiaren urteroko hitzordu gisa finkatu da

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astea Europar Batasunak bultzatzen duen eta urtero egiten den ekimena da. Ekimen horren xedea da herritarren artean kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerei dagokienez. Ekimen hau nazioartean antolatzen den zabalkunde zientifikoko ekimenik garrantzitsuena da, eta duela hamabost urte baino gehiagotik hona Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak parte-hartze aktiboa dauka. 2003. urtetik hona, etenik gabe, UPV/EHUk bat egiten du, azaroan, Europako Zientzia Astearen ospakizunarekin. 

UPV/EHUren hamabosgarren Zientzia Astea, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak "harrera oso ona" jaso du adin guztietako jendearen aldetik, eta horrek erakusten du euskal gizarteak zientzian, teknologian eta berrikuntzan duen interesa geroz eta handiagoa dela. Gogoratu, UPV/EHUren Zientzia Astea azaroaren 4etik 8ra bitartean egin dela hiru hiriburutan. Bost egun horietan ekimen honen hiru egoitzetara, Bizkaia Aretoa, Bibat Museoa eta San Telmo Museora, makina bat herritar hurbildu dira, eta nabarmentzekoa da 136 ikastetxetatik etorritako 6.000 ikasletik gora izan direla Zientzia Asteko stand zientifikoen azokan, eta 2.630 lagunek hartu dutela parte tailer eta txangoetan. 

Edizio honetan, UPV/EHUk antolatu duen zientzia, teknologia eta berrikuntzaren astearen eskaintza, laburbilduta, honako hau izan da: 45 stand (19 Bilbon, 14 Vitoria-Gasteizen eta 12 Donostian), 33 tailer (14 Vitoria-Gasteizen, 11 Bilbon eta 8 Donostian), 21 txango (11 Vitoria-Gasteizen, 7 Bilbon eta 3 Donostian), bi lehiaketa eta lau zientzia-ikuskizun eta Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen egitarau arrakastatsua.