NEVERA_SOLIDARIA_BALANCE 2017.05.12 es

Elikagairik ez xahutzea helburu

UPV/EHUk ontzat jo du elikagaiak xahutzearen kontrako Hozkailu Solidarioaren funtzionamendua, urtebete baino gehiago Ostalaritza Eskolarekin eta Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearekin elkarlanean aritu eta egunean 15 erraziotik gora banatzen jardun ostean.

Hozkailu Solidarioaren balantze oso ona

Irudia

2016ko urtarrilean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, Leioako Ostalaritza Eskolarekin eta GBGE Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearekin batera, Hozkailu Solidarioa jarri zuen abian, unibertsitateko jangelan elikagairik ez xahutzeko eta hondakin gutxiago sortzeko helburuz. Urtebete baino gehiago igaro da ordutik, eta oraindik ere 10 eta 20 errazio artean ematen dira egunero; gainera, egitasmoaren balantzea eta etorkizuna positiboa eta oparoa da.

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak egindako proposamen baten harira sortu zen hozkailua, eta Ostalaritza Eskolak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere babestu zuten. Hasieran, hozkailua eskolako Liboa kafetegian kokatu zen, eta bertan jartzen ziren jaki guztiak berehala kontsumitzen ziren, leku onean zegoelako. Ordea, instalazioak hobetu eta zaintzeko udan egin ziren lan batzuen ondorioz, hozkailua buffet jantokira eraman zuten (ALKATENE), eta hantxe dago oraindik ere, bere helburua betetzen: "jakirik ez xahutzea". Ostalaritza Eskola arduratzen da egunero 15:00etatik aurrera elikagaiak jartzeaz, eta hozkailua 08:00etatik 20:00etara egoten da zabalik. Aurten, gainera, kafetegiko sandwichak eta pintxoak ere sartu dituzte.

Estibaliz Sáez de Cámarak, Unibertsitateko Iraunkortasunaren arloko zuzendariak, hauxe adierazi du: "Errazioen kopurua baino, gehiago hartzen dugu kontuan eskaintza eta eskaria orekatuta egotea, eta, alde horretatik, Eskolak oreka hori bermatzen digu, gutxitan sobratzen edo falta izaten baita jatekoa". Bestalde, UPV/EHU mota horretako proiektu bat sortu eta lantzen duen lehendabiziko unibertsitate erakundea da. Proiektuarekin, hain zuzen ere, sobera dauden elikagaiak aprobetxatzen dira, xahutu beharrean; izan ere, gehienetan erabat aprobetxa daitezke.
"Ostalaritza Eskolako irakasle eta ikasleen ahaleginari esker funtzionatzen du Hozkailu Solidarioak, haiek arduratzen baitira egunero-egunero hozkailua betetzeaz eta garbi edukitzeaz", esan du Sáez de Cámarak. Ildo horretatik, Ostalaritza Eskolako irakasle Leire Erauskinek azaldu du ikasleei jardunbide egokiak irakatsi behar dizkiegula arazo honen inguruan kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta esan du hozkailua baliabide ona dela hainbat balio garrantzitsu transmititzeko, hala nola erantzukizuna, iraunkortasuna, solidaritatea eta inguruarekiko begirunea.

GBGEk esan duenez, Ostalaritza Eskola arduratuta dago egunero sortzen dituen soberakinak zaborretara ez botatzearekin, eta horregatik sortu zen hozkailua, botatzen diren janari horiei irtenbide duina emateko. Lara Cobosek, eskolako komunikazio arduradunak, honako hau azaldu du: "Proiektua ezin hobeto ari da funtzionatzen, eta uste osoa dugu oraindik eta gehiago zabalduko dela; balorazioa oso positiboa da". Galdakaoko elkarteak 13 hozkailu ditu jada, estatu osoan banatuta.

Euskal Herriko Unibertsitateko Iraunkortasun Zuzendaritzak adierazi du gizartearekin eta garapen iraunkorrarekin dugun konpromisoarekin lotutako beste ardura bat gehiago dela hozkailuaren proiektua. Era berean, halako egitasmoen bidez, irtenbideak eman nahi dizkiete gizartearekin, kulturarekin eta ingurumenarekin lotutako erronkei, eta, "keinu txikiak diren arren", seguru daude parte hartzen dutenen prestakuntza izugarri aberasten dutela eta gizarteari onura handia ekartzen diotela.

Etorkizunari dagokionez, esan dute ez dutela bazter uzten epe ertainera hozkailu gehiago jartzeko aukera, eta oraintxe bertan beste egitasmo batzuk martxan jartzen ari direla, "gizarte modernoaren arazo eta erronken inguruan sentsibilizatzeko, gogoeta egiteko eta kontzientzia hartzeko".
 

 

Erabiltzaileak

Irudia

"Hozkailua edonork erabil dezake, hala unibertsitateko kideek nola Ostalaritza Eskolara datozen beste pertsonek", azaldu du Iraunkortasuneko zuzendariak. Horrela, bereizketarik egin gabe, edonork har dezake nahi duen hori: bigarren platera, azkenburukoa… Dena dela, batez ere unibertsitateko kideek erabili ohi dute Hozkailu Solidarioa.

Halere, unibertsitateko komunitateaz kanpoko pertsonek ere erabiltzen dute zerbitzua, handik igarotzen badira eta premia badute. Erabiltzaileen anonimotasuna dela eta, ez dago erregistrorik, baina bistakoa da hozkailuko elikagaiak nahiko erregularki kontsumitzen direla.