Cabecera-SEM-i3

Mugikortasunaren Europako Astea

i3-GIH 11

Eduki publikatzailea

UPV/EHU k brontzezko domina jaso du 2016ko Mugikortasun Jasangarriaren Asteko sarietan

Irudia
Argazkia: Sergio Seoane eta Valvanera Ulargui. Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa

 

Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak brontzezko domina eman dio Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) 2016ko Mugikortasun Jasangarriaren Asteko Espainiako sarietan, Enpresak eta erakundeak kategorian, "bertako kideen artean mugikortasun jasangarria sustatzeko hartutako konpromisoarengatik eta neurri zabalengatik".

 

Urrezko domina Iberdrola enpresak jaso du eta zilarrezkoa, berriz, Jaengo Diputazioak eskuratu du. Sari banaketaren buruan Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko zuzendari nagusi Valvanera Ulargui izan da, eta berak eman dio hirugarren saria UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikasleen zuzendari Sergio Seoaneri.

2016ko Mugikortasun Jasangarriaren Asteko sariak Mugikortasunaren Europako Astearen baitan banatu dira, eta aurtengo leloa "Mugikortasun adimenduna. Ekonomia indartsua" izan da. Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko zuzendari nagusiaren hitzetan, sariok "mugikortasun jasangarriaren garrantziaren berri ematen eta Mugikortasunaren Europako Astean parte hartzen duten udal, enpresa eta gizarte-erakunde guztien etengabeko ahalegina aitortzen eta babesten laguntzen dute".

Euskal Herriko Unibertsitateak aurten ere, Mugikortasunaren Europako Astearen baitan, jarduera plan zabala antolatu du campus bakoitzean, eta lan hori aitortu du Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren sari honek. Auto konbentzionala erabiltzearen alternatiba ezberdinak ikusgai jartzeko egindako ekintzen artean honako hauek nabarmentzen dira: bizikleta ibilaldia, argazki lehiaketa, bizikleta tailer eta stand bat eta ibilgailu elektrikoen erakusketa. Bestalde, UPV/EHU etengabeko kontzientziazio lana egiten ari da jendeak bizikleta erabil dezan –bizikletentzako aparkalekuak jarri ditu– eta autoa parteka dezan, eta, esate baterako, okupazio handiko ibilgailuentzat aparkalekuak jarri ditu unibertsitateko komunitateak erabiltzeko.

"Sari honek gure campusetan mugikortasun jasangarriagoa lortzeko egiten ari garen ahalegina aitortzen du", azpimarratu du UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikasleen zuzendari Sergio Seoanek.